Eleuterio Jauregi: “Mintzapraktikan aritzeko milaka aukera daude”
Duela 30 urte abiatu zen Mintzapraktika ekimena, Donostian, eta, ordutik, ehunka lagun batzen ditu Euskal Herri osoan euskaraz hitz egiteko. Esaterako, Hendaian. Bertako taldean hartzen du parte, bertan da bidelagun Eleuterio Jauregi (Zaldibia, 1956). Musikarekin harreman estua ere badu, hura baita Imuntzo eta Beloki bikote ezaguneko Beloki.
“Zurekin euskaraz egin nahi dugu!“ diote Mintzalagunek aurtengo deialdian. Norekin egin nahi duzue euskaraz?
Printzipioz, hitz egin nahi duten guztiekin. Ongi etorriak izango dira Mintzapraktikara. Batzuek beharra sentitzen dutelako; beste batzuek titulua behar dutelako edo irakasleak izango direlako… Hendaiaren kasuan, ez dago euskaraz mintzatzeko gune askorik, eta gure helburua da espazio batzuk sortzea horretarako, gune batzuk. Beraz, horiek guztiak eta gehiago ongi etorriak izango dira.
Pentsatzekoa da egoera bereziak ere biziko direla Mintzapraktika talde batean: hasiera batean, elkar ezagutzen ez duen jendea bilduko zarete, eta, astez aste elkartuta, denboraren poderioz, joango zarete harremanak egiten.
Bai, eta esango nuke hori oso polita dela. Hasieran, jende ezezagunarekin biltzen zara eta nolabaiteko jokoa sortzen da. Pertsona hau zertara dator? Nondik dator? Zein dira haren asmoak? Irekia da ala ez? Betiere, euskalduntasuna presente izanda, rol bat jokatzen duzu; nondik tiratu edo nola jokatu ikusi behar duzu. Bidelagun bezala, erdi-laguntzaile sentitzen naiz, baina baita ikasle ere; gauza asko ikasten dituzu. Oso rol polita da.
Dinamikari dagokionez, bidelagunak eta bidelariak; nolabait esateko, euskaraz dakitenak eta euskara ikasten ari direnak. Horiek elkartzen dira Mintzapraktikan?
Zalantzarik gabe; hori da Mintzapraktikaren helburuetako bat. Nire kasuan, Hendaian, euskara ikasten ari diren gehienak AEKren mundutik datoz: gramatikaren alderditik lan asko egindako jendea, baina erabileraren aldetik nahiko herren daudenak. Beste batzuk askoz solteago ari dira, baina, hitz egiteko espazio gutxi dagoen herri batean bizi garenez, hori da bidelagunon egitekoa, elkarrekin euskaraz aritzeko aukera eta laguntasuna eskaintzea.
Gerta daiteke, beraz, pertsona bat aldi berean bidelagun eta bidelari izatea: euskaraz jakitea, ama-hizkuntza euskara izatea, baina inguru ez-euskaldunean bizi eta Mintzapraktika euskaraz egiteko aprobetxatzea.
Guri, justu, horixe ari zaigu gertatzen. Hendaian bertakoak eta kanpotarrak bizi dira; Irungoak, adibidez. Eta guk baditugu euskara dezente ondo ikasi eta euskaraz ondo moldatu arren beraien familietan edo guneetan mintzatu ezin duten irundarren kasu batzuk. Euskaraz hitz egiteko espazioak direlako datoz gugana. Haiek nik bidelari bezain bidelagun kontsideratzen ditut.
Aurten 30 urte beteko dira Donostian lehen Mintzapraktika taldea martxan jarri zenetik eta ekimena apurka-apurka zabaltzen joan da. Hendaiako taldea noiz jarri zen martxan?
Iaz, 2021ean, abiatu zen Hendaiako Mintzapraktika taldea, eta hiru talde sortu genituen. Baina berehala konturatu ginen jendeak interesa erakusten zuela, ekimenaren inguruan galdetzen zuela, eta, pixkanaka-pixkanaka, handitzen joan gara. Hiru talde horiek, ikasturte berean, bost bihurtu ziren. Eta aurten, bost horiekin abiatu dugu ikasturtea. Oso pozik gaude.
“Bidelagunon egitekoa elkarrekin euskaraz aritzeko aukerak eta laguntasuna eskaintzea da”
Zu zeu zer dela-eta animatu zinen parte hartzera?
Bi arrazoi aipatuko nituzke: batetik, beti izan dut euskararen inguruko sentsibilitatea, eta, herri txiki bateko euskalduna izanda, justu, ezaugarri horiek ez dituen herri batean bizi naiz: herri handixeago bat, non euskara ez den bertako lehen hizkuntza. Eta, beste alde batetik, erretiratuta nago eta denbora daukat. Jende askok, gainera, nahi zuen Mintzapraktika goizetan izan, eta hor Bidelagun izateko aukera bakarra erretiratuok dugu. Askorik pentsatu gabe hasi nintzen ni: sartu eta aurrera!
Zer eman dizu zuri Mintzapraktika talde batean parte hartzeak?
Gauza asko. Hasieran nuen kontzeptua zen nik, euskaldun-zahar bezala, AEKtik nahiko larri zetozen horiei, gramatikalki ondo ibili arren mintzatu ezin zuten horiei, lagunduko niela. Eta bai, pentsatzen dut laguntzen diedala, baina ikasi ere ikasi dut. Pila bat ikasten da. Jendea informatika mundutik dator, beste bat medikua da, beste bat ez dakit zer… Jendeak erraz hitz egin dezan, haiei dagozkien gaiak ateratzen dira, eta pila bat ikasten da. Adiskidetasuna ere lortzen duzu. Oso aberatsa da.
Batek baino gehiagok pentsatuko du bidelagunak fabore bat egiten duela, haren euskara zabaltzera doala. Baina hark ere jasotzen du.
Dudarik gabe. Konpromisorik zailena da egun eta ordu batean halako tokian egotea. Baina ni etxera beti pozik nator: sortzen den giroagatik; edozein motatako gertakizunen inguruan jaso dituzun jendearen argumentuengatik; euskaraz hitz egiteko egiten duten indarragatik… Niretzat oso aberatsa da hori; horrekin geratzen naiz ni.
Elkartu bai, baina zeri buruz hitz egiteko? Zein eratako taldeak daude?
Niri gustatzen zait inprobisazio puntu bat egotea, baita jende berria datorren heinean ezezaguna izatea ere. Jendea ezagutzen duzunean badakizu nondik jo, bai zuk nirekin eta baita nik zurekin ere. Baina jende berri horrekin badago morbo bat: hau nondik eta zertara dator? Inkesta txiki bat ere egin genien behin, galdetuaz nondik eta zertara zetozen eta ea nola jakin zuten Hendaian Mintzapraktika guneak daudela. Hori prestatzeko esan genien, hurrengo astean horri buruz hitz egiteko. Horrelako jokoak oso maitagarriak dira.
Bidelagunak behar dituzuela diozue.
Bai, garrantzitsua delako bidelariekin batera bidelagunak aritzea, euskaraz solte ariko direnak; gu kontzeptu horrekin sartu gara. Lehen esandakoari lotuko natzaio, beharbada, baina euskaraz aski solte dabiltzan bidelariak bidelari bezainbat bidelagun dira. Askotan, proban jartzen ditut. Jendea hizketan ari denean ez dugu askorik mozten, baina, tarteka, zuzendu egin behar da. Eta nik esaten diet: “Zuzendu zuek lasai zuen artean”. Rol hori jokatzen dute euskara maila hobeagoa dutenak, eta, hori ondo eramaten baduzu, oso aberasgarria da.
Zer eskatzen da, modu batera edo bestera, bidelagun edo bidelari izanda Mintzapraktikan parte hartzeko? Maila neurtzeko, esaterako, azterketa bat egiten da?
Gu oso sinpleak izan gara. Hendaian ekimena sortu zen, Euskal Herri osokoa izanda sortu behar zelako eta jendea prest zegoelako. Hiru talde sortu ziren, eta, esan bezala, pixkanaka, bost talde izatera heldu gara. Zer behar den? Beharra sentitzea, lan egiteko gogo pixka bat izatea eta gure artean konplizitatea sortzea. Konpromiso pixka bat ere bai, baina hori denerako behar da, baita patata-tortilla bat egiteko ere. Bestela, jai dugu!
Hazten doan ekimena da Mintzapraktika. Zer zenekien aurretik horri buruz? Eta, behin barrutik bizita, nola joan da garatzen zeneukan ideia?
Egia esan behar badut, gauza handirik ez nekien. Eskuorrietan eta prentsan-eta irakurrita banekien Donostian sortu zuela Bagera elkarteak… Baina barruan sartuta ez bazaude, gauza horiek, txoriak bezala, aldamenetik doaz. Orain, barruan egonda, pixka bat gehiago irakurtzen dut eta pixka bat gehiago jabetzen naiz zein prozesu eraman duten gauza horiek guztiek: euskalduntze prozesuek, euskararen aldeko ekimenek… Barruan zaudelarik, gehixeago bizi izaten duzu, eta hori aberasgarria da guztiontzat.
Ze ondorio atera dituzu historia horiek arakatuta?
Ni, euskaldun-zaharra izanda, aski konprometitua eta sentsibilizatuta sentitzen nintzen. Baina konturatu naiz ni ezertaz jabetu aurretik beste zenbat jende konprometitu den hainbat gauza aurreratzen: zenbat isileko lan, zenbat bilkura…. Nire lehenengo sentsazioa jende horri guztiari miresmena da.
Mintzapraktika saioak, normalean, aurrez aurrekoak dira. Hendaian beti leku berean elkartzen zarete ala mugitu egiten zarete?
Badakit jende asko hor zehar mugitzen dela: mendira, kirol taldeetan, paseatzera…. Gu, printzipioz, toki batean biltzen gara. Kasu batzuetan, mugitu izan gara; izan ere, Hendaiak paseatzeko toki ederrak ditu. Baina ari gara konturatzen jendeak nahiago duela toki batean elkartu. Gainera, gure kasuan, elkarte bat da, gu bakarrik gaude eta kafetxo bat ere hartu dezakegu. Ordubeteko edo ordu eta laurdeneko saioak egiten ditugu, eta berehala joaten zaigu denbora, konturatu orduko! Aldiz, kanpora ateratzen bagara, haizeak eramaten ditu gure espresioak, eta maite dugu elkar begiratu eta gure espresioak ikustea. Oso gustura gaude toki batean sartuta.
Zuek aurrez aurreko saioak egin arren, Mintzanet egitasmoa ere hor dago, Mintzapraktikatik datorrena.
Horren berri aurten egindako azken Mintza Egunean jakin nuen, aurretik ez nuen. Sistema berri hori ez dut askorik kontrolatzen, baina oso interesgarria iruditzen zait, sare sozial guztiak bezala. Badakit kanpotik, hainbat herrialdetatik, jendea konektatzen dela eta bere buruari berealdiko ekarpena egiten diola euskarari dagokionez. Argentinan edo nik ez dakit non bizi eta hemen bizi den pertsona batekin harreman zuzena izatea zoragarria iruditzen zait. Horrek fruituak eman dituela ere begi-bistakoa da eta denok ezagutzen ditugu hainbat eta hainbat kasu. Argentinan euskara dezente ikasita hona etorri; hemen, Lazkaoko Gerrikon-edo sartu; eta euskaldunduta itzuli eta irakasle lanetan dabiltzan hainbat kasu ezagutzen ditut. Oso interesgarria da hori. Mintzapraktikan aritzeko milaka aukera daude; herri edo talde bakoitzak erabaki behar du bere inguruaren arabera nola egin.
“Mintzapraktika saioetan berehala joaten zaigu denbora, konturatu orduko!”
Beste zerbait gehitu nahiko zenuke Mintzapraktikarekin lotuta?
Niri asko gustatzen zait sentsazioez hitz egitea. Adiskidetasuna oso garrantzitsua zait, eta jende asko ezagutu dut; adin, jatorri zein genero aldetik, kolore askotariko jendea. Adibidez, egun erretiratuta dagoen arren urte askoan nire dentista izandakoa etortzen zaigu Hendaiara. Haren kontsultara gehienok bezala joaten nintzen, estu eta larri: ahoa zabalduta; hura frantsesez hizketan eta ni frantsesarekin nahiko larri; hura espainolarekin nahiko larri; euskaraz ez zekien… Eta ni han, mediku handiarekin larri baino larriago. Eta orain AEKn sartu da, gramatika ikasi du eta hasi da euskararekin; eta orain etortzen zait nahiko larri haren euskararekin nigana. Tarteka hitz egiten dugu horretaz. Gogoratzen duen galdetzen diot, eta hark: “Nai, noski! Umetxo bat bezala etortzen zinen, larri, hortzak garbitu behar nizkizulako!”. Paperak aldatu egiten dira.
Interesgarria izango da bestela harremanik izango ez zenukeen jendearekin biltzea, ezta?
Hori da! Nik pertsona horrekin frantsesez edo espainolez hitz egiten nuen; euskaraz “egun on!”, “eskerrik asko!” eta ezer gutxi gehiago. Hura, gainera, ez da Euskal Herrikoa: frantziarra da, baina urte askoan bizi da Ipar Euskal Herrian eta euskara ikastea erabaki du haren alaba Donibaneko mutil euskaldun batekin ezkondu delako. Pixkanaka-pixkanaka, arrainaren isatsa bueltaka bezala zurrunbiloan, bukatu du AEKn eta bukatu du Mintzapraktikan. Hori aberatsa baino aberatsagoa da, eta horrek eta gehiagok betetzen naute guztiz Mintzapraktikan jarraitzeko.
Pentsatzekoa da bidelagun moduan, eta hilabeteek ematen duten ikuspegiarekin, ikusiko zenuela jendea askeago edo beldur gutxiagorekin hitz egiten.
Bai; bilakaera ikusten da, batik bat, konfiantza sortu eta zabaltzen den heinean. Hasieran, noski, jendea kikilduta dago: pentsatzen du euskaraz gaizki hitz egiten duela, edo duen maila eskasarekin ea nola hasiko den zortzi lagunen aurrean hitz egiten…
Bidelagun edo bidelari izateko nora jo behar da?
Norbere herri edo auzoan euskararekin harremana duten erakundetara edo jendearengana joan beharko luke: euskaltegiak, AEK… Horietan bideratuko dute interesa Mintzapraktika guneetara; hori da, nire ustez, bide eraginkorrena.
Mintzapraktikaren aurtengo deialdiak badu beste lelo bat: Probatu ez duenak ez daki zer den hau.
Oso polita da hori, Jon Maia bertsolariak Negu Gorriakentzat sortua duela ez dakit zenbat urte. Hizketagai dugun mundu honi aplikatu zaio, eta esaldi borobila dela iruditzen zait. Ni bidelagun abiatu naizenean, eman bezainbeste jaso dut, asko ikasi dut… Eta norbaitek esango du: “Zer ikasi duzu, bada?”. Adibidez, isiltzen; eta jendeari laguntzen hitz egin behar duenean hitz egiten. Norbait luzatzen ari dela iruditzen bazaizu, txukun eta inor haserretu gabe mozten ikasten duzu, eta gutxixeago hitz egiten duen horri bide ematen. Probatu ez duenak proba dezala!
Orain arte, Mintzapraktikaren gainean hitz egin dugu, baina ezin zure beste alderdi bat aipatu gabe utzi. Izan ere, Eleuterio Jauregi Beloki zara zu; Imuntzo eta Beloki talde ezaguneko kidea. Aurpegiz ezagutzen ez zaituen jendeak jakin ohi du hori?
Ez, ez du jakiten, eta nik probetxua atera izan diot horri. Zu lehenetik Julen Gartzia bazara, bizitza pertsonalean eta artistikoan zara Julen Gartzia, denek dakite. Ez noa alderaketarik egitera, baina Bernardo Atxaga ere ez da Bernardo Atxaga, Jose Irazu da; harekin hasi zen eta… Anonimotasuna baliatu izan dut lasaiago ibiltzeko. Instantzia bat betetzera joan eta bigarren abizena esatean, norbaitek esan izan du: “Baina zu ez zara…?”. Eta nik: “Bai, hala naiz. Eskerrik asko eta agur!”. Baina jende asko ez da konturatzen, eta oso polita da hori. Bestela, galderekin hasten dira eta pentsatzen dut: “Dena kontatu behar dut?”. Balio izan dit polita den intimitatea gordetzeko.
Zein puntutan zaudete orain? Izan ere, 2015ekoa duzue azken diskoa, baina aurtengo maiatzean Hendaian egindako Mintza Egunean, esaterako, kontzertua eman zenuten.
Hori da; Negu Gorriaken abesti baten bertsio bat egin genuen: hain zuzen ere, probatu ez duenak ez daki zer den hau esaten duen Jon Maiak idatzitako Gora Herria-rena. Guretzat oso polita izan zen; abesti hori ez dugu inoiz jo, baditu erritmo aldaketa batzuk eta eman zigun lana moldaketa egiteak. Baina gogoz hartu genuen eta oso ondo pasatu genuen. Zein puntutan gauden? Ni neu erretiratuta nago, erretiratuaren txiparekin. Imuntzo, ez; ni baino gazteagoa da, hiru eskolatan trikitia irakasten du, haurrak ere aski txikiak ditu eta lanpetuta dabil. Eta ni, alderantziz: lanpetua izan nintzen eta orain beste gauza batzuetan nago. Musikan jarraitzen dugu: udan bospasei emanaldi egingo genituen, eta hurrengo udan ere egingo ditugu, baina ez asko. Musika munduan ere banabil ni: Hendaian bada txalaparta eskola bat; txalaparta ikasi nuen hor bere garaian eta jarraitzen dut jotzen. Gitarra ikasten ere ari naiz, eta beste lagun batekin jotzen dut: herri-kantak, bertsoak…. Lau akorde, nik ondo pasatzeko! Hendaiako dantzari talde batekin aritzen diren txistulariekin atabala ere jotzen dut. Beti esaten diet ez naizela atabalaria, bila dezatela atabalari hobea eta bestela joango naizela ni. Eta emaitza zein da beti? Ez dagoela inoiz atabalari on bat! Joateko eskatzen didate eta ni joaten naiz. Hor nabil beti herri musikaren munduan.
30 urte inguru dira Imuntzo eta Beloki moduan musikan ari zaretela. Zein bilakaera ikusi duzu bai plazetan eta baita euskal musikan ere?
Aldaketatxoak etengabekoak izan dira, bai plazetan eta baita musikaren arloan. Gu duela 30 bat urte hasi ginen jotzen, eta gure musika ongi pasatzeko da. Erritmo dantzagarriak jotzen ditugu, hemengoak eta kanpokoak, baina beti dantzagarriak eta festa egiteko. Jendea lotzen zen oso errazki ongi pasatzeko. Eta urteak pasatu dira, baina berdina da, espirituak hor jarraitzen du: jendeak dantzatu eta ongi pasatu nahi du, eta halaxe egiten dugu jotzen dugunean. Espiritu hori ez da galdu, eta, nire ustez, ez da galduko. Akaso, forma ezberdinak hartuko ditu. DJak gehiago sartu dira, eta oso erraza da tipo bati deitu eta modako kantuak jartzea. Baina plaza talde bat, kontzertuak, jendea zuzenean jotzen ikusteak, badu beste xarma, bizi, indar bat… Pertsonak ari zara ikusten: jotzen, dantzatzen… Estetika bat, indar bat, espresio bat… Hori ezin da ordezkatu DJ batekin.