Edurne Pasaban: “Mendiak eman didan onena lagunak dira, baina baita kendu ere”

Munduan aski ezaguna den alpinista da Pasaban. Bakarra, lehen zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izan zelako. Saipaleko espediziotik bueltan, tartetxoa atera du Sara Gandararekin hitz egiteko, eta kontatutakoa zinez oso interesgarria da.

Edurne Pasaban, eskerrik asko deiari erantzuteagatik eta eskerrik asko hemen izategatik.

Eskerrik asko zeuei.

Nonbaitetik hasteagatik, Saipal proiektuaren inguruan hitz egin nahiko nuke. Emakumeen eskubideak babestu nahi dituzue nolabait, ezta?

Oraintxe bueltatu gara Saipaldik. Aurten, espedizio desberdin batean parte hartzeko aukera izan dut. Himalaiara bueltatzeko aukerak desberdinak izan dira beti eta oraingoan banekien Himalaiara bueltatzen banintzen ez zela izango 7.000 metroko mendi bat igotzeko, proiektuaren atzean beste zerbait bilatzen nuen. Urte hasieran proposatu zidaten Himalaiara bueltatzea, mendi hori, Saipal mendia, emakume batzuekin igotzeko. Nepalgo emakumeak dira. Emakumeek diskriminazioa sufritzen dute Nepalgo eskualde horretan, eta hango mendi bat eurekin eskalatzea proposatu zidaten. Farwest deitzen dioten eskualde batean badago mendi sakratu bat, Saipal, eta eremu hartan bizi diren emakumeek sufritzen duten diskriminazioa erakutsi nahi genuen. Eta lehen pausoak eman, ea aldaketarik egin dezakegun.

Nola aurkitu dituzu emakume horiek? Zein da euren egoera?

Hinduistak dira; erlijio horrek baditu zenbait ohitura, eta eskualde horretan ohitura horiek mantentzen dira. Esaterako, emakumeak hilerokoa daukanean, lau egun horietan, haragikoiak direla pentsatzen dute eta etxetik bidaltzen dituzte. 12-13 urterekin hilerokoa iristen zaienetik, hilero pasatuko dituzte lauzpabost egun txabola batzuetan animaliekin bizi izaten, kasu onenetan, edo, bestela, lauzpabost egun basoan bakarrik bizi izaten. Ezin dute inguruko gizon edo beste inorekin inolako harremanik izan: ukitu ez, ezta toki berean jan ere. Gauza asko gertatzen dira, baina gauza horietako txarrena hori da, ohitura hori oraindik mantentzen dela. Beste adibide bat. Emakume batek ume txiki bat izaten duenean, jaiotzen den momentutik, etxetik bidaliak izaten dira bai ama eta baita semea ere, eta horrela edukitzen dituzte 6-7 egun, eta etxera berriz bueltatzeko behiaren pixarekin purifikatuak izan behar dute bai umeak, baita amak ere.

Ez sinestekoa da. XXI. mendean emakumeak horrelako baldintzetan bizitzea.

Nik Nepal asko ezagutzen dut. 20 urte baino gehiago dira hara joaten naizela, baina ezagutzen dugu Nepal bat turismoarekin harreman gehiago daukana, atzerriarekin ere harreman handiagoa daukana, zortzimilakoekin, trekkingak egiteko aukera… baina badago beste Nepal bat horrelako ohiturak dituena eta hainbat mende atzerago bizi dena.

Horren inguruan dokumental bat egingo duzue, ezta?

Irudi asko grabatu ditugu eta orain, dokumentala muntatzen ari gara, egoera zein den erakusteko. Espedizio honetan lau emakume nahi genituen gurekin Saipalera igotzeko. Hasiera batean, arazoak izan genituen euren familiekin. Eurentzako, mendiak jainkoen etxeak dira, eta, beraz, emakumeak haragikoiak izanik, ezin zuten horra igo. Ez zieten uzten. Kostatu zitzaigun lau emakume hauek aurkitzea. 19 eta 26 urte bitarteko lau neska dira, baina emakumeak dira; izan ere, 15 urterekin, normalean, lehendabiziko haurra izaten dute. Ezkontza guztiak planifikatuak dira. Hasiera batean, sei emakume izan behar zuten, baina urtean barrena gurasoek ezkondu egin dituzte eta ezin izan dute etorri. Egoera benetan txarra da. Hangoekin elkarrizketetan, niri galdetzen zidaten ea seme-alabarik nuen. Bai, semetxo bat daukat, eta ze zorionekoa nintzen esaten zidaten mutila nuelako. Han, emakumea izanda, eta, gainera, alabaz erdituz gero, herriak marjinatu egiten zaitu, baztertuta bizi zara eta herriak zure senarra presionatuko du beste emakume batekin ezkontzeko seme bat izateko.

Nola kontrolatzen dira emozioak?

Dokumentala grabatzen ari ginen eta joaten ginen etxeetara eta ikusten genituen emakumeak etxetxo horietan bakarrik bizitzen, eta nik ezin nuen hori aguantatu. Alegia, emakume bat nire adinekoa, 45 urtekoa, zahartzat ematen dute, eta hori kontatzen duzu eta pentsatzen duzu: nik hau ez dut nahi nire seme-alabentzako, baina ohiturak horrelakoak dira eta benetan oso gogorra da. Ingurune oso pobrea da, ez dago turismorik, ez dago ezer, lurretik bizi dira, animaliek edo lurrak ematen dutenaz bizi dira, leku askotara oinez joateko bost egun behar dira, ez dago medikurik… Gurekin mediku bat joan da eta zenbait kanpaleku mediko egin ditugu, jende asko etorri da, eta etortzen ziren ume txikiak ikustean, emakumeak horrela bizitzen… benetan oso gogorra. Eta aldaketa? Horrelako leku batean aldaketek oso poliki joan behar dute. Eta beraiek erabaki nahi dute aldatu nahi dutela.

Nola hartu zaituzte? Nola hartu dute atzerritar talde bat horra gerturatzea bertako bizimodua zertan den kontatzeko?

Alde batetik, ondo, euren herrialdea ezagutzeko aukera bat bezala ikusi dutelako. Mendiak izugarriak dira, parajeak… esaten duzu: “Oraindik existitzen dira horrelako lekuak?”. Aukera bezala ikusi dute, beharbada, dokumentalaren ondorioz jende gehiagok joan nahiko duelako ingurune horretara, eta, orduan, lepakari bezala lan egin dezakete. Aurrerapen modura ikusi dute, eta, bestalde, bazegoen jendea ez zuena oso ondo onartzen. Nik beti pentsatu izan dut aldaketak eskoletatik etorri behar duela. Alegia, eskoletan erakutsi behar zaiela emakumeei gauza asko; esaterako, hilerokoaz. Azaldu behar zaie zergatik daukagun hilerokoa, hilero jaisten zaigula umeak eduki ahal izateko, gorputzaren gauza bat dela; tradizio horiek guztiak han hasi behar dira, edukazioan edo eskoletan. Hori esplikatzen dizut, gure ustez, hortik datorrelako aldaketa. Adibide bat: herri batean gizon bat topatu genuen, mozkorra zegoen, eta gure kontra hasi zen esanaz zertara gentozen, eta, azkenean, etxe batean itxi zuten. Gizon hori herri horretako irakaslea zen… Nola egingo dugu aldaketa hor? Ezinezkoa da. Lan asko daukagu. Gurekin etorri diren emakumeak erreferente izango dira ingurunean, eta bazegoen jendea kontentu zegoena. Ikaragarria izan da, eskualde batera joan eta edozein herrixkatan bazekiten han geundela, bazekiten neska hauen historia, euren izena eta guzti zekiten, erreferente izango dira; neska hauek hurrengo emakumeentzako edo gazteentzako erreferente izango dira. Gure nahia da ingurune hori turismora irekitzea, jendea hara joatera animatzea, oso basatia da, ikaragarria da ingurunea, bai aurkituko denagatik, baita fisikoki trekking erreza ez delako ere. Era batera edo bestera, emakume hauekin lehen trekking agentzia sortzea, beraiek pixka bat buru izatea… Ez da inondik inora ere pentsatzen han emakume batek lanpostu bat izan dezakeenik, edo enpresa bat sortu.

Nolakoa izan da esperientzia neskekin? Gauza asko kontatuko zizkizuten, ezta?

Mendian ez zuten esperientzia handirik, altueran asko ibilitakoak dira; izan ere, mendi horretan hazi bat dago, lau mila eta bostehun eta bost mila metro artean mendi-lepoetan agertzen den hazi bat, eta hori jasotzera joaten dira. Berez, altueran asko ibiltzen dira hazi hori jasotzen, eta, beraz, altueran bazuten esperientzia, baina teknikoki ez. Erakutsi zaie, egin dituzte zenbait ikastaro gu joan baino lehenago, han asko erakutsi zaie… Eta esperientzia beraiekin? Izugarria. Nire dendan euretako batekin lo egiten nuen, berak esaten zidan ni bere bigarren ama nintzela, eta espedizioa bukatu zenean ikusi egin behar zen neska horrek nola egiten zuen negar. Sinesgaitza izan da; ez zuela nahi ni joatea. Nik lasai egoteko esaten nion, harremanetan izango ginela. Ikasketak ordaindu nahi dizkiot, bere gurasoek ezin dutelako… neska hauek aukera bat izango dute, baina bizi izandakoa eta beraiek kontatutakoa, itzela. Esate baterako, neska honen amak lau alaba izan ditu eta bere aita herri guztiak matxakatzen du eta emakumeak herritik alde egin nahi du, ezin duelako gehiago; herriak erabat baztertu du emakume hori, ezin izan duelako semerik izan. Neska horren bizitza gogorra da. Gero, badago beste neska bat, aita hil zitzaion berak 11 urte zituenean, bost seme-alaba dira eta amak ez du inongo baliorik komunitatean, senarra hil zaiolako.

Benetan gogorra… Noiz egongo da prest dokumental hori?

Orain, ekarri dugun material guztia ikuskatzen ari gara, material asko ekarri baitugu, eta nik uste dut datorren urteko lehen hiruhilekoan, otsailerako edo martxorako bukatuta izango dugula.

“Bizitza aukerez beteta dago eta erabakien ondorio gara”

Hamalau zortzimilakoak egiten lehena zara, gurean eta mundu mailan ezaguna; lortu duzunaz kontziente zara?

Egia esan, orain ikusten dut beste bizitza bat izango balitz bezala. Hamalau zortzimilakoak egin nituen momentu hartan, hamar urte horietan, eskalatzen, espedizioak egiten… Horrelako gauza bat lortu nahi nuen. Talde batean geunden, lortu nahi genuen eta bukatu zen, eta bai, badaukazu poz hori; alegia, behin amestu dudana lortu dut eta listo dago. Denbora pasatzen da eta, orain, esan dizudan bezala, urruti ikusten dut. Gaur, beste toki batean nengoen, eta deitu didate esateko eman behar didatela sari bat nire ibilbideagatik, eta esaten dut: orain, 45 urterekin? Pozgarria da, edonola ere, erreferente modura izan daiteke, erreferente bagarelako, baina bueno, besterik gabe.

Zuk beti izan duzu argi hori zela zure ametsa, mendira joatea? Nola izan zen?

Goiz hasi nintzen, 14 urte nituenean, Tolosako mendi elkarte batean. Jende helduagoarekin egoten nintzen beti, beraiek asko erakutsi zidaten… Gero, zortea izan nuen, ze helduagoa zen jende hori 14-15 urteko neska batekin erlazionatzea, mendira eramatea, nik uste dut hori zortea edukitzea dela, eta ez nuen inoiz uste horrela bukatu behar nuenik, 14 zortzimilakoak egiten. Ni egiten joan nintzen, Pirinioetatik Alpeetara egin nuen salto, handik Andeetara, gero Himalaiara… dena mendiko taldearekin, eta, gero, momentuak suertatzen hasi ziren. Nik uste dut bizitza aukerez beteta dagoela, eta erabakien ondorioa gara. Eta zuk erabakitzen baduzu nonbaitera joatea, han ezagutzen duzu pertsona bat edo batzuk, eta horrek ematen dizu bizipen bat. Gero, urteak pasatzen dira eta hasten zara pentsatzen momentu hartan ez banintz han egongo, seguruenik ez nintzatekeen hona iritsiko, eta horrela da. Gazteei horrelako hitzaldiak ematen dizkiedanean esaten diet bizitzak aukerak ematen baldin badizkizu, probatzeko. Probatu, seguru beti dagoela zerbait ona horren atzean. Horrela izan zen. Hasiera batean, nire gustuko gauza bat zen eta hobby modura egiten nuen zerbait zen, eta, azkenean, nire ogibide bihurtu zen.

Ogibide horretan, babesleek sekulako garrantzia dute.

Eta gehiago mendi-kirol batean. Goi mendizaletasuna edo alpinismoa edo himalaismoa ez da oso ezaguna eta ez da medio guztietan agertzen. Medioetan agertzeko, edo desgrazia bat gertatu behar da edo sekulakoa egin behar da; hau da, 14 zortzimilakoak egitea bezala. Babesle bat edo laguntza jasotzeko, zuk komunikabideetan egon behar duzu, eta hori ez da beti erraza izaten. Babesleak oso inportanteak dira. Jendeak esaten du, eta nola lortzen dituzu babesleak hasierako espedizioan? Horiek izaten dira loteria saltzen, txartelak saltzen, kamisetak saltzen festatan, Tolosako Inauterietan taberna jartzen, txosnetan… horrela biltzen duzu dirua espedizioetara joateko. Eta behin lortzen hasten zarenean, esan behar da baita ere Euskal Herrian eta Gipuzkoan hasierako kirola ondo babestua dagoela, badaude Kirolgi Fundazioa eta horrelako gauzak, eta laguntzak jasotzen dira; ez dira sekulakoak, baina badira. Eta nik uste dut argi izan behar dugula erreferente bagarela hemen. Zergatik hain kirolari onak? Ba, oinarrizko kirola ondo babestuta dagoelako. Laguntzak ez dira sekulakoak, baina laguntzak daude, beste komunitate batzuetan ez dago horrelako aukerarik. Eta gero, urratsak pixkanakakoak dira.

Zein da egindako zortzimilakoen artean bereziki gogoratzen duzuna?

Denek daukate momentuak, historiak, pertsona batzuk inguruan eta ze momentu zauden zu bizi izaten. Baina adibide bezala beti K2 jartzen dut. 2004. urtean izan zen, mendi gogorra… K2-ren ondoren, Al filo de lo imposible programan sartu nintzen. Hor esan daiteke lehenagoko eta bigarren zati bat dagoela nire bizitzan. Oroitzapen gogorrak, baina baita politak ere.

Mendia ez da erraza. Bizitza dago jokoan. Beti esaten duzue bueltatzea dela garrantzitsuena, baina Alberto Zeraini gertatu zitzaiona, esate baterako, gogorra izango da.

Mendiak eman didan gauzarik onena nire lagunak dira, baina mendiak lagun onenak ere kendu dizkit. Mendian suertatzen diren harremanak sekulakoak dira. Eta lagun bat galtzen duzunean, Zerain bezala, edo beste asko; izan ere, nire karreran, 14-15 gertuko lagun galdu ditut, eurekin eskalatzen nuela bai asteburu batean edo Pirinioetan… Bai da gogorra. Jendeari hau ulertaraztea oso zaila da, zergatik bueltatzen garen, nola izan dezakegun berriz ere mendira joateko gogoa… lagun batekin joan, edo lau lagun joan espedizio berean eta hiru bueltatu. Azkenean, bizitzak segi egiten du. Zuk pasio bat daukazu egiten duzunarengan eta badakizu galdu duzun pertsona horrek… berarentzat erabakirik onena zuk segitzea izango litzatekeela. Ez dugu lagunik galdu nahi, ez dugu gure bizitza mendian galdu nahi, baina bueltatzen zara badakizulako era batera edo bestera pertsona hori zurekin dagoela mendira bueltatuko zarenean.

Nola ematen duzue denbora mendian, leiho bat zabaldu arte gailurrera iristeko?

Luzeak egiten dira. Beti esaten dugu espedizio luze batean pasatzen ditugun uneak, eta askotan Pirinioetan gehiago eskalatzen duzu Himalaian baino, beti zaude zain, denda barruan, elurra egiten du… bakoitzak badauka bere aukera, edo liburu bat irakurri, edo pelikulak ikusi, kartetan jokatu… ni naiz asko nire dendaren barruan egoten naizen horietakoa, liburu bat irakurtzen, baina horretarako ere pazientzia behar da. Denak desberdinak gara… Alex Txikon bat denda baten barruan geldi edukitzea oso zaila da, Alexen karakterra delako. Ni lasaiagoa naiz; bakoitzak badauzka bere trikimailuak.

Aklimatazioa ez da erraza izango. Gauza bat esango dizut: programa bat egiteko Ekuadorrera joan nintzen, Chimborazo igotzeko. 5.000 metrora zegoen. Aklimatazioa ez genuen behar bezala egin; hil egin behar nuela pentsatu nuen.

Zuk esan duzu: ez genuen behar bezala egin. Aklimatazioaren trukoa poliki egitea da. 5.000 metrotara igo behar baduzu, hasi mila eta pikutik, pixkanaka bi mila, bi mila eta bostehunetik hiru milara; horra iristen zarenean, egon hor pare bat egun, eta pixkanaka. Trukoa hori da, baina ez dago ezer idatzia. Mundu guztia era desberdinean girotzen gara. Genetikoki zu eta ni desberdinak gara eta desberdin girotuko gara. Badaude kirolari oso trebeak, ikusi ditut puntako kirolariak goi mendira joan eta ez direnak girotzen; fisikoki oso ondo egon, baina ez dira girotzen, hori mundu bat da. Nik izan dudan gauza onenetako bat da oso ondo aklimatatzen naizela, nire gorputzak gogoratzen dituela, gainera, aurreko espedizioak eta segituan aklimatatzen da, baina hori da nire gorputza; beste batena desberdina da.

Amatasuna. Ama zara, esan genezake, berandu.

Berandu, komatxorik gabe, 43 urterekin izan nintzen ama. Esperientzia oso ona da. Nik argi neukan ama izan nahi nuela. Gertatzen dena da momentu konkretu batean ezin izan nuela. Saipaldik bueltatu eta gero konturatzen naiz 18 hilabeteko semea hilabete utzi dudala etxean aitarekin. Ez zait kostatu, baina eskalatzen-eta ibili garenean, arriskuan jartzen zarenean, gauzak askoz gehiago pentsatzen dituzu, askoz gehiago. Ez duzu zuk kontrolatzen hori, da zerbait barruan daukazuna, eta esaten duzu: ni ez naiz horra igoko. Orduan pentsatzen dut 14 zortzimilakoak egiten nenbilenean ama izan banintz, seguruenik gaur ez ginatekeela hemen egongo, beste bide bat jarraituko nuela. Amatasuna berandu bai, baina momentuak daude. Tamalez, emakumeok badugu erloju biologikoa mugatzen gaituena; gaur egun, aukera gehiago daude lehen baino. Azkenean, nahiz eta ama izan nahi izan, momentua aurkitu egin behar da, noiz den zure momentua. Nik argi neukan hori bukatu nahi nuela eta gero etortzen baldin bazen etorriko zela. Zerbait sartzen baldin bazaizu buruan, batzuetan, zaila da. Ni hiru aldiz saiatu nintzen. Max ez da etorri nahi izan dudan momentuan, hiru saiakera oso gogorrak izan dira, bi urte eta erdi oso gogorrak, baina ezin gusturago.

Mendiarekiko harremana aldatuko zen amatasunaren ondorioz?

Lehentasunak aldatu egin dira. Himalaiara joateko, espedizioak egiteko daukadan gogoa ez da goi mendiko espedizioak egitea bezalakoa. Orain, batean egon gara. 7.000 metro 7.000 metro dira, baina ez dira espedizio handiak… gogoak segitzen du, nahi dut joan, baina arriskua beste modu batean kudeatzen dut. Orain esango balidate neguan zortzimilako bat egitera joango zinateke? Ba, ez, ez daukat beharrik. Duela sei urte? Ba, igual erantzuna beste bat izango zen. Orain ez. Nire gogoa ez da bukatu, baina gauzak desberdin ikusten ditut.

Non ikusten duzu zeure burua epe laburrera?

Gutxi gorabehera, bide honetatik. Hitzaldiak eta aurkezpenak asko egiten ditut, nire ogibidea hori da gaur egun. Espedizio berriak egiten ikusten dut neure burua, bi urtetik behin; ikusiko dugu suertatzen diren neurrian. Saipalgoa bezalako espedizioak, atzetik beste zerbait daukana. Horrela ikusten dut nire bizitza: mendiarekin erlazionatuta eta amatasunaz disfrutatzen.

Eskerrik asko, Edurne, oso interesgarria elkarrizketa. Zorterik onena aurrerantzean, eta dokumentalarekin ere bai.

Mila esker!