Ehungintza eta zilarrezko bitxiak
Marka: Ene Kreazioak
Nagore De la Torre Amuriza da proiektu honen atzean dagoen pertsona. Ene Kreazioak hobby bat izaten hasi zen, eta denbora luzean arreta eta gogo berezia eskaini ondoren, zerbait gehiago da egun. Ehungintzako produktuak eta zilarrezko bitxigintzako osagarriak diseinatu eta fabrikatzen dituzte. Tailer propioa dute eta produktuak saltzeko denda ere bai, Usansolon (Bizkaia).
Modu justuan
Aurreko hamarkadatan sortu diren eta oraindik inork erabili ez dituen ehunak erabiltzen dituzte. Ehun organikoak eta birziklatuak erabiltzen dituzte, eta beraien eskuetan erortzen den oihal zati bakoitza aprobetxatzen dute. Modu kontziente eta artisauan egindako produktu arduratsuak sortzen dituzte. Alegia, modu justuan ekoizten dute.
Jantziak eta bitxiak
Ene-n gizarteak eskatzen dituen beharretara egokitu dira eta, horregatik, erraz konbinatzen diren eta egunero erabil daitezkeen jantziak eta bitxiak sortzen dituzte. Era guztietako jantziak dituzte, asteko edozein egunetan eta egoeratan janztekoak; oinarrizko jertse batetik hasi eta txaleko edo kimono batera arte.