Eduki edo izan

Arantxa Urretabizkaia

Seguru entzun eta agian esan duzula gaurko gazteak beraien gurasoak baino okerrago bizi direla, biziko direla, atzera goazela. Inor gutxik jartzen du zalantzan baieztapen hori. Egia borobila da gaurko gizartean.

Kontua da nola neurtzen den hori. Dudarik gabe, gazte horrek dituen gauzak aintzat hartzen badira, ondoriozta daiteke gurasoek, adin horretan, gauza gehiago zutela, diru gehiago, auto gehiago. Baina gauza bat da zenbat gauza dauzkazun eta bestea zer zaren, nola jantzi duzun zeure burua, nor zaren. Azken puntu hau ekuazioan sartzen bada, gaurko gazte asko beraien gurasoak baino gehiago dira. Ez daukate agian hainbeste gauza, baina jantziago daude.

Ez da berdin eduki edo izan. Adibidez, oraindik ere, gaur unibertsitatean ikasten ari den gazte asko bere familia inguruan unibertsitatera heltzen den lehen pertsona izan daiteke. Noski, horrek ez du berehalakoan gazte hori aberastuko, seguru zailtasunak izango dituela lana aurkitzeko. Adin horretan gurasoek (batez ere aitek)  gauza gehiago zuten, baina ez ziren derrigorrez gehiago.

Gizarteak, ordea, ez du jakinduriaren arabera sailkatzen aberastasuna. Dirua eta diruz eros daitezkeen gauzak hartzen dira kontutan, ez zaren hori. Daukazunak axola du, ez zarenak. Zer da hobeto bizitzea? Gehienentzat, gauza gehiago edukitzea, dirutan gauzatzen den gauza gehiagoren jabe izatea. Dirua.

Hori da zure gurasoak baino okerrago bizi zarela esaten duzunean onartzen duzun premisa.