Elisabet Mejuto: “Umoristarentzat, oholtzara igotzea da formakuntzarik onena”

Bakarrizketetan eta umorearen munduan murgilduta dabil Elisabet Mejuto lazkaotarra, nahiz eta kazetaria den eta komunikazio politikoan espezializatua dagoen. Bartzelonan, stand-up komedia lantzen aritu da azken urteetan.

Kaixo, Elisabet. Bakarrizketetan ari zara azkenaldian, baina kazetaria ere bazara, ezta? 

Ba, ibilbide profesionalaz hitz egiten badugu, psikologo izatera bidean nindoan, eta, azkenean, kazetari bukatu nuen… Garai hartan langabezia-tasa altuena zuten bi ikasketak aukeratu nituen; sekulako analisi gaitasuna nirea… Ez dakit zenbat denbora atzera egin nahi duzun, baina zerbitzari hasi nintzen oso gazte. Gero, kazetari bezala, ahal nituen eta uzten zizkidaten leku guztietan sartzen nuen muturra, praktikak irabazten edo aurpegi galantarekin, telebistan, irratian… eta zinema aldizkari batean ere egon nintzen Kazetaritzako lehenengo urtean… Unibertsitateko irakasle batek ikusi ninduen urte hartan Zinemaldian erredaktore, eta nik ez nuen iruzurgilearen sindromerik, kristoren aurpegia nuen. Orain, lotsa daukat. Baina nire ibilbidea komunikazioan landu dut; azkeneko 10 urteetan komunikazio munduan ibili naiz. Ia desagertuta dauden prentsa-bulegoetan, Venezuelako politikaren inguruko aldizkari batean erredaktore aritu nintzen –heavy-a–, ekitaldiak antolatu ditut, copy creative gisa lan egin dut, hirugarren sektorean komunikazio-zuzendari izan naiz eta komunikazio-agentzietan ere lan egin dut. Orain osasun-komunikazioan ari naiz, eta egin dudan jauzirik handienetako bat izan da. Asko lagundu dit nire bizitzako azken hamar urteak Bartzelonan igaro izanak, sektore honetan profesionalki garatzeko lurralde emankorra baita. Horrez gain, hierbas samarra ere banaiz, eta yoga irakasle titulua atera nuen, eta psikoterapian formakuntza bat amaitzen nabil. Nire Spotifyko zerrenda nire bizitza bezalakoa da: apur bat eklektikoa, baino komunikazioak lotzen du dena. 

Noiz eta nola hasi zinen bakarrizketak egiten?

Beti gustatu izan zait jendeari barrea ateratzea –ez dut beti lortzen, eta eskerrak, horrelako jendeak nazka pixka bat ematen dit eta–. Funtsean, “nirekin barre egiten baduzue, maite nauzue”, oinarrizkoa da; eta, aldi berean, osasuntsua den egia bat ere bada. Barrea tentsioa askatzeko modu bat da, endorfinak askatzen dira… Ez naiz txapa ematen hasiko, baina prozesu berezia iruditzen zait barrearena. Izan ere, nik TFG-a eta TFM-a umoreei buruz egin nituen; ez ziren oso ondo atera oso erlatiboa delako, baina kuriositatea neukan politikan bidalitako mezuak umorearekin egiten baziren indar handiagoa edo txikiagoa zuten jakiteko. Bartzelonan masterra amaitu nuenean pentsatu nuen gaitasun hau kanalizatu zitekeela eta dirua irabazi ere bai, eta, egia esan, oraindik ere horrela pentsatzen dut. 2018an hasi nintzen stand-up-eko gidoigintzan formatzen, Bartzelonan, Martin Piñolekin; gero intentsibo bat egin nuen Tomas Fuentesekin eta beste bi ikastaro Gabriel Gomezekin. Baina formatzeaz gain, idatzi eta oholtzetara igo izan naiz, hori baita, nire ustez, formakuntzarik onena. Baina egia da garaiak ere izan ditudala ez naizela igo; prozesuaren parte izango da.

Emakume bakarrizketarien goraldia bizitzen ari gara?

Galdera honekin, normalean, haserretu egiten naiz, eta ez dut politika egingo honekin, baina uste dut emakumeak beti egon direla umorean. Joan Rivers, askorentzat erreferentzia den komikoa, edo gaur egungo norbait, Sara Silverman edo Phoebe Waller-Bridge –gidoilari, idazle, umorista–. Emakumea ez da komediara heldu; dagoeneko hor zegoen. Beste kontu bat da begiratzen zitzaion ala ez. Baina egia da ingurune katalanean gutxienez amaigabeko umorista-zerrenda bat eman diezazukedala, ni ibili naizen esparruan eta miresten ditudanak: Maria Rovira, Charlie Pee, Irene Minovas, Vanessa Valero, Ana Polo, Ana Gomez, Lucila eta Chiffy Negretti, La Torron, Esther Beltran, Olga Camacho, Maria Lyona… Eta pilo bat kanpoan uzten ditut. Gehiago esango dizut: emakumeentzako bakarrik dugun Whatsapp talde bat daukagu eta 87 gara. Euskal Herrian, oraindik, esplorazio-fasean nabil; erreferentzia bezala Aitziber Garmendia dut eta Raquel Torresekin eta Ane Lindanerekin ere aritu izan naiz. 

Bakarrizketak, euskaraz ala gazteleraz nahiago? 

Gazteleraz eta katalanez egin ohi ditut. Egia esan, katalanez egiten nituenean, hitz asko asmatzen nituen, eta, tarteka, hori ere barregarria da. Eta behin ingelesez egitera animatu nintzen, hiru minutu bakarrik! Baina nahiago edo, behintzat, azkarragoa naiz gazteleraz  euskaraz baino. Euskal Herrian orain dela gutxi hasi naiz gauzak egiten; maiatzean itzuli nintzen, eta saiatzen ari naiz… Baina hemen egin nuen lehenengo aldian, Gasteizen, kristoren kaka jan nuen. Ez nekien ezer euskal publikoaz eta idiosinkrasiaz, eta oso gaizki sartu nintzen. Orain, gutxinaka, ari naiz ikasten, eta geroz eta gusturago igotzen naiz euskaraz bakarrizketak egitera.  

Umoreak inoiz baino muga gehiago ditu gaur egun?

Harritu egingo zara, baina ez daukat iritzi bat denari buruz. Inoiz baino muga gehiago? Ez dut uste, baina iritzirik ez dudanez, datuetara joan gaitezke; jurisprudentzia pixka bat: umoristak salatu izan dituzte? Bai. Umoristak jipoitu izan dituzte? Bai. Nire ustez, umorea arma oso boteretsua da, egia bizi den tokia, eta, askotan, egia izugarri deserosoa da batzuentzat. Beti esan izan da umorean funtsezko figura bat bufoia dela, erregeari egia esaten ausartzen zen bakarra. Baina umoreak ez du zertan politikoa izan. Umorea unibertso pertsonal baten ikuspegi oso partikularra da –umoristarena–, eta gertatzen zaionaren aurrean hartutako posizio bat. Mugak ditu? Seguru. Orain inoiz baino gehiago? Ez nago ziur. Muga horiek esploratu egin behar dira? Pentsatu nahi dut baietz.

Eta nola ikusten duzu kazetaritzaren mundua, fake news-en eta adimen artifizialaren mundu berri honetan? 

Ba, Psikoterapia bukatu nahian nabil, gure arloa Puff Daddy-ren etorkizuna baino ilunagoa ikusten dut eta. Egia esan, ez da berria kazetaritza gaizki dagoela esatea; nik ikasketak egin nituenean ere gaizki zegoen… Denari heltzen diogu, eta ulertzen dut adimen artifizialari ere biziraungo diogula. Edo ez. Ez naiz Santiago Niño Becerra iragarpenak egiteko, baina nire lanean adimen artifiziala presente dago; fake news-ak baino gehiago. 

Inoiz publikoak ez du ulertu zuk adierazi nahi zenuen txisteren bat eta mutu gelditu da aretoa? 

Bai, askotan, eta eskerrak… Isilik gelditzen denean aretoa, isiltasun horri aurre egiten ikasi nion; hau da, “txiste hau ez da sartu, baina Madrilen ondo sartu zen…” eta holako re-remateak erabiltzen ikasi dut. Baina azken urteetan, oso gustura eta lasai ibili naiz eta frakasoa errelatibizatzen ikasi dut. 

Umorista erreferenterik izan al duzu? 

Bai, umorista asko miresten ditut euren gaitasunengatik, adimenagatik, publikoarekin modu zoragarrian konektatzeko duten eragatik, beraiengana eramateko duten trebeziagatik, bizirauteko eta aurrera egiteko duten moduagatik oholtza gainean, abiadura mentalarengatik, garratzak eta lehorrak izateko duten gaitasunengatik, edo gozoak baina zuzenak izateagatik, txisteak nola idazten edo eraikitzen duten horregatik… Bat esatea ez zait justua iruditzen, baina kanpora joan gabe, nire familiatik hasita, nire anai-arrebak oso dibertigarriak dira; nire ilobak 5 urte dauzka baina etorkizun ona opa diot. Dauzkadan lagun umorista askok kristoren jakinduria dute umoristei buruz, eta hauetatik edan zuten: Louis CK, Seinfield, Sara Silverman, David Chapelle… Ez da nire kasua; Lazkaokoa naiz, eta geroago ezagutu ditut hauek. Baina bai, nere buruan lehenengo erreferenteak pentsatzen baditut, bi irudi ateratzen zaizkit: Andy Kaufman gitarra batekin I trust on you abesten eta publiko guztia barrez lehertzen eta Ignatius Farray, Daliren erlojuak zeuzkan txaleko batekin, bakarrizketa bat egiten, Youtubeko lehenengo bilaketa horietan. Bi hauek sortzen zutena publikoarengan izugarria zen, nahiz eta oso ondo ez ulertu. Gero, Chanante guztiak; ordurako, nire amets umela gidoi-mahai batean Ernesto Sevillarekin gidoi bat birpasatzea zen. Eta Euskal Herrian, Jon Plazaolak eta Angel Alkainek egiten zuten bikotea zoragarria zen. Geroago, Phoebe Waller Bridge-ren oso zalea egin naiz; emakume honek miresten ditudan gauza pila bat ditu: freskotasuna, ironia, samurtasuna, egia, garraztasuna, elegante huts egiteko gaitasuna… Eta izugarri gustatzen zitzaidan umorezko beste gidoilari bat Barry telesaileko gidoilaria izan zen, Bill Hader. 

Gomendatu egiguzu umorista bat edo umorezko show bat.

Egia esan, ez ditut show asko ikusi. Bartzelonan komedia asko ikusi dut, baina show osoak, gutxi. Yunez Chaiberen bat ikusi dut, eta marabilla hutsa da; haren opening bat dago, non 17 segundotan dena irabazi duen: oholtzara sartzen da, mikroa hartzen du eta esaten du: “He vuelto, como el fascismo ha vuelto, más joven y morenito”. Sarrera horrekin publikoa bere oinetan dauka, barrea berehala pizten du. Eta bere ordubete hori ikaragarria da. Eta Xavi Dauranen oso zalea naiz. Daura ikusi dut show bat irekitzen Paulina Rubio abesten; jenio hutsa. Asko gustatzen zait Luis Alvaro ere, gaur egun dauden one-liner gutxietako bat. Bere orduan ez dakit zenbat txiste sartuko diren, baina ikusi nuenean metraileta hutsa zen. Eta ikuskizunei dagokienez, Vanesa Valeroren GrotShow, beste jenio bat; oso dibertigarria, eta ez da ohiko show bat. Eta Las Hermanas Negretti, beste bi maisu. Lucila oso gordina, garratza eta izugarri azkarra da.

Konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure zaletasunen bat.

Ez dauzkat asko.. Ikaragarri gustatzen zait musika, gauero irratia entzuten dut eta bizkotxoak erretzen ditut zaletasun bezala. Eta anfitrioia izatea ikaragarri gustatzen zait, festak ematea… Uste dut nahiko normala naizela. Egia da garai batzuetan mikro-obsesioak edukitzen ditudala, baina jada askoz hobeto nago. Aurreko urtean, komunikazio kristauaren analisiak egiten hasi nintzen, notiziak analizatzen ditut tarteka… Baino gero, segituan pasatzen zait.