Elixabete Garmendia: “Euskarazko kazetaritzaren proselitista bat naiz”

Kaputxinoen Zeruko Argia-n hasi zen kazetaritzan. EITB multimedian hartu du erretiroa. Euskal kazetaritzako historia bizia. Bizi-bizia, hizketan hasten delarik. Ohi duenez, aho-bilorik gabe mintzatu da, mingain zorrotz bezain independentez.

JUAN KRUZ LAKASTA: Euskal Kazetarien Elkarteak saria eman dizu, zure ibilbide profesionalarengatik. Zer moduz daramazu?

ELIXABETE GARMENDIA: Nik sentitzen dudana da sari kolektibo bat dela, nolabait, ez dela nirea pertsonala bakarrik. Niri suertatu izan zaidana da kazetaritza ikasketak izan dituen eta, gainera, bizi osoa euskaraz lan egin ahal izan duen belaunaldikoa izatea. Horrek esplikatzen du saria. Bestetik, sentitzen dut halako mendeku txiki bat, euskarazko kazetaritzak historikoki jasan izan duen jazarpen eta gutxiespen horren aurka.

Halako sarietan jasan duenaz ari zara?

Halako sarietan eta, oro har, gizarte osoan eta estamentu askoren aldetik.

Etxean periodista izan nahi zenuela esan zenuelarik, kioskoa zabaltzeko esan omen zizuten…

Bai, baina hori gure aitaren txiste bat izan zen. Laguntza osoa izan nuen nire nahi hori betetzeko. Kontua da Goierrin, gure garaian jada ez, baina gure aitarenean, gerra garaian izango zen, periodista deitzen ziotela periodiko saltzaileari.

Unibertsitate ikasketak egiteko aukera izan zenuten, beraz. Garai haietan, ez zen gutxi…

Bai. Dena dela, oso txikitan konturatu nintzen kazetaria izan nahi nuela. Orain egun gutxi, saria dela eta, zorionak emateko idatzi zidan Nekane San Miguel epaileak, eta esan zidan berak gogoan duela 68an Leitzan izan ginela udaleku batzuetan. 15 urte genituen, eta han jarri omen ziguten gai modura handitan zer izan nahi genuen. Eta berak gogoratzen du nik berehala erabaki nuela zira bat janztea eta eskuetan koaderno bat eta boligrafo bat hartzea, kazetaria izango nintzela irudikatzeko.

Nafarroako Opus Deiren unibertsitatean hasi zinenean, sarrerako elkarrizketan, irakasle bati euskarazko kazetaritza egin nahi zenuela esan, eta batere etorkizunik ez zenuela erantzun zizun…

Irakasle on bat zen, Gomez Anton, baina bistan da ez zuela batere asmatu.

Opus Deiko irakasleak ez ezik, ikasle talde klandestinoak ezagutu zenituen Iruñean.

Orduan han, 71n, CENkoak zeuden: Comites de Estudiantes de Navarra (Nafarroako Ikasleen Komiteak). Izenari aire joteroa dario. Horren barruan bi korronte nagusi zeuden: ORT, batetik; eta troskoak, bestetik. Eta ni troskoen aldean jausi nintzen.

Zure bailaran, Ormaiztegi aldean, espainolista huts bihurtua zinela zabaldu zen.

Fama hori jarri zidaten. Goierrin, joera nagusia zen ETAren ingurukoa. Dena dela, bitxia da, espainolista nintzela esan arren bazirelako elkarlan eta uztarketak. Esate baterako, gogoan dut nola esplikatu nion behin taldetxo bati CEN nola zegoen antolatuta, ikasle talde bat jarri nahi zutelako martxan.

Politika eta Elixabete Garmendia aipatuta, berehala datorkit gogora Dolores Gonzalez Katarain Yoyes. Txikitatik ezagutzen zenuten elkar, ezta?

Klase berean izan ginen batxilergoa egiten, Ordizian. Orduan hasi genuen harremana.

Esatera ausartu ez bazinen ere, hasieratik sumatu zenuen haren hilketak kutsu matxista zuela.

Poliki-poliki joan nintzen susmo horri forma ematen. Yoyes izan zen une batean ETAko buruzagi, eta buruzagitza horretan sartu zen emakume bakarra. Gero, ETA utzi zuen. ETAk ez zion sekula barkatu disidentzia, ETA uztea eta Euskal Herrira etortzea. Pentsatzekoa da ETAn beste buruzagi batzuek gauza bera egingo zutela, denak ez ziren ETAko buruzagia izanez hilko, ETA utziko zuten, eta bizimodua beste modu batean antolatuko zuten. Nik dakidala, ez zuten sekula hil gizonezkorik hori egiteagatik. Zorionez diot. Yoyes, berriz, bai. Hasieratik nuen susmo hori, orain dela gutxi, bere egunkariari bueltaka aurkitu nuen, ez esaldi zehatza, baina bai ideia: ETA sentitzen zela abandonatuta emakume batek gizona uzten duenean bezala.


Nola dakusazu panorama, ETA desagertu eta gero?

Batzuetan, harritu egiten naiz nola ez garen gehiago akordatzen ETAren garai gogorrekin, batez ere. Naturaltasun ikaragarriarekin bizi dugu ETA bukatu izana. Dena dela, nik ikusten dut gelditu direla gauzak zintzilik, eta zintzilik dagoen arazo nagusia presoena da. Hori konpondu arte, Sarek dioenaren bidetik, ni, behintzat, ez naiz lasai eta eroso sentitzen.

Espainiako telebistan modako galdera da ea zenbat diru duzun. Euskaldunagoa, gureagoa izan daiteke politikoki zeure burua non kokatzen duzun galdetzea…

Betiere, segitzen dut ezkerrekoa izanez, eta abertzalea izanez. Dena dela, nik ez dut konpromisorik inongo alderdi politikorekin.

Kazetaritzan zeniharduen bitartean ez zenuen halako harremanik nahi, baina orain, erretiratu egin zara.

Baina segitzen dut kazetaritza egiten, eta benetan uste dut oztopo izango nukeela alderdi politiko batekin konpromisoa izatea. Beste erakunde batzuekin, izan ditzaket.

Zuretzat ezinbestekoa da distantzia hori, kazetariaren eta alderdien artean?

Niretzat bai. Oro har, nik ez dut arau bezala jarriko zu kazetaritzan zabiltzan bitartean ezin zarela inongo alderdi politikorekin konprometitu, baina bai gomendio modura.

Baina gero eta gehiago dira barrikadaren beste aldean diharduten kazetariak, alderdi politikoen kabineteetan eta.

Kabineteen puztea ikaragarria da. Kabinete horiek, normalean, komunikazio kabinete deitzen dira, eta onartzen diet hor profesio bat dagoela, eta eginkizun batzuk, eta batzuek oso ondo lan egingo dutela. Baina nik bereizketa bat egiten dut komunikazio horren eta kazetaritzaren artean. Hortaz, kabineteetako komunikazioa propagandarekin lotzen dut eta kazetaritza, aldiz, informazioarekin.

Argia aldizkarian lanean hasi zinelarik, askok zioten borroka hutsa zinela.

Nik uste dut erretrata desenfokatu samarra dela hori. Ez dut nire burua hor ikusten.

Elkarrizketa batean zure hitzetan irakurri dut hori, Zeruko Argia-n ibili zenuten ildo editorial berria zela kausa, EAJko hainbat kidek harpidetza bertan behera utzi zutela eta.

Testuinguru hartan beste gauza bat da, bai. Ni 76an sartu nintzen erredakzioan eta 80ra arte ibili nintzen hor. Euskal Herria borborrean zegoen, Franco hil berri. Eta Zeruko Argia bihurtu zen garaiko borroka guztien bozgorailu, amnistia eskaerarekin hasi eta segi sindikatuekin, hasi berria zen mugimendu ekologistarekin, feminismoarekin… Hori dena.

Euskal kazetaritza modernitatera eraman zenuten.

Hori ere bai. Forma aldetik ere egin genuen salto bat. Zenbaki zaharrak begiratzen hasi, eta konturatzen naiz zer-nolako balioa zeukan grafismo aldetik. Grafista pilo bat genuen inguruan, Olariaga eta beste asko. Urtebete oso batean, 1978an, aldizkariaren azal guztiak egin zizkigun Bixente Ameztoi pintoreak, eta ni, batzuetan, ez nintzen oso eroso sentitzen. Orduan, astekariek argazkiak zeramatzaten azalean, eta pentsatzen nuen: “Hau ez da astekari baten azala”. Gaur egunetik ikusita sekulakoa iruditzen zait.

“Euskal telebistako zuzendaritzan beti egon da jendea euskal mundua marroi moduan bizi duena”

Kolaboratzaileak ere sekulakoak ziren: Olariaga, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria… Ez zen erraza izanen halako azienda gobernatzea.

Zuzendari nominala nintzen, batez ere. Hiru etxeko andre ginen: Lourdes Auzmendi, Pilar Iparragirre eta hirurok. Koldo eta Ramon gobernatzea ez zen batere erraza. Beti berandu ibiltzen ziren. Astero itxaron behar izaten genuen aldizkaria inprentara bidaltzeko Koldoren eta Ramonen bi orrialdeak iritsi arte. Baietz astea gaizki bukatu eta Oh! Euzkadi egiten zituzten. Euskarazko kazetaritzan ez da egon halako kazetaritza literario-satiriko saiorik, maila horretakorik, harrezkero.

Inoiz aitortu duzu garai haietan akats bat egin zenutela: herrietako berriemaile sarea bertan behera uztea.

Damu naiz, bai. Ormaiztegin hau edo bestea hil da. Halakoak bidaltzen zizkiguten. Eta tokiko informazioa emateko modu anakronikoa iruditzen zitzaigun. Kentzea pentsatu genuen. Halere, berriemaile sare zabala zegoen. Bilera egin genuen, eta esan genien jarraitu nahi genuela haien laguntza izaten, baina haiek bidalitako informazioa prozesatuz. Ez genuen asmatu hori egiten. Arantza hori geratu zitzaidan. Eskerrak gero, 80ko hamarkadan, hasi ziren Arrasate Press, Ttipi-ttapa eta konpainia, tokiko informazioa lantzen, TTAP honetaraino, adibidez.

Berria-ko Edu Lartzagurenek dio euskarazko kazetari engaiatu bakoitzaren alboan soldata normala duen bikotekide eskuzabal bat dagoela.

Oraindik ere bai?

Salbuespen batekin: EITBko kazetariak.

Hor beste lagun hori ez da beharrezkoa, zorionez.

EITBn sartu zinen, oposizioak gainditurik, eta ofizioa berrikasi behar izan zenuen.

Oso telebista ikusle txarra izan naiz beti, eta oposizioa gainditzeko literatur telebisibo asko irakurri behar izan nuen. Behin sartuta, bideoak editatzen ikastea ikaragarri kostatu zitzaidan. Gazteek berehala ikasten zuten. Ni 30 urtetik gora nengoen, eta kosta egin zitzaidan. Dena dela, albistegietako eguneroko kazetaritza horri gustua hartu nion, honegatik: aurretik Diputazioan ibili nintzen euskara teknikari, eta han bazegoen gauza bat ezin eraman nuena, eta zen karpetetan paperak pilatzea. Zer zaila zen administrazioan paperei irteera ematea. Eta ETBn, berriz, egunero bota zenezakeen papera paperontzira. Hori gozatu ikaragarria izan zen niretzako.

EITBn hasi zinenean, telebista kate bakarra zegoen, euskarazkoa, eta, halako batean, Gorordok ETB2 sortu zuen. Zer ekarri zuen horrek euskarazko kazetaritzaren ikuspegitik?

Begi aurrean daukaguna: ETB1 ETB2ren senide pobrea da, garai batean neskame edo morroi bihurtzen zen senide pobre hori. ETB1en eta ETB2ren arteko harremana diglosikoa da, ETB2ren eta gaztelaniaren munduaren fabore, eta euskararen eta euskal munduaren kontra, oro har. Salbuespen txikitxo batzuk badaude. Asko pozten naiz programa txukun bat ikusten dudanean, eta egon dira 30etik gora urte hauetan. Baina sistemaren egitura hori da.

Eta hori, ia beti agintean indar abertzale bat egonda.

Bai, baina nik hor ikusten ditut faktore batzuk ETB1en eta ETB2ren arteko jokabidea den modukoa izatea eragiten dutenak. Bat, kalkulu politikoa. Telebistak egin behar duena da botoak arrantzatu. Eta hori non egiten da? Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren baitan populatuena dagoen gunean, hau da, Bilbo Handian. Beraz, hari begira egiten da Euskal Telebista; ETB2, nagusiki. Beste faktore bat da ETBk ez daukala inolako zentzurik benetan telebista publikoa izatearena, telebista publikoa izatea ez baita urtean behin maratoi filantropiko bat antolatzea. Telebista publikoak beste izaera eta jarduera batzuk eskatzen ditu: atzo bertan, kiroletan, Sergi Enrich Eibarko jokalariaren omenezko bideo bat eman zuten. Nik dakidala, Sergi Enrich auzibidean dago 2016an emakume bati  bideo sexual bat grabatzeagatik haren baimenik gabe, eta hori zabaltzeagatik. Nik ez dakit nola ametitzen duten Eibar taldean. Hasieratik ikaragarri harritu izan nau. Baina, gainera, zer eta orain omenaldi bideoa, eta hori euskal telebistak, telebista publikoak ematen du. Faborez!

Zer iruditzen zaizu EITBren ildo editoriala, oro har?

Orain dela urtebete ia, ELAren Alda aldizkarian elkarrizketa egin zieten Mirentxu Purroiri eta Mariano Ferreri. Mirentxu Purroyk esan zuen Euskal Telebista deitu ordez Arantza Tapia telebista dei zitekeela. Mariano Ferrerek, berriz, Teleberri pintxo areto bihurtu dutela. Eta nik bi esaldi horiek hartu eta bien arteko intersekzioan kokatuko nuke EITBren ildo editoriala, zoritxarrez.

Arazorik izan al duzu ildo editorial horrekin zure ibilbide profesionalean?

Nola esan? Beti saiatu naiz saihesten. Informazio politikoa utzi nuen, eta informazio politikotik bazterrera utzi ninduten une batean, garbi ikusten zelako ez nintzela horretarako pertsona egokia. Eta gero, oso aldi gogor modura baloratzen dut PSOEko Jaurlaritza egon zenekoa. Gurutzada bat egitera etorri ziren ETBra izendatu zituzten jefeak. Guk saio xume bat egiten genuen, Postdata, hiru minutuko erreportajeak, albistegiaren ondorenerako. Hartu eta hori kendu zuten gure aurkako irainak botaz. Gure Postdata kendu ondoren aldatu zuten eguraldiaren mapa. Beste egun bat dut gogoan, Sortu aurkeztu zutena, Bilbon, ordezkari politiko askorekin. Goiz batean aurkeztu zuten, eta eguerdi hartan Euskal Telebistak ez zuen ezer eman ekitaldi horri buruz. Albistegietako zuzendariarekin bilera bat genuen arratsalde hartan. Esan nion. Ez dut gogoan zer erantzun zidan. Pulamentuzkorik, ezer ez. Oso garai gogorra izan zen.

Berunezko urteetan, zubiak eraikitzen saiatu zineten, Bertatik bertara saioaren bidez. Polita litzateke hori berreskuratzea ETBn, baina herrietako berriemaileak herri ekimeneko hedabideetako kazetariak izanda. Posible ikusten al duzu?

Bai, horixe. Erabat.

Edo euskal esparru komunikatiboa adarbakar bat da, animalia mitologikoa?

Mitologikoa bada ere, heldu behar diogu. Bertatik bertara-ren aurretik, Euskadi directo izan zen, bi kateetan. Batean Maialen Iriarte zen aurkezle eta zuzendari, eta bestean Jose Mari Calleja. Ni Maialenekin nengoen, koordinatzaile. Momentu batean, hori kendu eta jefeek esan ziguten ETB1en ahal genuena egiteko. Horrela sortu zen Bertatik bertara. Zorte bat izan genuen: garai haietan informazio politikoa informatiboetan zegoen, gu hortik libre ginen, eta euskal mundua jorratzen hasi ginen. Hor aurkitu genuen feedback ikaragarria, eta horrekin batera ikusi zen posible zela beste saio klase bat egitea eta hor euskal munduko tentsio ikaragarria nolabait leuntzea.

Nolakoa izan beharko luke harremanak EITBren, Berria-ren, Argia-ren eta tokiko komunikabideen artean?

Osagarriak izan beharko lirateke. Argia-k oso argi dauka bere bidea: multimedia, alternatiboa. Berria egunkari konbentzional moduan -zentzurik onenean- asko ari da indartzen. Eta tokiko komunikabideak, bakoitzak bere esparruan duen presentziarekin. Izugarrizko aberastasuna da. Nola artikulatu batzuk eta besteak? Laguntza eskatzeko orduan, akordioa iritsi da. Bazen garaia. Bestelako sinergiak ere oso onak dira. Baina ez dut askorik idealizatzen. Hedabide bakoitzak bere izaera, bere nortasuna izatea gauza ona da. Hor tokiz kanpora ikusten dena Euskal Telebista da, ez dagoelako integratuta euskal mundu zabalean. Euskal Telebistako zuzendaritzan beti egon da jendea euskal mundua marroi moduan bizi duena.

Nola dakusazu kazetaritza, prekarizazio garaiotan?

Prekarizazioak bihotza birrindu egiten dit. Lankide izan ditudan askok nik adina denbora eman dute EITBn, langile finkoa izan gabe, beti kontratua kontratuaren atzetik, eta, batzuetan, egun bateko ordezkapenak egiteko. Hori, bai bizitza pertsonalerako eta baita profesionalerako ere, iruditzen zait izan daitekeen sistemarik txarrena.

Gauzak horrela, kazetaritza gogoko duen gazte bati gomendatuko al zenioke kazetaritza ikastea, bide horretatik segitzea?

Nik kazetaritzaren proselitismoa egiten dut ahal dudan guztietan, batere lotsarik gabe. Gehiago, euskarazko kazetaritzarena. Hain jazarria eta gutxietsia izan denez, hor badagoelako motibazio plus bat.