Ekaren ‘Zuri itxoten’ abestia

Eka Lekeitioko musikari gaztea da. Duela hiru urte hasi zen musikan lehen urratsak ematen, eta, ordutik, bere lekua egiten ari da euskal musika urbanoaren eszenan. Freestyle-etik abiatu zen, lagunekin parkean inprobisatzen, eta, pixkanaka-pixkanaka, idazten, ekoizten eta bere soinu propioa eraikitzen hasi da.
Nola hasi zinen musikan, eta zeintzuk izan ziren zure lehen inspirazioak?
Duela hiru urte hasi nintzen musikan. Gaztetatik, lagunekin Lekeitioko parkean rapean aritzen nintzen, estilo librean; hau da, ezer idatzi gabe, base baten gainean inprobisatzen. Pixkanaka, motibatzen hasi nintzen, eta, Lekeition, 48020 kolektiboa musika igotzen hasi zela ikusi nuen. Horrek inspiratu egin ninduen. Lagunen artean mikrofono bat erosi genuen, eta, gutxinaka, ekoizten eta etxean grabatzen hasi ginen. Horrela hasi ginen.
Zer kontatu nahi duzu zure kantuen bidez, eta zer da, zuretzat, musikaren benetako indarra?
Nire kantuen bidez, nire bizipenak kontatu nahi ditut, gazteak eta, oro har, jendea nire kantuekin identifikatuta senti dadin. Niri gertatu zaizkidan gauzak beste askori ere gerta ahal zaizkie. Bizipenez gain, nire ideien inguruko mezu bat ere helarazi nahi dut. Batez ere, jendea identifikatuta sentitzea da nire helburua.
Lekeitiok edo inguruko kulturak ze eragin izan du zure sorkuntza prozesuan?
Lekeitiok eragin handia izan du nigan; musika egitera motibatu nau. Horrelako musika ez da askorik entzun Euskal Herrian. Chill Mafia bezalako taldeak izan ziren lehenetarikoak, baina ez da estilo horretako artista askorik egon. Horregatik, inguruan egin denak motibatu nau musika urbanoa sortzera eta argitaratzera.
Zein da, orain arte, gehien markatu zaituen kontzertua edo proiektua, eta zergatik?
Gehien markatu ninduen kontzertua lehenengoa izan zen, Lekeitioko Gaztetxean eskaini nuena. Hala ere, onena, agian, Kontzejupean egin genuena izan zen. Jende asko hurbildu zen, eta ni eta Zaba, nirekin rapean aritzen dena, harrituta gelditu ginen. Oso une polita izan zen, eta, guretzat, oso berezia izan zen ikustea hainbeste jende etorri zela bi gazte entzutera. Oso gustura gelditu ginen.
Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Etorkizunera begira, kantu eta soinu desberdin asko ditut buruan, eta hori da nire erronka nagusia, une honetan. Gainera, produktore gisa ere erronka handia daukat, orain hasi naizelako nire baseak ekoizten eta nire soinu propioa bilatzen. Musika urbanoaren barruan, soinu berriak esperimentatzen ari naiz, eta hori da nire erronkarik handiena: produktore gisa soinu berriak aurkitzea.