Egunero ondo janztearen aldeko apustua
Marka: Iratxe Gaztelu / @in_luuk
Etxean ditugun arropekin egunerokotasunean ondo eta dotore janztea da Iratxe Gazteluren leloa. Horren aldeko apustua egin zuen, eta, haren ustez, hori da beraren Instagram kontuaren arrakastaren arrazoia: “Gauza asko erosi barik, egunero elegante joan daiteke”.
Jarraitzaile gehiago
Instagrameko kontua zabaldu zuenetik, jarraitzaile kopuruak gora egin du etengabe. Astero bi look sareratzen ditu eta pieza bakoitza non eros daitekeen zehazten du. Story-etara momentuko inspirazioak igotzen ditu. Arazo pertsonalak tarteko, sare sozialetatik aldenduta egon zen hilabete batzuetan. Egun, indartsu dago berriro: 65.000 jarraitzaile ditu.
Bezeroekin aurrez aurre
Sare sozialetan erakusten duen horrez gain, bezeroekin aurrez aurre lan egitea gustatzen zaio Gazteluri. Harengana joaten direnen morfologia, kolorea eta estiloa aztertzen ditu eta horrekin egiten du lan. “Pertsona bakoitzak dauka bere estiloa eta hori azaleratzen laguntzen diet. Barrutik sentitzen duten hori kanpoan nola islatu erakusten diet”.
Askotariko profilak
Profil eta tipologia askotariko bezeroak ditu Gazteluk. Askotariko beharrak tarteko harengana joaten direnak. Baina guztiekin egiten du lan modu berean: “Nortasuna izan dezaten laguntzen diet, eta ez mozorrotuta joaten”.



