Eider Merino: “Txirrindularitzan, hankak baino gehiago, burua zaindu behar da”

Bizikleta bidelagun, ozen entzun dugu aurten Eider Merinoren izena. Espainiako txapelduna da errepideko proban, bigarrena erlojupekoan eta zortzigarren egin du Italiako Giroan. Munduko Txapelketara abiatu aurretik gurekin izan da, Bilboko Euskalduna jauregian.

Bizikleta bidelagun, noiztik?

Betidanik, nire familian bi gurpilak beti daude elkarrizketa eta momentu guztietan. Txiki-txikia nintzela hasi nintzen, 6-7 urterekin, eta batek daki noiz arte.

24 urte dituzu eta kontuan hartzeko palmaresa. Urte hau bereziki ona izan da; denetan onena? Urte honetan lehertu da Merinoren talentua?

Desberdina izan da. Orain arte beti izan naiz Balmaseda eta Sopelako taldeetan. Movistarrera salto egitea pauso handia izan da niretzat. Denboraldia txarto hasi nuen, lesio batengatik, baina lehiatutako lasterketetan, gutxi izan badira ere, ondo ibili naiz. Italiako Giroa ikaragarria izan da, beste maila batean ikusten nituen txirrindulariak aldamenean ikustea, aurrez aurre, itzela izan da. Konfiantza ematen du, denboraldia ondo amaitu eta hurrengoari gogo betez heltzeko.

Espainiako txapelduna zara errepideko proban; zure ibilbide profesionaleko garaipen garrantzitsuena izan da?

Paperetan bai, baina ez da garaipen pozgarriena izan. Aurreko egunean erlojupeko proban bigarren egiteak ilusio handiagoa egin zidan, bereziagoa izan zen, ez nuelako inondik inora ere espero.

Gogoan duzu zure bizitzako lehen garaipena?

Noski, Sopelako taldean izan zen, junior nintzela eta Eneritz Iturriaga elite zela. Berari esker lortu nuen helmugara bakarrik iristea, eta eskerrak berari. Lasterketa bat irabazteko, bakarrik iritsi behar dut helmugara, oso motela naiz esprintean. Pentsa, bost badira esprintera iristen direnak, ni seigarrena izango naiz, ziur.

Zer da burura datorkizun lehen gauza lasterketa bat irabaztean?

Familia. Beti esaten dugu gauza bera, baina horrela da. Bronkak izaten ditugu, familia guztietan bezala, eta orduan konturatzen zara ea zergatik portatzen garen hain gaizki maite ditugun pertsonekin. Eurak dira momentu gogorretan hutsik egiten ez duten bakarrak. Lasterketa guztietara joaten dira, haiek dira nire erreferenteak.

“Konfiantza behar dut; oraindik ere, txiki ikusten dut neure burua tropelean”

Irabazten ez den kasuetan baina garaipena esku-eskura izaten denetan, buelta asko ematen dizkiozu buruari? Zertan huts egin duzun aztertzen duzu?

Akatsak aztertu behar dira hobetzeko, hori da aurrera egiteko modu bakarra. Buruz ez naiz oso gogorra, bizikleta gainean bai, ordu asko eman ditzaket errepidean, baina burua lantzeko ikasgaia dut. Gauzak gaizki doazenean, kosta egiten zait buelta ematea, eta, txirrindularitzan, hankak baino, burua zaintzea garrantzitsuagoa da. Momentu txarrak ahaztu behar dira, baina horietatik ikasi ere bai.

Ordu asko ematen dituzue bizikleta gainean; oso kontzentratuta joaten zara lasterketetan ala oso bestelako gauzetan pentsatzeko denbora dago?

Ni oso kontzentratuta joaten naiz, ezin didate hitzik egin ere. Oso-oso urduri jartzen naiz; aurten, urrats garrantzitsua egin dut, lasaiago joatea lortu dut, eta Movistarrek lagundu dit horretan. Ez da gauza bera tropelaren atzealdean joan edo aurrealdean. Movistarren elastikoa eramateak lasaitasuna ematen du. Gehiago errespetatzen naute tropelean, World Tourreko talde batean nagoelako.

Horrela irabazten da errespetua?

Hala da. Gizonezkoetan, Espainiako Itzulian Caja Rural eta Muriasekin ere gertatzen da. World Tourrekoa ez bazara, ez zaituzte errespetatzen, eta, are gutxiago, nire kasuan, txikia bazara. Nairo Quintanak sarritan esaten du tropelean ostikoka joan behar izaten zuela errespetua irabazteko.

Lehiakortasun handia dago txirrindularitzan?

Lasterketetan bakarrik. Kirol honek daukan gauza politena da lagunak egiten dituzula.  Berdin da zein kolore daramazun soinean, nire lagun onenak tropel barruan ditut. Bizkaia Durango eta Lointek emakumezkoen taldeen artean betidanik egon da lehia handia, baina, behin helmuga igarota, lagunak gara denak. Whatsappeko elkarrizketa gehienak taldekideekin ditut, ikastolako lagunak baino gehiago ikusten ditut, eta haiekin bizitzen dituzu momentu on eta txarrenak.

Betiko lagunekin egoteko denbora laburra daukazu, etxetik kanpo ere egun asko igarotzen dituzuelako; zein da txirrindulari profesional baten egunerokoa? Nola irabazten da soldata?

Esnatu, gosaldu eta entrenatu. Ia-ia beti entrenatzen naiz goizez, arratsaldeetan gehiago kostatzen zait. Txirrindulari bakoitzak bere entrenatzailea dauka eta orain ez da lehen bezala kilometroka entrenatzen. Lan-saioak ordukoak izaten dira; izan ere, ez da gauza bera lauan entrenatzea edo mendateak igotzea. Beste aukerak dira egun lasaia izatea errekuperatzeko edo serieak egitea, eta, noski, egindako lan guztia gordeta geratzen da. Garmin izeneko aparailu bat daukagu eta horrekin ez dago entrenatzailea engainatzerik. Orduak eta kilometroak, dena geratzen da gordeta.

Eta arratsaldean?

Arratsaldean bizitza normala egiten dut. Lagunekin elkartzen naiz kafe bat hartzeko edo erosketak egiten ditut, beharrezkoa da buruari atseden ematea.

Hori, etxean zaudenean eta lasterketetan, errutina bera da?

Ia berdina. Kontua da lasterketaren ostean ez dagoela paseo bat emateko aukera askorik. Arratsaldeetan hobe da hankei ahalik eta atseden handien ematea. Hobe dugu lasai egon, ezin gara belauniko jarri edo gaizki eseri; bestela, masajisten errietak entzun behar ditugu, eta arrazoi osoarekin.

Elikaduraren garrantzia. Zenbateraino zaindu behar da?

Zaindu egin behar da, baina ez da kostatzen. Jendeak uste du osasuntsu janda zaporeari uko egin behar zaiola, baina ez da horrela. Nik oso gustuko dut janaria prestatzea, gauza berriak probatzea gustatzen zait eta arazo guztiak sukaldean ahazten ditut. Ohitura hartzea da. Garrantzitsuena da koipe askorik ez hartzea, baina, egiari zor, guztiok jan beharko genuke horrela, kirolariak izan zein ez. Tarteka, jatetxeetara joaten naiz eta kapritxoak ere izaten ditut.

Zein da zure kapritxoa; txokolatea, agian?

Ez, txokolatea ez.

Hobeto.

Ez naiz batere gozozalea. Txokolatezko barrak ez zaizkit batere gustatzen. Gozoa ez den beste edozer.

Eta lasterketan zaudetela, zer jaten duzue?

Gelak, barrak eta opilak eramaten ditugu bizkarrean. Nahiago izaten ditugu naturalak direnak, masajistek egiten dituzten opilak asko gustatzen zaizkigu.

Adibidez?

Barra antzeko opil bat, baina arroz-esneduna. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Gelak ez zaizkit asko gustatzen, baina beharrezkoak dira lasterketetan, energia azkar batean ematen dutelako. Mota askotakoak daude.

Txirrindularitzan ere ezberdintasun nabariak daude emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Hasteko, junior mailatik profesionaletara salto egiten duzue zuzenean, ez dago tarteko mailarik. Gizonezkoetan, afizionatuen maila dago. Zer da hain gazte izatetik bat-batean mundu mailan erreferenteak direnekin lehiatzera pasatzea?

Jauzia handia da, baina askoz ere gehiago nabaritzen da nazioartean lehiatuz gero. Estatu mailan ez dago alde handirik; kanpoan maila handiagoa da.

Soldatak nabarmen txikiagoak dira emakumezkoen kasuan. Bidezkoa ez dela jakinda ere, onartu, asimilatu egin behar den kontua da?

Onartzekoa ez da. Esfortzua, lana, bera da. Aitzakia izaten da guk kilometro gutxiago egiten ditugula eta, beraz, gutxiago kobratu behar dugula, baina proportzionaltasuna behar da. Kilometro aldetik, guk 150-160 kilometro egiten ditugu, gehienez, eta gizonezkoek, askoz jota, 100 kilometro gehiago egiten dituzte.

Zenbakitan, zein da aldea?

Italiako Giroan, adibidez, gure lasterketak hamar egun irauten du eta gizonezkoenak, 21. Ulertzekoa litzateke kasu horretan emakumezkoek erdia irabaztea, baina ez da hori gertatzen. Giroa irabazten duen emakume batek –sailkapen orokorra– 1.000 euro inguru kobratzen ditu eta Giroa irabazten duen gizonezkoak, 200.000 euro. Hori ez da proportzionala.

Agerian da asko dagoela oraindik egiteko, baina zerbait aldatzen ari da? Itxaropentsu egoteko arrazoirik badago?

Poliki-poliki, baina bai, gauzak aldatzen ari dira. Movistarren soldata da emakumeen eta gizonezkoen arteko ezberdintasun bakarra, materiala eta erropak berdinak dira orain. Kontua da egunetik gauera ezin dela dena aldatu.

Emakumezkoen lasterketetan orain dela gutxi hasi dira igoera luzeak sartzen.

Bai; orain arte, lasterketa gehienak lauak ziren, ez ote ginen gai izango… Emakume koitaduak, ez omen dira mendateak igotzeko gai. Zergatik ez?

Ez da zure kasua. Asko sufritu zenuen Tourrean, baina ahaleginak eta bi egin zenituen helmugara heltzeko.

Oso gaizki pasatu nuen, egun txarra izan nuen, botaka aritu nintzen hasieratik, baina ez nuen amorerik eman, ez dut sekula amorerik ematen, anbulantziak etorri beharko luke nire bila lasterketatik kanpo nagoela esateko. Oker ez banabil, behin bakarrik utzi dut lasterketa bat eta nire esku ez zeuden arrazoiengatik izan zen.

Abandonatu hitza ez da kirolari baten hiztegian agertzen.

Nire esku dagoen kasuetan, ahal dudan moduan baina helmugara iritsi behar dut bai edo bai.

Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan txirrindulari erreferentea zara Ane Santestebanekin batera; nola eramaten da presio hori?

Igarri egiten da, jende gehiagok ezagutzen nau eta sare sozialetan jarraitzaile gehiago ditut, baina oso pozgarria da.

Sare sozialak asko jarraitzen dituzu? Nahi beste eta nahi bezala idatzi daiteke bertan.

Saiatzen naiz kasu handirik ez egiten. Twitterren, adibidez, jendeak nahi duena idazten du; batez ere, Movistarreko kontuan. Astakeriak irakurtzen ditugu. Instagram da gehien gustatzen zaidana. Sare sozialen alde txarra da edonork dakiela une oro non zauden, ez daukazu intimitaterik, baina beharrezkoak dira gaur egun, denok erabiltzen ditugu.

Eta kritikak?

Nahiago dut horiek ez irakurri, eta, bestela, barre egin.

Baikorra zara?

Kostatu egiten zait, besteei laguntzen diet baikorra izaten, baina nik kontrakoa egiten dut. Konfiantza handiagoa izan beharko nuke; oraindik ere, txiki ikusten dut neure buruan tropelean.

Zer aldatu da profesionala zarenetik?

Gehien eskertzen dena da atseden hartzeko denbora daukadala. Leioako Unibertsitatean ikasten ari nintzenean, ez neukan horretarako astirik.

Kimika ikasi zenuen.

Batxilergoa oso erraza iruditu zitzaidan, hamarra ateratzen nuen ikasgai ia guztietan. Kimika ikasten hasi nintzenean, ordea, nola ausartu ote nintzen galdetu nion neure buruari. Bost ordu besterik ez nuen lo egiten. Hala ere, esandakoa bete egin nuen, oso burugogorra naiz, eta lau urtean lizentziatu nintzen.

Ikasketak amaituta, gurasoek esan zidaten bi urteko epea emango zidatela txirrindularitzara soilik dedikatzeko, ea zer gertatzen zen.

Aurten hasi zara, beraz, soldata bat irabazten.

Bai; lehen, irabazitako diru apurra bizikleta konpondu eta mantentzera bideratu behar nuen. Orain, nire erosketak nik egiten ditut, ez dut gurasoen laguntzarik behar. Gizarte Segurantzan alta emanda nago.

Denboraldia amaitzear da; Austrian jokatuko den Munduko Txapelketa duzu orain begiz jota.

Oso gogorra izango dela dirudi, hala erakusten dute profilek. Normalean, esprinterako aproposak izaten dira, eta aurten, badirudi garaipena igotzaile batentzat izango dela. Talde sendoarekin goaz, igotzaile apartekin, eta lan polita egingo dugu.

Eta ondoren, oporrak.

Bai. Munduko Txapelketa amaitu eta Austriatik Mallorcara joatea pentsatzen ari gara. Hegaldiak begiratzen ari gara, Austriatik merkeago ateratzen da eta; 19 eurogatik.

Bizikletarik gabe?

Noski; urri osoan ez dut bizikleta hartuko. Bi edo hiru aste ditugu guztiz atseden hartzeko. Denboraldi berria hasi arte, beste kirol batzuk egiten ditugu: igeriketa, mendiko bizikleta… edo oinez ibiltzera joaten gara. Apurka-apurka hasten gara.

Eider Merino, emakume txikia itxuraz, baina handia eta ausarta errepidean. Denboraldia ondo amaitu ezazu eta zorte on.

Eskerrik asko zuri.