Egitura
Itxaso Paya Ruiz
Duela egun batzuk, Sinsorgak antolatutako EKAE –Emakumeen kultura eta ekonomia– jardunaldietan parte hartu nuen. Galdera nagusia zuzena eta zorrotza zen: Kultura eta dirua, harreman deserosoa?
Eztabaidak erakutsi zuen deserosoa ez dela harremana bera, baizik eta kultur sistemaren egitura ahula. Nirekin batera aritu ziren Eurie Cierbide, Amaia Igartua, Alaine Agirre eta Sara Blanco. Euren ekarpenek agerian utzi zuten sorkuntza prozesuen, kudeaketaren eta lan-baldintzen arteko talkak ez direla kasu isolatuak, baizik eta sektore oso baten ezaugarri. Hala ere, nire gogoetak ez ziren soilik jardunaldi hartan entzundakoetan oinarritu.
Aurreko udazkenean egindako Bizkaiko Emakume
Sortzaileen Topaketan –BEST– jasotako testigantzak ere ekarri nituen gogora, han entzundako ahots askok eztabaidarekin lotura zuzena baitzuten.
Maite Lopezek esan zuen: “Ez naiz sortzetik bizi izan, baina bai sortzailea izan naizela edozein esparrutan. Egiteak bihurtzen zaitu”. Esaldi horrek identitate profesionalaren eta diru-sarreren arteko arrakala azaleratu zuen. Euskal Herrian, bereziki euskarazko sorkuntzan, jarduera mistoa da ohikoena: sortu, irakatsi, kudeatu, bestelako lanak egin.
Profesionaltasuna ez dago zalantzan; egonkortasuna, bai. Horrek erakusten du sistemak ez duela nahikoa egitura eskaintzen sorkuntza bera lanbide egonkor bihurtzeko. BESTen jasotako beste esaldi batek ere oihartzun handia izan zuen, Yolanda Arrietarenak: “Leku guztietan egon beharrak gaixotzen gaitu”. Kultur sektorean, ikusgarritasuna ez da aukera bat; sarritan, biziraupenerako baldintza da. Sare sozialetan presente egon, deialdietara aurkeztu, programazioetan agertu. Hiper-presentziak nekea eta auto-esplotazioa dakar. Ikusgarritasunak, ordea, ez du kotizatzen.
Laura Penagosek bi ideia indartsu plazaratu zituen: “Nire lana kudeatzeko modua lagunak dira, sarea”, eta “dirulaguntzek deshumanizatzen gaituzte.” Sareak
azpiegitura bihurtu dira, egitura formalik ez dagoenean. Aldi berean, dirulaguntzen burokraziak sortzailea
administrari bihurtzeko arriskua dakar. Laguntzak ezinbestekoak dira, baina ez dira egitura
iraunkorraren ordezko.
Eva Guerrerok ere egituraren hutsunea nabarmendu zuen: “EAEn ez dago nazio mailako konpainia sendo eta egonkorrik, ezta talde handiak jasotzeko moduko azpiegiturarik ere”. Horrek atomizazioa eta gainprodukzioa eragiten ditu: proiektu asko sortzen dira, baliabide mugatuekin eta ibilbide laburrekin. Antzerkian eta dantzan, askok sortu, kudeatu eta administratu behar dute, aldi berean. Dirulaguntzarik gabe, sistema kolokan geratzen da.
EKAE jardunaldietan entzundakoek eta udazkeneko BESTen jasotako testigantzek hari bera zuten: arazoa ez da pasio falta, ezta talentu eskasia ere. Arazoa egiturazkoa da. Europako hainbat herrialdetan, badaude konpainia publiko iraunkorrak, sare nazional sendoak eta lan-baldintza estandarizatuagoak. Hemen, berriz, urteko deialdien menpekotasunak baldintzatzen du sektorearen egonkortasuna. Kultura ez da luxu bat; hizkuntza baten biziraupena, memoria kolektiboa eta kohesio soziala elikatzen ditu. Horregatik, ikuspegi estrategikoa behar da: ordainsari minimoen erreferentziak, egitura publiko egonkorrak, administrazio-karga arintzeko neurriak eta sorkuntza denbora babesteko politikak. Kultura eta dirua bateragarriak dira. Baina bateragarritasun hori ez da espontaneoa; diseinatu egiten da. Eta azken asteetako eztabaidek berriro gogorarazi didate: pasioak ez du sistemarik ordezkatzen. Egitura behar dugu.