Ekain Elorza: “Ohetik altxatu eta lokalera entseatzera joaten naiz ia egunero”

Morgan, Bilbao BBK Live 2018, Kobetamendi, Bilbao, 12/VII/2018

Morgan taldeko bateria-jolea da Ekain Elorza (Berriz, 1983). 2025 hasieran laugarren diskoa kaleratu du taldeak, eta kontzertuetan jo eta ke murgilduta ibili dira udan. Kontzertu eta kontzertu artean, TTAP aldizkariarentzat tarte bat hartu du Berrizko musikariak.

Hotel Morgan diskoaren bira bete-betean zaudete. Disko ezberdina da, berezia; zer kontatu dezakezu?

Gure laugarren diskoa da Hotel Morgan, eta oraingoan inoiz baino gehiago nahi genuen soinu berri bat lortu. Bilaketa horretan egon ginen buru-belarri ekoizpen eta grabaketa garaian, eta emaitzarekin oso pozik gaude; Morganen aurpegi berri bat erakusten duela uste dugu. Lehen kontzertu sorta eskaini dugu jada eta kantu berri hauek oso ondo moldatzen dira taula gainean. Oso eroso gaude disko zaharren kantuetatik berri hauetara pasatzen garenean; ezin hobeto elkarbizitzen dute.

Norvegian grabatu duzue; zer dela eta?

Askotan komentatzen genuen elkarrekin furgonetan bidaia luze bat egin behar genuela, eta ideia beti zegoen hor bueltaka. Estudio bila hasi ginenean, Norvegiako Ocean Soundsera joateko aukera suertatu zitzaigun; aspalditik geunden estudio hartaz maiteminduta, eta justu behar genituen egunetan libre zegoen estudioa. Behin estudioa lotuta, bidaia furgonetan egitea erabaki genuen, eta momentu hartan plan osoak zentzua hartu zuen. Talde moduan esperientzia hau elkarrekin bizitzea oso garrantzitsua izan da guretzat. Izugarrizko poztasuna geneukan barnean egun haietan, eta momentu hartan disko bat grabatzeak kantuetan eragina izan duela uste dut.

Morgan taldearekin kaleratu duzuen laugarren diskoa da; nabari da hori zuen soinuan? Bizkarrean dagoeneko kilometroak eta ezagutza dituzuelako?

Gure kasuan, disko berri bat sortzea eta kaleratzea beti da erronka handi bat, berdin dio zenbat urte daramatzazun talde moduan edo zenbat kontzertu eman dituzun elkarrekin; beti da zaila kantu onak sortu eta disko batean elkartzea. Soinu aldetik egia da argi daukagula non gauden eroso, baina ibilbide luzea eraikitzea da gure asmoa, eta ez dugu nahi beti disko berdina eskaini. Disko berri bakoitzarekin sorpresa txiki bat egotea nahi dugu; bai guretzat baita entzuleentzat ere. Bestalde, gure diskoetxea ere bagara, eta horrek lan estra handia ematen digu. Gero eta zailagoa egiten zaigu taldeak ematen digun lan guztia gure artean aurrera ateratzea. Oraingoz, gai gara.

Zer sentitzen da ia kontzertu guztietan sarrerak agortzen dituzuenean?

Ez dugu normaltzat hartzen gertatzen ari zaiguna eta ardura handia sentitzen dugu kasu horietan, argi daukagulako edozein momentutan dena pikutara joan ahal dela. Horregatik, kantu berriak sortzen edo grabatzen ditugunean edo zuzenekoak prestatzen ari garenean, detaile txikiei garrantzi handia ematen diegu.

Nola eta noiz hasi zen Ekain bateria jotzen?

Ume nintzela hasi nintzen, 8 bat urte edukiko nituen. Gurasoen baserrian nire anaia nagusiek lokala zuten muntatuta ganbaran, eta han geneukan bateria batean eman nituen nire lehenengo makila-kolpeak.

Gaztetan bateria-jole erreferenterik izan duzu?

Bai, noski. Euskal Herria bi, batez ere: Borxa Arrillaga eta Galder Izagirre. Bi estilo oso ezberdin, baina gaztetan berdin flipatzen nuen biekin. 

Zure talde diren Morgan, Seiurte eta Cobra taldeek musikalki badituzte hainbat ezberdintasun; gustura ibiltzen zara estilo eta erritmo ezberdinen saltsa horretan?

Bai; musika estilo guztiei aurkitzen diet zerbait interesgarria, eta asko gustatzen zait lokalean orduak egotea musika entzuten eta praktikatzen. Zorte handia da egunero gauza berri bat ikasteko edukitzea, eta horrek aurrera jarraitzeko energia pila ematen dit. Ohetik altxatu eta lokalera entseatzera joaten naiz ia egunero.

Non egoten da gusturago Ekain, jaialdi handi batean talde asko entzuten ala areto txikiago batean talde bakarra entzuten?

Kontzertu askotara joaten naiz, eta talde baten kontzertu propioa ikustea nahiago izaten dut; berdin dit areto txiki bat, antzoki bat edo estadio bat, denak disfrutatzen ditut, baina talde horren kontzertuak izan behar du. Festibalak asko gustatzen zaizkit, baina gauza asko nahasten dira egun horietan, eta, nahiz eta talde berriak ezagutzeko aukera onak diren, kasu askotan musika bigarren planoan gelditzen da eta kontzertuak ez ditut hainbeste disfrutatzen.  

Gomendatu egiguzu azkenaldian entzun duzun disko bat eta talde bat.Yussef Dayesen Black Classical Music asko entzuten ari naiz azkenaldian. Bon Iverren berria ere asko gustatu zait, Neil Francis ez nuen ezagutzen eta Changes kantuak obsesionatuta nauka. Hermanos Gutierrez furgonetan nabilenean asko entzuten dut, eta nahiz eta David Gilmour klasiko bat izan, haren disko berria ere asko gustatu zait.