Eliza Sainz de Murieta: “Ez da etorkizuneko kontua; klima aldaketa gertatzen ari da”

Duela zenbait urte bestelako iritzirik bazen arren, egun inork ez du zalantzan jartzen planetan klima aldaketa nabaria gertatzen ari denik. Batez besteko tenperatura igotzea edo bioaniztasuna galtzea klima aldaketaren adierazle orokorrak dira. Dena den, klima aldaketak ekar ditzakeen kalteak askotarikoak dira leku batetik bestera. Horiek aztertzeko tartea hartu dugu datozen minutuetan Eliza Sainz de Murieta geologo eta BC3-ko ikerlariekin.

Klima aldaketa edo klima larrialdia esan beharko genuke?

Biak erabili ditzakegu. Klima berez aldatzen ari da, baina, nolabait, klima aldaketari aurre egiteko premia daukagu. Bi kontzeptu pareko dira eta biak erabili daitezke.

BC3-ko ikerlaria zaitugu, eta, ikus-entzulea kokatze aldera, kontatuko diguzu zer den BC3?

BC3 ikerketa zentro bat da eta 2008an Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sortu zen. Orduz geroztik, klima aldaketaren arrazoiak eta baita konponbideak aztertzen ditugu diziplina askotariko ikuspegiekin. Biologoak, ekonomialariak, ingeniariak… gabiltza lanean, klima aldaketak hainbat esparrutan dauka-eta eragina, eta horregatik hainbat esparrutatik begiratzen diogu.

Beraz, ikerlari asko dabiltza bertan…

70 ikerlari gabiltza. Hainbat ikuspegitatik, baina denok dugu klima aldaketa gure ikerketaren erdigunean.

Klima aldaketak zientzia ezberdinak zeharkatzen ditu?

Noski. Alde batetik, arlo fisikoa dugu, klima sistemaren ikerketa, baina gero, ondorioek gizartean eta gure sistema sozioekonomikoan dute eragina, eta hori ere aztertu behar da. Horren sorrera gure ekintzen menpe dago; beraz, gizakia ere aztertu behar dugu.

2020a oso beroa izan da Europan, Artikoan suteak gertatu dira…

Bai; goranzko joera ikusten dugu. 2020a Europan bereziki beroa izan da. Mundu mailan 2016arekin alderatu daiteke, baina oraingoan ikusi dugu, nolabait, Artikoan horrelako prozesu bereziak eta tenperatura bereziki altuak gertatu direla. Horiek dira atentzioa edo alerta ematen digutenak. Prozesuak aurrera jarraitzen du, ez dezagun ahaztu.

Tenperatura klima aldaketaren adierazle bat da; baina zeintzuk gehiago hartu beharko genituzke kontuan?

Dagoeneko ez dugu esaten beroketa globala, ez delako tenperaturaren arazoa bakarrik. Klima osoaren aldaketa gertatzen ari da. Eta argiena tenperaturarena da. Galdetzen digutenean klima aldaketa geratzen ari den edo ez, gehienok esaten dugu tenperatura igotzen ari dela. Baina badaude beste adierazle batzuk. Hor ditugu izotz geruza handietan, hedadura eta baita zabalera mailan, gertatzen ari diren aldaketak. Baina Euskal Herrian, adibidez, ez da tenperatura igoera bakarrik, prezipitazio erregimenaren aldaketak gertatzen ari dira. Batzuetan, bortitzagoak dira; eta beste batzuetan, ur eskasia izan daiteke. Itsas mailaren aldaketa adibide argia da, sentitu daitekeen aldaketa delako. Berez, hori tenperatura adierazle bat da, baina horrek sortzen ditu klima sisteman beste hainbat desoreka.

Klima jada aldatu da. Ez da aldatuko dela, baizik eta dagoeneko aldatu dela.

Klima aldatzen ari da, baina bai, zentzu horretan ez da gauza bat etorkizunean gertatuko dena. Aldaketa batzuk dagoeneko gertatu dira. Adibidez, munduko batez besteko tenperatura XIX. mendearekin alderatuta dagoeneko 1,2 gradu igo da. Batzuek pentsatuko dute 1,2 gradu ez dela hainbeste; baina guk jartzen dugun adibidea sukarrarena da. Gorputzeko tenperatura gradu bat igotzen denean sukarra dugu eta ez gara ondo sentitzen; bi gradu igotzen denean kezkatzen hasten gara eta botikak hartzen ditugu; hiru gradu edo lau gradu igotzen denean ospitalera goaz. Klima aldaketarekin antzeko gauza bat gertatzen da. Gradu batek askorik ez dirudien arren, atzetik gauza asko geratzen ari diren seinale da.

Gainera, irakurri dugu tenperaturaren igoerak gizakiongan eragina izan dezakeela, ezta?

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bero boladak dira muturreko gertakari arriskutsuenak; zergatik? Ez direlako ikusten. Uholdeak ikusten dira gertatzen dena ikusten delako, eta sortzen den kaltea ikusi egiten da. Bero boladen kasuan, ez da nabaritzen. Aste honetan agertu den ikerketaren arabera, Europan, adibidez, hildakoen heren bat beroarekin erlazionatutako klima aldaketaren ondorio izan litezke. Ez da muturreko tenperatura bakarrik, baizik eta bero tarte luzeagoak izango direla. Osasunean garrantzia du gaueko tenperaturak. Freskatzen ez badu, gure gorputzak ez du deskantsatzeko tarterik.

Ahalik eta tenperatura igoera txikiena izaten ahalegindu behar dugu

Kezkatzeko modukoa da itsasoaren maila zenbat igotzen ari den. Euskal Herrian, kontuan izanda kostaldea dela gure herrialderen zati handi bat, igo eta igo dabil…

Itsasoaren igoera aspalditik neurtzen ari dira. Geologoek neurtzen dute adierazle fosilen bidez eta mareografoek ere neurtu dute igoera. 80ko hamarkadatik hona satelite bidez neurtzen da. Ikusten ari garena da lehen aipatu dudan XIX. mende amaieratik hona itsas maila dagoeneko hogei zentimetro inguru igo dela. Are gehiago igoko dela aurreikusten dugu. Zenbat? Hor hainbat agertoki daude, aurrera eramaten ditugun politikak eta isurpen murrizketen arabera. Horren arabera, egoera izango da hobea edo okerragoa.

Horrek izugarrizko eragina izan dezake gure lurraldean?

Bai. Kontuan hartu behar dugu ez direla hogei zentimetro horiek bakarrik, baizik eta itsas maila horren gainean gertatzen den guztia: denboraleak, muturreko olatuak… Kalterako aukerak handiagoak dira. Orain dela gutxi argitaratu zen IPCCren txosten batek esaten zuen, gaur egun, 100 urtean behin gertatzen diren muturreko kostaldeko gertakariak mende amaieran gertatu zitezkeela urtero edo hamar urtean behin. Beraz, maizago gertatuko dira lehen ikusten genituen muturreko gertakari horiek.

Erabakiak hartzeko larrialdia dago. Oraindik ere aldaketa horietako batzuk gelditu daitezke?

Azken boladan asko galdetzen didate, baina garaiz gaude? Bai, garaiz gaude. Oso argi utzi nahi dudan mezu bat da. Gaur egun, Parisko Hitzarmenaren baitan badaukagu munduko batez besteko tenperatura igoera 1,5 edo 2 gradura mugatzeko helburua. Zientzialariek oso argi dute: gure ahalegina izan behar da ahalik eta tenperatura igoera txikiena izatea, are eta inpaktu txikiagoak jasateko.

Planeta osoari eragiten dion arazoa da; beraz, hor ere geopolitika sartzen da jokoan? Herrialdeen interesak?

Bai; azkenean, kontuan hartu behar dugu isurpenak leku guztietan geratzen direla eta atmosfera bakarra dagoela. Pentsa dezagun bainuontzi batean: txorrota zabaldu eta bainuontzi berera isurtzen dira berotegi efektuko gas guztiak; beraz, guztion erronka da isurpen horiek murriztea. Eraldaketa horiek sortuko ditu aukera batzuk, baina kostu batzuk ere bai. Eta hor, herrialde bakoitza lantzen ari da nola egin dezakeen trantsizioa ahalik eta kostu txikiagoan.

Hor dago borroka politikoa?

Hor dago koska. Herrialdeen arteko lehiakortasuna nola mantendu klima aldaketari erantzunez.

Aldaketa estrukturalak egin behar dira? Pentsamolde aldaketa?

Gaur egun, isurpenak Euskal Autonomia Erkidegoan bi arlo nagusitan sortzen dira: energian eta garraioan. Beraz, aldatu egin behar dugu energia nola sortzen dugun, nola kontsumitzen dugun eta nola mugitzen garen. Horiek dira arlo nagusiak guretzako. Horrek eskatzen du eraldaketa bat, trantsizio bat. Trantsizio energetikoa edo trantsizio ekologikoa. Eraldaketak garrantzitsuak dira eta ezin dira egun batetik bestera egin, denbora behar dute.

Norbanako moduan egin dezakegu aldaketarik edo aldaketa handiagoak egin behar dira?

Norberak hartu dezala dagokion ardura. Bakoitzak hausnartu dezake nola mugitzen garen, ze energia kontsumitzen dugun, gauzak hobeto egin ditzakegun, bertoko produktuak lehenesten ditugun edo ez… Baina trantsizioan laguntzeko benetako eraldaketak politika publikoen eskutik etorri behar du.

Mendean behin gertatzen diren muturreko gertakariak urtero gertatu ahalko dira

Aipatu duzu Parisko Hitzarmena. Garrantzitsua da AEBak eta Txina bertan egotea. Izan ere, herrialde kutsatzaileenak dira…

Joe Biden etorri denetik oso helburu ausartak eta beharrezkoak aurkeztu dira, batez ere, Amerikako Estatu Batuetatik, eta hori berri ona da. Azkenean, eurak dira eragile nagusiak. Parisko Hitzarmena epe ertainerako bide-orri bat da. 2015ean onartu eta 2016an indarrean sartu zen, baina orain, garatu egin behar da. 2020tik aurrera da benetako Pariskoa Hitzarmenaren txanda gauzak aurrera eramateko. Parisko Hitzarmenarekin ulertu behar duguna da ez dituela goitik beherako helburuak zehazten; hau da, helburu orokorra da munduko tenperatura igoera murriztea. Behin hori adostuta, herrialde bakoitzak erabakitzen du zein den bere konpromisoa. Behetik gorako arkitektura bat da. Baina batzen baditugu herrialde guztiek egindako konpromisoak, oraindik ez gaude Parisko Hitzarmenaren helburua betetzeko prest. Helburua mende amaieran betetzea litzateke. Hau da, 2100erako munduko batez besteko tenperatura igoera hori bi gradutik behera egotea.

Askotan, 2100erako kontuak entzuten ditugu, eta, agian, oso urrun geratzen zaizkigu?

Hori da klima aldaketaren arazo handietako bat. Esaten ari gara hau gertatu daitekeela etorkizunean, eta orain beste lehentasun batzuk ditugula; pandemia baten erdian gaude, arazo ekonomikoak ditugu… Baina konturatu gara izugarrizko eraldaketak behar ditugula eta hori ezin dugula egun batetik bestera egin. Garraioaren elektrifikazioa bultzatu behar badugu datozen hogei urteetan ezin dugu egun batetik bestera egin; planifikatu egin behar da, eta gero, sistema osoa eraldatu. Gauza bera energiarekin, hori ezin da egin 2050ean, ezin dugu itxaron. Ordurako, bi graduak gaindituta izango ditugu; beraz, neurri batzuk gaur hartu behar dira. Hori zaila da ikustea, baina konturatzen gara. Epe luzeko plangintzak exijitzen du gaur erabaki batzuk hartzea.

Konpromisoak hartzea ondo dago, baina paperean sar daitekeena gero bete egin behar da? Betetzen ez denean, zer?

Aurreko hitzarmenean helburuak bete behar zirela aurreikusita zegoen. Gero, herrialde batzuek ez zituzten helburuak bete. Orain, talde-lanean gaude, eta denok egiten ditugu ekarpenak. Badakigu mahai gainean dauden ekarpen horietan, oraindik, bi graduko muga gainditzen dugula. Baina ez dago zigortzeko modurik. Ahaleginak izan behar du laguntzea eta batak bestearen elkar laguntza horretan bultzada ematea. Trantsizio hau aukera bat bezala ikusi behar dugu. Adibidez, gaur egun, enplegu berde gehien sortzen ari den herrialdea Txina da. Lehiakortasunerako aukera bilakatuko da, eta uste dut herrialde industrializatuak ez direla atzean geratuko, lehiakortasun aukera bezala ikus dezaketelako. Kontuz ibili behar dugu aukera gutxien dituzten herrialde horiei nola laguntzen diegun trantsizio honetan.

Kontua ez da izango gure herrialdetik kendu beste batera eramateko?

Gaur egun, isurpenak neurtzen dira mundu osoan zehar eta lortu behar duguna da murrizteak izatea. Batez ere, herrialde industrializatuen esku dago hori, gu izan garelako ekarpen handiena egin dugunak; nolabait, arazo hau sortu dugunak. Baina herrialde handi batzuk –Txina, India edo Brasil– asko hazten ari dira eta euren ekarpena handitzen ari dira.

2020a oso urte ezberdina izan da. Etxean egon ginenean, hirietako kutsadura jaitsi egin zela irakurri genuen. Eragina izan zuen emisioetan, esaterako?

Bai, eragina izan du; baina gogoratu bainuontzia. Txorrota pixka bat itxi dugu, baina ura hor gelditu da. Itxi egin dugu hilabete batzuetan, baina gero, berriro ireki dugu. Ekonomia berriro zabaltzen hasi da. Honekin esan nahi dudana da ez duela balio horrelako neurri puntual batek. Egiturazko neurriak hartu behar dira.

2021ean, ez du beldur pixka bat ematen ekonomia berpizteko edozer egin dezakegula?

Bai, kezka hori badago. Baina esan behar da, adibidez, Europak hartu duen bide-orria itun berdearekin eskatzen duela klimarekin lerrokatuta egotea. Mezua hurrengoa da: ezin dugu arazo bat konpondu beste arazo bat okertuz. Gainera, ebidentziak badaude, ikerketak egon direlako urte honetan esanez aukera dagoela pandemiari eta, aldi berean, klima aldaketari aurre egiteko.

Koronabirusak eragina izango du klima aldaketan?

Koronabirusak, berez, ez. Ikasketa batzuk atera ditzakegu, ez klima aldaketarako bakarrik; seguru aski, beste hainbat arlotan ere bai. Baina, berez, ez dut ikusten eraginik izango duenik. Lehen aipatu dugun isurpen murrizketa puntual hori kenduta.

Bestalde, zer desagertzen ari da glaziarrekin?

Ekosistema oso urrakorrak dira eta glaziarren atzerakada nabarmena ikusten ari gara mundu osoan. Tenperatura gora doan heinean, euren egonkortasuna galtzen ari dira. Honek ze eragin izan dezake? Adibidez, ur baliabideetan, badaude komunitate asko ur baliabide horien beharra dutena. Gainera, ur hori itsasoratu egiten da, eta horrek ekarpena egiten dio itsas mailaren igoerari.

Aurten, COP26 Glasgown izango da. Ze inportantzia du horrelako bilkura batek?

Horrelako goi bilera batean onartu zen Parisko Hitzarmena. Urtez urte bertan hartzen dira erabaki garrantzitsuak. Parisko Hitzarmena, azken finean, testu bat da, eta gero, garatu egin behar da. Eta garatzeko, arauak definitu egin behar dira. Arauen liburua deitzen dena dago, eta hor esaten da nola aurkeztu behar diren helburuak, nola egin neurketak, eta abar. Horrelako goi bileretan adosten dira ikusten ez diren gauza garrantzitsu txiki horiek. Kasu honetan, bereziki garrantzitsua da, 2020an ez zelako goi bilerarik egin. 2020a urte garrantzitsua izan zen, Parisko Hitzarmenak aurreikusten baitzuen urte hartan herrialdeek euren konpromisoak berritu behar zituztela. Dagoeneko iragarpen on batzuk egin dira.

Nolakoak dira horrelako goi bilerak? Bilerak eta bilerak?

Hainbat arlo daude; berez, arlo teknikoak. Eta herrialdeek negoziatzen dutenean, testuak hitzez hitz begiratzen dituzte. Horren inguruan aktibitate handia izaten da.

Azkena, Madrilen, jendetsua izan zen…

Urteak pasa ahala handituz joan dira. Glasgowkoa ez dakit nolakoa izango den egoera dela eta. Alde batetik, arlo teknikoa dago; eta, bestetik, gaiak jorratzen diren eta bozkatzen diren gunea. Baina badaude beste hainbat saio non aurkezten diren planak, neurriak… Zientzialarien elkarlanerako tokia ere badago, gobernuz kanpoko erakundeekin harremanak sendotzeko.

Beraz, goi bilera horietan, politikariez gain, zientzialariek eta bestelakoek ere parte hartzen dute?

Bai, parte hartu dezakegu.

Eta zer espero dugu Eskoziatik?

Glasgown espero dugu konpromiso horien zehaztapena. Zein herrialdek aurkezten dituzten konpromiso berriak. Txinak, Japoniak, Kanadak, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek aurreratu dituzte konpromiso batzuk, eta beste batzuk iritsiko dira hemendik eta azarora. Hor ikusiko da konpromiso maila, eta ea lortu dugun Parisko helburu horietara gehiago hurbiltzea. Bigarren helburu handia izango da arau horiek ixtea. Hor ñabardura batzuk gelditzen dira adosteko. Horiek itxi beharko dira. Beste helburu bat finantzaketa ere izan daiteke.

Klima aldaketari aurre egiteko inbertitu egin behar da?

Batez ere, garatzeko bidean dauden herrialdeetan. Horiek nola egingo diote aurre erronka honi, oraindik hainbat gabezia badituzte… Beraz, finantzaketa ardatz nagusi bat izan daiteke.

Kontzientzia izan behar dugu, denoi eragiten digulako klima aldaketak…

Bai; bakoitzak dagokiona egin beharko luke. Ezin dugu ahaztu inpaktuak tokian toki gertatuko direla eta horiei aurre egiteko herri mailan gauza asko egin daitezkeela. Klima aldaketaren aurkako politika tokian toki egin behar da. Inpaktu batzuk Bilbon gertatuko dira eta beste batzuk, Donostian.