Edurne Koch: “Haurren askotariko identitate sexualak gizarteratu behar ditugu”
Adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkarteko kidea. Zakila duen alaba daukate etxean. Bera eta bera bezalako umeak gizartean onartuak izan daitezen eta eskubide guztiak bermatuak eduki ditzaten lanean buru-belarri dabil, gaiaz hitz egiteko beharra ez dagoen eguna iritsi bitartean.
ANABEL ARRAIZA: Edurne, gauza askotaz hitz egin daiteke zurekin, gauza askotan ibilia zarelako eta ibiltzen zarelako, baina gaur, zuena Naizen-eko familia bat delako elkarrizketatuko zaitut. Naizen-eko kide zara.
EDURNE KOCH: Bai, hori da.
Naizen elkartean badaramazue denbora bat, baina Naizen elkartera iritsi aurreko familia hura ezagutu nahi dut lehenengo. Zuek Aizarotzen bizi zarete, eta hiru seme-alaba dituzuen bikotea zarete.
Hori da. Eta sorpresa ekarri zigun hirugarrenak, hain zuzen ere. Eta orain egingo dugu lau urte lehia honekin hasi ginela.
Orain dela lau urte, berak 4 urte zituen.
Lau urte egiteko.
Kasu honetan, berak neska zela aldarrikatzen zuen.
Hori da. Bera, berez, bi urte pasatxo zituelarik pistatxo batzuk ematen hasia zen etxean eta etxekoen inguruan. Guretzako, pentsa ezina zen gerora deskubritu genuena. Ez genuen ulertzen zer adierazi nahi zigun eta zer zuen ume horrek; ez genuelako ikusten ondo zegoenik. Ezinegon bat zeukan, haserrealdi asko, iritsi zen momentu bat oso gutxi jaten hasi zela, bere anaia, aita eta aitona baztertzen hasi zen mutilak zirelako, soilik nirekin eta bere ahizparekin zuen harremana… Bazeuden mezu subliminal batzuk eta hasi ginen tarteka begiratzen, galdetzen, baina inork ez zigun ezer esaten. Egia esan, pausoa eman arte, azken urtea nahiko gaizki pasa genuen etxean. Giroa ez zen batere xamurra eta egia da ere ohi baino beranduago hasi zela hitz egiten, eta 4 urte bete zituen arte ez zuen hitzez adierazi. Eta orduan, askatu zenean hitz egitera, hasi zen esaten bera neska zela.
Ordura arte, zuk aipatutako pista horiek ematen zituen. Zuek ez zenuten erantzunik horrelako jarrera batzuen aurrean, ez zenutelako ezagutzen. Baina ez zuek ez ehuneko handi batek, horrela heziak izan garelako.
Hori da. Gu heziak izan gara bi ereduetan. Bi eredu horien gorputzak badakigu nolakoak diren. Gaur egun ere horrela dago.
Gogoratzen dut gure garaian, Saioka liburu hura, eta orduan horrela esaten ziguten: neskak horrelakoak dira eta alua dute, bulba dute eta mutilak horrelakoak dira eta zakila dute.
Badakizu zer den penagarriena? Gaur egun ere liburuek berdin jarraitzen dutela.
Edurne, orduan, alabak “ni neska naiz” esaten dizuenean, hitzez, guraso bezala zer egiten duzue?
Zur eta lur begiratu alaba, guretzat oraindik mutila baitzen. Guk pentsatzen genuen etxean mutil oso femeninoa genuela.
Hori izanen da gehienek pentsatuko dutena, ezta?
Hori da. Bikotekideak eta biok pentsatzen genuen oso mutil femeninoa genuela eta, gainera, harro puntu batekin ere begiratzen genion horri. Esaten genuen, “sentsibilitate handikoa da, ze ondo, ezta?”. Bere alde femeninoa. Txikitatik, nahiz eta mutiltzat eman, berak, adibidez, jantziekin oso garbi zuen 2 urterekin ez zuela txandal bat jarriko. Eta bere ahizpari kentzen zizkion gonak, soinekoak eta hala joaten zen kalera. Txiki-txikitatik ezagutu dute herrian eta inguruan horrela; beraz, hori ez zen batere ezohikoa. Hitzez hasi zenean adierazten kezkatu egin ginen pixka bat, ez genekielako oso ondo zertaz ari zen. Orduan, pediatrarengana jo genuen. Pediatrak ezagutzen zuen umea. Harengana joaten zen guztietan ikusten zuen nesken jolasekin identifikatuta ditugun joerak zituela, gonekin jantzia joaten zela. Eta aipatu nion: “Begira zer esaten ari den eta, gainera, behin eta berriz, egunero esaten dit”. Eta orduan berak aipatu zidan: “Edurne, agian, hau ez da jolas bat. Begira, aurreko astean irakurri nuen prentsan sortu berri dela familien elkarte bat, Chrysallis Euskal Herria izena duena”. Eta geratu nintzen: “Chrys zer?”. Eta berak: “Beno, ez dizut gehiago aurreratuko. Joan zaitez etxera, lasai hartu, begiratu eta nahi baduzu hurrengo egunean etorri eta hitz egingo dugu”.
Eta orduan hasi zineten: “Zer dago honen atzean?”.
Lehenik eta behin, beldurtu egin ginen. Transexualitate hitza lotzen genuelako oso negatiboa den zerbaitekin, oso iluna dena, marjinazio batekin, helduen gauza ilun batekin. Orduan, gure haur txikiena horrekin lotzea… Guretzako, oso gogorra izan zen. Hasiera batean, ez zitzaigun buruan sartzen. Orduan, berehala, Chrysallis Euskal Herriko kideekin harremanetan jarri nintzen. Nik, gainera, berehala behar nituen erantzunak. Eta hor benetan begiak irekiarazi zizkidaten, neure egoera berean zeuden beste familia batzuk bazeudelako jada bertan eta bizipen oso antzekoak genituelako. Eta konturatu nintzen: “Ostras! Hau da!”. Eta gogoan dut behin hori onartuta asteak egin genituela negarrez.
Pentsatzekoa da…
Hor sortu zitzaizkigun beldur asko, zalantzak gerora begira, etorkizunari begira: “Nola aterako dugu aurrera ume hau?”.
Suposatzen dut ez dela egoera xamurra izanen. Azken finean, zuek ordura arte seme bat zenuten, baina seme horri agur esan behar diozue pozik biziko den zuen alabak aurrera egin dezan. Eta, azkenean, zuek prozesu horretan guztian alabarekin batera zoazte, bidelagun. Eta orain, babesean dago, baina gero? Beldur horiek ere etorriko dira. Orain, babesean dago: familia, ikastetxea edo herria dela. Baina bizitzak jarraitzen du ere bai.
Momentu horretan ere ez dakizu inguruak nola hartuko duen. Ez dakizu aitonak, amonak, ahizpak, anaiak, eskolak, bailarak, herriak nola erantzungo duen horren aurrean. Oso momentu indartsua da: “Beno, ados! Ireki ditugu begiak, onartu dugu, esango diogu berari onartu dugula”. Guk, lehenik eta behin, egin genuena izan zen begiak zabaldu, eta gero, alabari esan: “Bai, onartzen zaitut”.
Pentsatzekoa da beretzat izan zela egunik handiena: ”Nire gurasoek badakite, onartu dute nor naizen”.
“Ikusi dute”. Berarentzako bera ikusezina zen.
Ez zegoen inon, ez zeukan kabidarik inon.
Bera ez zen guk ikusten genuen mutila. Mutil hori ez zen existitzen. Eta orduan, behin eta berriz, modu obsesibo batean, aldarrikatzen zuen: “Ikusi nazazue, hemen nago”. Baina ez ginen gai ikusteko. Eta gai izan ginenean…. izan zen… uf… esan eta umearen erantzuna… Bere gorputz atal guztiekin irri bat egin zuen, eta hortik aurrera hasi zen loratzen eta loratzen. Arazo guztiak joan zitzaizkigun.
Urte gogor hura bukatu zen.
Hor hasi zen beste prozesu bat, sozializazio prozesu bat.
Hor, lehenengo eta behin, bere anai-arrebekin. Agian, beraiek errazen hartuko zuten. Aurreiritziak guk, helduok, dauzkagu.
Esan zuten: ”Noski! Orain denak dauka logika, orain ulertzen ditugu bere jarrera guztiak”. Ordutik aurrera, inoiz ez zuten mutil bezala tratatu, inoiz ez zuten hanka sartu. Benetan, oso erraza egin zitzaien.
“Gure alabak behin eta berriz aldarrikatzen zuen: ‘ikusi nazazue, hemen nago”
Familia hori, boskote hori, bazegoen. Baina orduan, hasi behar zen pixkanaka-pixkanaka zabaltzen.
Seguru aski, hori izan zen momenturik gogorrena, aitona-amonei esatea.
Barkatu, Edurne. Lehen esan didazu anaia, aita, aitona baztertzen zituela. Momentu hartan aitak ere ikusten zuela onartzerakoan egoera aldatuko zela bai aitarentzako eta bai alabarentzako.
Guztiz. Irauli egin zen. Hau da familia askotan gertatu dena. Zer egiten dute ume hauek ikusten ez ditugunok ikusteko? Gure kasuan, adibidez, gure alabak hartu zituen alde femeninoaren estremo-estremoaren jarrerak: arrosa, margotu egunero, pitxiak, takoiak kentzen zizkion izebari eta amonari, printzesen ipuinak maite zituen… Dena estremora. Soilik neskekin harremantzen zen: “Mutilekin harremantzen baldin banaiz, ea konfunditu behar nauten mutil batekin”. Eta hori gertatzen da Naizen elkarteko gure ume guztiekin. Hartzen dute rol hori. Eta behin onartuak izaten direnean, erlaxatu egiten dira eta bakoitza nahi duen moduan ibiltzen da.
Zuk esan duzu orain arte mundu ilun batean sartu izan dugula hau guztia. Baina orain adingabeak diren umeei buruz hitz egiten dugu. Belaunaldi berri bat daukagu, gizartea hezten lagunduko digun belaunaldi berri bat, eta, gainera, prest daudenak, bai beraiek eta bai familiak, bultza egiteko. Hori da egin behar duguna, anitza den gizarte hau hezi, beste balio batzuetan. Hasten gara familiarekin, ikastetxearekin, gizartearekin harremanetan neska bat dugula esanez.
Bai. Erratu egin garela. Ekografia baten ostean diagnostiko bat jaso genuela eta diagnostiko hori erratua zegoela. Gure alabak adierazten zuela bai hitzez eta bai izaeraz, indar guztiz neska zela eta, mesedez, jende guztiari eskatu genion neskatzat hartzeko eta onartzeko. Oso momentu polita izan zen. Babes asko jaso genuen.
Oso babestuak sentitu izan zarete.
Beti.
Egonen dira egoera berean dauden umeak beraien gurasoek onartzen ez dutenak oraindik egoera hori.
Bai, baditugu elkartean.
Dena alde izateak eta babestua sentitzeak gauza handia izan behar du.
Bai. Egoera normalizatu bat bizi dugu eta Beñatek hori bizi du. Txikitatik onartua izan da. Berak ez du inongo zalantzarik neska dela, eta, gainera, begira ze suerte, zakila daukat eta zutik egin dezaket pixa.
Edurne, aipatu duzu hasiera batean egoera berean zeundeten familia batzuk elkartu zinetela. Chrysallis Euskal Herria, gaur egun Naizen zaretenak. Baina dagoeneko ez zarete zortzi familia. Zenbat familia zaudete?
Gure orbitan jende asko dago. Jende asko dago aholkularitza eske eta babes eske etortzen zaiguna. Denek ez dute bazkide moduan izena ematen. Baina bazkide moduan 120 familia gaude gaur egun.
Horrek esan nahi du ehuneko bat badagoela egoera honetan dauden pertsonekin.
Azken estimazioaren arabera, mila haurretatik bat egoera honetan dago. Eta egoera berez ez da egoera berezi bat. Berezia da orain arte onartuak izan ez direlako, baina transexualitatea beti existitu izan da. Kontua da haur eta gazte hauek ez direla onartuak izan orain arte. Lehen belaunaldia da onartua izaten ari dena. Hori da berrikuntza.
Aurretik ez zaie espresatzen ere utzi.
Ez. Moztu egiten zitzaien. Hor dago garai hartako helduen suizidio saiakera tasa, hor daukagu ehuneko altu hori.
Zoritxarrez, izen-abizenak baditugu nerabeetan ere bai, Ondarroan dugu kasua, Ekai. Naizen elkartea. Gauza pila bat egiten dituzue. Batetik, arreta eskaintzen diozue familiari…
Bai, denak pasa garelako lehen momentu horietatik, eta lehen momentuak ez dira errazak. Orduan, berehala jartzen gara harremanetan sartu berri den edo deitu duen familia horrekin. Oso momentu polita da. Behar duen babes, informazio eta maitasun hori berehala helarazten zaio. Hori da lehenik eta behin egiten duguna. Baliabideak eman: nola lagundu alaba edo semeari, bai eskolan, bai erakundeetan…
Zer behar dute ume hauek?
Txikiak diren bitartean behar dutena da onartuak eta maitatuak izatea, edozein haurrek bezalaxe. Ikustea zer diren eta onartzea adierazten dutena. Horrekin nahikoa litzateke eta nahikoa da. Arazoak etortzen dira gurasoren batek ez badu onartzen, edo eskolan laguntxoek ez badute onartzen… Onartua baldin bada etxean, ikastetxean eta laguntxoekin ez du gehiago behar. Zer gertatzen da nerabezaroan sartzen garenean? Hor hasten dira hazten sexualki karaktere sekundarioak, eta hor haur gehienak ez dira ondo sentitzen bere gorputzak garatzen dituen hainbat karaktererekin. Hor bai behar izaten dutela laguntza medikoa; ez denek, baina gehienek bai. Zergatik? Ba, imajinatu dezakezu. Nire alabari, seguru aski, 12-13 urte dituenean ez zaio gustatuko ahotsa grabea jartzea edo ile pila bat ateratzea aurpegian. Seguru aski, ez du nahiko. Gainera, jada adierazten du, abisatzen hasi da. Eta hori ekiditeko medikuntzara jo beharra dugu.
Medikuntzara joanen zareten bezala, badaude beste arlo batzuk ere ukitzen zaituztenak. Oztopoak aurkitzen dituzue? Laguntza aurkitzen duzue? Adibidez, Nafarroako Parlamentuan lege bat onartu zen; aitzindariak izan dira, gainera. Zer-nolako harremana duzue?
Haur batek behar duena da, lehenik eta behin, esandakoa: etxean onartzea. Behin etxean onartuta, gizarteratu egin behar da, eta gizarteratzeko modurik zuzenena ikastetxean haur honen identitate sexuala ezagutaraztea da. Horretarako, Nafarroako Gobernuak badu protokolo bat –EAEn ere badagoena– hezkuntzak martxan jartzen duena, eta hor, hezitzaileei eta haur horren gelako guraso guztiei formakuntza saio bat ematen zaie, non azalpenak ematen zaizkien. Gainera, legez onartzera behartzen zaie. Azkenean, hau aniztasunaren aldaera bat da, herren bat, ile hori bat edo ezker bat dagoen bezala. Baina ez gaude ohituak, eta orduan, interbentzio bat egin behar da. Behin protokolo hori martxan jarrita, haur horrek behar baldin badu izena aldatu aldatzen zaio, nesken komunak erabili behar baditu nesken komuna erabiliko du… Hori guztia onartuta ez du ezer gehiago behar. Eta gero, medikuntzaren arlotik aipatutakoa. Hor sartzen da hormonazio prozesu bat aukera hori hartzen duenarentzat. Orain borroka da NA txartelean sexu mentzioa aldatzea eta benetan sentitzen duen sexu mentzioa jartzea, berez, erregistroetan jaiotzerakoan jarritako sexu mentzioa dagoelako. Hori, oraingoz, ez dugu lortu. Denbora kontua da.
Baina lortuko duzue. Beno, lortuko duzue ez, lortuko dugu.
Denon artean, noski!
Orain ari gara honi guztiari buruz hitz egiten, baina bukaeran beste helburu batzuk egonen dira. Bide bat egin beharra dago eta gizarteari ere zeregin batzuk eman behar dizkiguzue, onartu hitza askotan aipatu didazu.
Onartzeko, gutxienez, ulertu egin behar da eta ulertzeko formakuntza txikiak jaso behar ditugu. Gizarteak, oro har, onartzen du, baina guk behar duguna da gure profesionalek ere formakuntza hori jasotzea. Hori da instituzioei eskatzen dieguna: gure medikuek, gure pediatrek, gure irakasleek, gure eskolaz kanpoko jardueretako begiraleek, sare horiek guztiek jakin dezaten haur hauen beharrak zeintzuk diren eta zer behar duten zoriontsu izateko. Bestela, zer gertatzen da? Informazio hori ez baduzu, itxi egiten zara, blokeatu, eta hor hasten dira talkak.
Ezjakintasunak izanen du ere parte handi bat, informazio faltak.
Hori da. Horregatik, ahalik eta gehien zabaltzeak, ahalik eta formakuntza gehien zabaltzeak profesionalen artean asko laguntzen du.
Esperantza badugu. Bidea egiten hasia dago. Zuk esan duzu borroka hasi zela, baina izanen du bukaera ere bai.
Kostako da bukaera hori ikustea eta gustatuko litzaidake honetaz hitz egiteko beharrik ez legokeen une bat. Baina gaur egun, behar dugu.
TTAP aldizkariak ere leihoa ireki du eta txoriak hegan egiten du; ea noraino iristen den. Eskerrik asko, Edurne! Zuen esperientzia partekatzeagatik eta Naizen elkartearen berri ere zabaltzeagatik.
Zuei!