Edurne Azkarate Sobrino: “Garrantzitsua da, sormen-prozesuan, partaide guztiak gertu izatea”

Hainbat asteko egonaldia egin du artista taldeak, Loraldiaren enkarguari jarraituz, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Estreinaldia egin zuten, azaroan. Eta 2026an Euskal Herrian barrena ariko dira.

Urnietako Sarobe antzokian egin berri duzue Ikimilikiliklik Vol.2 ikuskizunaren aurrestreinaldia. Eta, ordu gutxira, Iruñeko Baluarten estreinaldia. Bide batez esanda, Sarobe zuen etxea izan dena uztear zaudete. Zeinen garrantzitsua den Saroberen pareko espazioak eta lantaldeak sortzaileen esku izatea.

Bai; horrelako plataforma gutxi daude. Beraien egoitza gure disposiziora utzi dute, eta horrelako ikuskizun bat altxatzeko oso beharrezkoa da.

Ikuskizunaren aitzinsolasean adierazi zenuen bertako ikusleak ginela azken entseguaren eta jendaurreko lehen emanaldiaren lekukoak. Lasai antzera ikusi zintudan une hartan. Halaxe zinen?

Ez nengoen lasai, baina pozik nengoen. Oso lagungarria zen poztasun hori niretzat. Sarobeko emanaldia ziklo baten amaiera izan zen, ikuskizun batek esanahia hartzen baitu ikusleen aurrean. Ikusleek, gainera, ikuskizun horretan zeresan handia daukate. Irudi kolektibo batekin ari gara jolasean, eta jende guztiak dauka oihartzunen bat edo beste ikuskizun horretan, darabilgun materiala jada herrikoia delako. 

Ikuskizuna azaltzeko eskuorrian zuzendari lanetan aritu zara. Sormen prozesu honetan, partekatuak izan dira ardurak?

Zuzendari lanetan nabil oraingoan, eta oso gogoko dut, gainera. Ni neu ari naiz zuzendari izate hori garatzen eta ulertzen zein den nire estiloa. Autoezagutza erreminta bat bada ere. Zuzendaritza lana ulertzen dut rol banaketa baten parte. Natorren lekutik etorrita, sorkuntza kolektiboaren baitan egiten dut lan asko. Eta, orduan, modu hori gogoko dut eta horrela sinesten dut izan behar duela eszenatokian gertatzen denak. Garrantzi handia ematen diot gorputza jartzen duen horri, jokalarien hautaketari eta beraiek ere zeregin bat, inplikazio pertsonal bat izateari. Kontatuko duten horrekin lerratuta egotea eta beraiei ere inporta izatea. Jokalariek ere badituzte beren erronkatxoak.

“Jende guztiak dauka oihartzunen bat edo beste ikuskizun honetan, darabilgun materiala jada herrikoia delako”

Ikuskizuna prestatu duzue Loraldiaren mandatuari jarraituz. Askotariko jarduerak uztartu dituzue, eta, noski, ikusle gehienek oraindik ez dute ikusi, baina egon garenak antzeman dugu saioa oso dinamikoa dela. Iruditzen zait ikuskizuna altxatzea ez dela batere ariketa erraza izan.  

Nire aldetik badago aurrelanketa baten proposamena, lana abordatzeko modu bat. Zuzendaritzatik hori da ekar dezakedana, baina, gero, oholtzak agintzen du. Horregatik, garrantzitsua zen, sormen prozesuan, partaide guztiak bertan izatea. Ikusleek eta oraindik ikusi ez dutenek uler dezaten badago musika, badago hitza, badaude bisualak, jokalariek ere bai abandonatzen dute beraien lan esparrua. Musikaria denak arrisku pixka bat hartuko du eta aterako da bere roletik eta denek elkar kutsatuko dute. Orduan, oso garrantzitsua zen ikuskizuna bera eraikitzea. Zorte handia izan da, adibidez, elementu bisual batzuen eskaera ez uztea azkenerako. Elementu horiek, Itziar Garaluzeren eskutik, prozesuaren parte dira eta oholtza-kideen egiteko moduan eragiten dute. Sortu dugun lengoaia hori da: partaideek elkar ukitzen dute oholtzan daudelarik. Sortu egin behar izan dugu horrela. Ez dira harremanik gabeko kapak, baizik eta era berean joan dira hazten.

Aipatuko ditugu oholtza-kideak, bide batez. Elementu bisualen ardura Itziar Garaluzerena da. Diozunari lotuta dago, Edurne, oso ondo uztartuta baitago haren lana. Haren lanari esker, ikusleak beste dimentsio batean sartzen direla esango nuke.

Zentzu estetikoa eman dio, garraiobide bat eman dio ikuskizunari. Horregatik, garrantzitsua zen gurekin egotea, hasieratik. Gu sartuko baldin bagara Laboaren, Artzeren eta Zumetaren material mamitsuarekin esperimentatzen eta jolasean, hark ere gurekin egon behar zuen hasieratik. Bilaketa horren parte bilakatu dugu Itziar. Hain ongi uztartzen ditu bisualen eta zuzenekoaren mundua, sortze-prozesuan gurekin batera aritu da.

Libe Kortazar kantaria rock eremuan ezagutu dugu, Libe eta Izaki Gardenak taldeetan. Sarobe jendez beterik zegoen eta esango nuke, rock mundu garaikidetik urrunduta dagoenarentzat, Kortazar hor eta horrela ikustea ezusteko atsegina izango dela.

Hori espero dut. Oso gogoko dut. Egoera zaurgarrian jarri nuen Libe, hark rock egituraren domeinua baduelako eta ondo maneiatzen dituelako. Ikuskizun honetarako bere eremutik atera dut eta eskatu diot zaurgarria den ariketa gordina egitea. Ikuskizun zaila eta gordina da, eta bere burua agerraraztea eskatu diot. Era berean, eskatzen diodan hori oso delikatua da. Asko eskertzen diot egin duen urratsa. Gure lan egiteko modua deigarria egin zaio eta neuk ere uste dut jendeak haren kantaerarekin gozatu egingo duela. 

“Iñaki Salvador bi garaien arteko katebegia da, eta oso garrantzitsua da hura egotea”

Intza Alkain lasarte-oriatarra oso gertutik ezagutzen duzu, taldekide baituzu Formol Laborategian. Pasarte sakonenetan protagonismo berezia hartzen du. Bedeinkatua kantuaren bertsioa, esaterako. Bai. Intza garraiobide bat da eta Intzaren pisua da hitzarena. Eta Artzeren poesiak dira minetik sortuak. Era berean, Artze hitz jokoekin eta hitzarekin jolasean ibiltzen da, eta behar genuen pertsona bat lengoaia horretan molda zitekeena. Alkain pipermin bat da, eta Artzek ere bazuen hori: orain, jolasean; sakonean, gero. Intza ikuskizunaren pegamentua da.

Oreka TXko kideak aski ezagunak dira. Une batean, Itziar Navarro txalapartariarekin pausa modukoa gertatzen da. Hitzaldi batean ariko balitz bezala hasten da hizketan, oholtza-kideak aurrean eserita dituela, eta tradizioaz eta euskal adieraz hausnarketa oso beharrezkoak egiten ditu. Testuinguruan sartzen gaitu. Oso ondo ekarrita dagoela iruditu zitzaidan niri.

Aurrelanetan, zuzendari lanean, aurreikusi ezin dudan adibideetako bat da. Magia direlako. Itziar txalapartari rolean agertu zen proiektuan, baina, elkar ezagutuz, konturatu ginen etnomusikologiaren esparruan aritzen dela. Zeresan handia edukiko zuela ondorioztatu genuen: berak badu jakintza bat. Txalapartari aritzeko etorri zen, baina aditua ere bada eta gure oholtzaren gainean dago. Ekarpen polita egin zezakeen, eta halaxe izan da.  Aurkezpenik behar ez duen musikaria da Iñaki Salvador. Laboaren garaiarekin lotzen gaituen katebegia da, gainera. Prentsaurrekoan eta ikuskizunean eroso, jostalari, eta gozatzen ari dela antzeman dugu. Badu eskarmentuak eta bizitzak ematen dizun aje hori, eta badakizu musikalki eskatu diezaiokegula edozer. Badauka beste zera hori, haren instrumentutik ateratzeko gaitasun hori. Oso jostaria da, bromagile ona. Katebegia da, eta oso garrantzitsua da hura egotea. Sortze prozesuan anekdota ugari kontatu zizkigun, eta Laboaren lana ulertzeko klabea izan da. Pribilegioa izan da, transmisioa deitzen den horretan, pertsona bat izan dugula garai hari buruz gainerakooi hitz egiten.  

“Natorren lekutik etorrita, sorkuntza kolektiboaren baitan egiten dut lan asko”

Ikuskizunaren aurkezpenean, garai hartako artistak eta ikuskizunak aipatzen hasita, errespetu handia antzeman nuen. Garai hartakoa eta oraingoa ez zenuten talka modura ulertzea nahi, baizik eta elkarrizketa baten pareko ariketa batean. Esan gabe doa 2025ean egin duzuen ikuskizunean generoak zeharkatzen duela obra osoa. 

Testuak, materialak zentzua har dezake hori gorpuzten duen pertsonaren arabera. Ez da gauza Intzak esaten dituenak Artzeren ahotsean entzutea. Generoa bada zehar-lerro bat, gure bizitzetan presente dagoelako. Jada idatzita zeuden testu horiekin nola konta dezakegun beste gauza bat, horixe zen zuzendari modura nire erronketako bat. Bedeinkatua kanta, lehen Laboaren ahotsean kanta bat zena, baina berez Artzeren hitzak zirenak, Intza Alkain sartzen denean, hitz horrekin jolasean, esaten dituen gauzak… Pieza horiek unibertsaltasun hori barnebiltzen dute, egun ere erabili genitzakeelako eta jendearekin konektatu.