Eli Pagola eta Maitane Gartziandia: “Ño’ komikian jasotako pasarteak bertso saio baten bueltakoak dira”
Taldea, ahizpatasuna, feminismoa… Kontzeptu horiek Ño komiki-liburuan jasota daude. Pentsamendua sustatzeko ahalegina agerikoa da; betiere, umoretik. Eli Pagola, Miren Artetxe eta Maitane Gartziandia hirukoteak sinatu du liburua; hori gutxi ez, eta liburuan oinarrituta erakusketa zabaldu dute.
Eli Pagola eta Maitane Gartziandia, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan gaude. Liburua eskuetan eta erakusketaren erdian eserita, Maitane, zuk pentsatzen zenuen egitasmoa honaino iritsiko zenik? Eta zuk, Eli, ondoren etorriko zena irudikatzen zenuen?
Maitane Gartziandia: Lehen aldia da, eta esperientzia oso gogoko izan dut. Liburu formatuan lan egitera ohituta nago, eta nire lanak halako espazio handia hartzea erakusketa batean gogoko izan dut. Kasu honetan, bereziki, Ño liburua nahiko txikia da eta ilustrazioak ere txiki samarrak dira. Gustuko dut irudiei tamaina handia ematea eta beste indar bat dutela ikustea.
Eli Pagola: Komikia egin ahala, asmoa ez zen hor bukatu. Potentzialtasuna ikusten genion, eta erakusketaren ideia interesgarria iruditzen zitzaigun. Momentuan ez genuen oso serio hartu, baina prozesuan egon den ideia bat izan da.
Ikuslearen ikuspegitik oso txukuna dirudi; horrelako gehiago egiteko prest zaudete?
M.G.: Hernaniko Emakumeen Etxean egin genuen, eta, ondoren, Basterotik iritsi zitzaigun proposamena. Gozamena da horrelako areto batean erakusketa zabaltzeko aukera izatea. Pozgarria litzateke beste hainbat tokitan egiteko aukera izatea.
Liburuan murgilduko gara. Hamar ataletan antolatuta dago liburua, eta lehenengoan kezka, barne borrokatxoa, ageri da. Beldur eszenikoa, akaso?
E.P.: Ez nuke esango, guztiz, beldur eszenikoa denik. Baizik eta saio aurreko kezkak eta pentsamenduak. Iruditzen zitzaigun oso irudi indartsua izan litzatekeela, hasierarako. Zeren eta komikian lantzen diren gaiak bertso saio baten bueltakoak dira. Bertso saio bat ez da hasten agurra kantatzen den momentutik edo saioa hasiera ematen zaion momentutik; lehenagotik datorren zerbait da. Kasu horretan, lekua eman nahi genion bere etxean dagoen bertsolariari, eta antolatzailearen deia jasotzen duen momentu horretan. Horregatik, beldur eszenikoa baino gehiago, bertsoak buruan hartzen duen lekuaz ari gara.
Bada garapen bat liburuan: azken atalean, “ostia, benetan gustatzen zitzaidan hau” adierazten da.
E.P.: Komiki osoan ez dago pertsonaia nagusirik. Egoerak dira liburuan ageri direnak. Eta egoerak bertsolaritzan garatu diren estrategiak dira, saioetan eroso sentitzeko. Ahizpatasun keinu batzuk txertatu ditugu, komunitatea osatzearen keinuak. Horiek dira eszenaz eszena deskribatu edo agertu nahi izan direnak. Keinu batzuk eta estrategia batzuk. Horrek guztiak eragiten du pentsatzea: “Joño, hau zen egitea gogoko nuena”. Liburuko bertsolariak ez baitira bertan ari egon behar dutelako, baizik eta benetan gogoko dugulako. Horretarako, gure espazioak, gure estrategiak eta gure aliantzak martxan dauzkagu.
Taldea, kolektiboa eta ahizpatasuna aipatu duzu. Eta ez norberetik, baizik eta taldetik.
E.P.: Bai, zalantzarik gabe. Bestela, soluzio horiek norberarentzat izango dira eta egingo duzu inguru bat zuretzat erosoa dena. Baina hurrengo batek berdina egin beharko du eta, tartean, denek ez dute leku bat topatuko. Aliantza horiek kolektiboak izan behar dute, bai edo bai. Uste dut bertso munduan eta beste esparru gehienetan ere kolektibotasunetik antolatzen garela.
“Potentzialtasuna ikusten genion egindakoari, eta erakusketaren ideia interesgarria iruditu zitzaigun“
Argia-n diseinu lanetan ari zara, Maitane; zer-nolako erronka izan zen zuretzat?
M.G.: Erronka handia, halako lan handia egiten nuen lehen aldia zelako. Denboran luzatuko zen egitasmoa zen, eta Argia-n diseinu eta maketazio lanak egiten ditut, bereziki. Diseinu lana nire ogibideari lotzen diot gehiago, eta marraztea pertsonalagoa zait. Ez nekien oso ondo nola egingo nuen liburua, eta horrek kezka sortu zidan. Bestalde, horrelako lan bat lanorduetan egin ahal izatea gozamena izan da.
Lauzpabost orrialdeko komikiak egin izan ditut, baina liburua egiteko denbora gehiago behar izaten da. Eta iruditzen zitzaidan zaila izango zela hasieran ezarritako estiloa edo tonua denboran iraunaraztea.
Eli, Mirenek eta zuk ekarpen asko egin dizkiozue Maitaneri?
E.P.: Guk ere ez genuen sekula komiki bat eginda. Beraz, ez dakigu nola egiten den ere. Baina guri atera zaigun bezala egin dugu. Testua eta irudiak batera egiten joan gara, eta elkar kontrastatzen genuen gu hiruron lana. Beraz, Maitane gidoiaren parte izan dela sentitzen dugu, nahiz eta testua gure lana izan. Eta marrazkietan badago gure arrastoa, aldi berean ari ginelako. Hitz gutxi eman dizkiogu, guk adierazi nahi genuen hori irudi bidez kontatu nahi genuelako.
Bakoitzak bere atala izango du gogoko. Bikaina iruditu zait Hasi eta buka atala, puntukako ariketa irudikatzen dena. Eskema mental bat ageri da, puntuka zein aukera jorra ditzakeen azaltzen duena. Hori irudiz eta hitzez osatzea ez zait ariketa erraza iruditzen. Azpimarratuko nuke, ilustrazioari dagokionez, Far West estiloko eszena. Gainerako irudien estetika hausten du. Eta, testuari erreparatuz, barre algarak egin nituen irakurri nuenean.
M.G.: Umoretik eta jolasetik heldu nion hasieratik. Oso koloretsua irudikatu nuen. Zailtasuna bazuen eskema mental hori nola irudikatu, bertsotan hasi aurreko momentu hori. Jolas modura egitea dibertigarria izan zitekeela iruditu zitzaigun.
Pentsamendu bat zehaztu nahi izan duzue liburuan, Eli?
E.P.: Bertso saioaren bueltan gertatzen diren egoerak ekarri nahi genituen, eta horren aurrean dauden keinuak jaso ditugu. Bertsoak nola txertatu pentsatuz aritu ginen, baina hitzak arreta handia hartuko lukeela ondorioztatu genuen. Puntukako saioa aipatu duzu, eta hori egin behar ote genuen zalantza izan genuen, esaten ari ginenak pisu handia hartzen zuelako. Horregatik, liburu osoan oso bertso gutxi daude, eta ageri direnak aitortza historiko modura sartuta daude. Horregatik, pentsamendura bideratutako elkarrizketak ageri dira gehiago.
Bertsozaleak tarte zabala du, irudiei erreparatuz gero.
M.G.: Plazan agertzen diren emakumeen esperientzietatik abiatzen da liburua, eta garrantzi handia du plazak, eta plazari loturiko elementuak. Nola ez, ikuslegoa. Bertsolariaren eta ikuslearen arteko jolas hori oso presente dago liburuan. Jendaurreko pasarte asko daude, baina badira intimitatean jasotakoak ere. Amaierako sexu-eszena hori, esaterako.
E.P.: Ikusleek sekulako eragina dute, alderdi oso aktiboa baita. Hori nabarmendu nahi genuen, eta, amaiera aldera, saio feminista bateko eszena bat dago. Eta hori ere interesatzen zitzaigun egitea. Ez baita bilatutako ezer izan. Ikusleria hori existitzen da; kontua da ez dugula buruan. Bertsozale bat irudikatzen dugunean ez baitzaigu burura bertsozale hori etortzen. Eta horrelako plaza mordoa dago, feminista den bertsozalea badagoelako beste esparru batzuetan antolatzen dena. Ez da utopia bat, ez da heldu nahiko genukeen leku bat, baizik eta hori ere bada plaza. Aitortza egin nahi genion horri.
“Joxepa Antoni Aranberriren figurak fikziora jotzeko aukera eman digu”
Eli, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ari zara; presioa handia da. Nola daramazu?
E.P.: Ez da lehen txapelketa. Komikiarekin lotura eginda ere, ez da norbera bakarrik aritzea, baizik eta sare baten parte sentitzea oso lagungarria da txapelketa bat aurrera eramateko orduan. Ez da soilik ni bakarrik aritzea lanketan, baina egia da oholtza gainera ni igoko naizela. Lana, berez, neronek egin behar dut. Komiki-liburuan agertzen den irudi batekin oso identifikatuta sentitzen naiz. Irudi horretan bertsolariari burutik sua ateratzen zaio. Oraingoz, sua ateratzen zait, eta ez kea. Seinale ona da hori. Ongi nabil, gustura. Bertsoa asko bizi dudan esparrua da, eta, oro har, nahiko modu gustagarrian bizi dut. Badakit txapelketa ez dela plazaren zati handiena, ez eta bakarra ere. Baina bada zati bat, eta horri ere heldu nahi nion. Ilusio horrekin eman nuen izena, eta oraindik ilusioz jarraitzen dut jo eta su.
Zer espero den zutaz bereziki larritzen zaitu?
E.P.: Ez hainbeste. Gehiago bizi dut txapelketa hautu artistiko batetik. Ez ditut dagoeneko 18 urte. 29 beteta dauzkat eta ibilbide bat egin ahal izan dut. Egun, bertsotan bilatu nahi ditudan gako batzuk aurkitzera edo lotzera iritsi naiz. Beraz, zer espero den nitaz ideia horrek ez nau larritzen, nahiko argi daukadalako nik zer egin nahi dudan. Lasaitasun handia ematen dit horrek. Erremintak baditut; ea lortzen dudan nik espero dudan hori zaleei transmititzea.
Liburura itzulita, kontatutakoa ez da gutxi; eta isildutakoa?
E.P.: Askoz kapitulu gehiago egon zitezkeen, hori egia da. Erabaki genuen hamar bat izatea; neurriagatik, ziurrenik. Baina hori liburu guztietan gertatuko da. Argi genuen komiki-liburua zela, keinu txiki batzuk egin nahi genituela eta umorez bizi nahi genuela. Lan asko egin dugu bertsolaritzaren eta feminismoaren inguruan, eta iruditzen zitzaigun bagenuela aukera bat hori egiteko. Hori da dena. Bertsolaritzaren testuinguruan kokatu dugu, baina, bestalde, beste esparru pilo batean gertatzen diren egoerak irudikatu ditugu. Autoko bidaietako adibide batzuk ageri dira liburuan, baina hori lasai asko gerta liteke laneko bilera bateko joan-etorrietan, familiako bazkari batera joanda…
Joxepa Antoni Aranberri ageri da liburuan. Makilkada modukoak ematen ditu, tarteka. Irudiak erabili dituzue, eta ez ilustrazioak.
M.G.: Bertsolariak eta protagonistak xaxatuko zituen norbait behar genuela argi izan genuen hasieratik. Aspaldiko bertsolari bat jarri genuen, ezezaguna dena. Fikziora jotzeko aukera eman zigun horrek.
E.P.: Paper garrantzitsua hartzen du liburuan zehar, kontrastea egin eta erritmoa ematen diolako kontakizunari. Eta, batez ere, asmatutako pertsonaia bat da. Existitu zen Joxepa Antoni Aranberri, eta bertsotan egiten zuen. Baina hortik aurrerako haren aldarteaz, umoreaz eta izaeraz ez dakigu ezer. Asmatu dugu guri komeni zitzaigun modura guri kontra egiteko, gainera. Bazen, bestalde, aitortza egiteko modua. Gaur egungo garaian gaude gu, baina ulertzen dugu andre hark bere fabrikan bertsotan egin ahal izateko estrategiak behar izango zituela. Ez hark bakarrik, baita haren inguruak ere.