Edu Muruamendiaraz: “Erakundeetan dantzaren aldeko apustu handiagoa egin beharko lukete”

Kultur jarduera guztien artetik, dantzan tradizioa eta berrikuntza uztartzeko ahalegina aspaldikoa da. Edu Muruamendiaraz bergararrak ibilbide oparoa osatu du; ikuskizun ugari sustatu ditu eta dantzari askori lehen aukera eman die.

ELKARRIZKETA

Ongi etorria TTAPera, Edu Muruamendiaraz.

Eskerrik asko.

Aukeran konpainiako alma mater-a zaitugu. Baina joan gaitezen sorburua. 1994an, 1995ean eta 1996an Euskadiko txapeldun izan zinen aurreskuan eta dantza askatuan. Gutxira, Aukeran konpainia sortu zenuen, zer eta berrikuntza uztartzeko. Zerk bultzatu zintuen bide berritzaileak aukeratzera?

Zuk aipatu bezala, hiru urtetan jarraian izan nintzen txapeldun, eta goia jo nuela sentitu nuen. Nire asmoa dantzan jarraitzea zen, baina ez nekien oso ondo nondik nora jarraitu. Txapelketen bidetik jarraitzeko gogorik ez nuen, eta 1997an Eusko Jaurlaritzak koreografo berriei zuzenduriko deialdia atera zuen eta konpainia sortzeko aukera sortu zen. Izena eman, eta laguntza txiki bat jaso genuen. Handik abiatu zen lehen koreografia, Aukeran izenekoa. Sinple samarra zen, azken txapelketetan eskainitakoa eta Arratia aldean ikasitako dantza batzuk uztartuz. Jantziei eta musikari moldaketak egin genizkien, eta arrakasta izan zuen. Horrela ekin genion.

Gaur arte.

Gaur arte! Ez nuen uste hala izango zenik.

Bide berriak urratzea bada zure ibilbidean joera bat; hori izan daiteke bereziki harro egoteko motiboa?

Hainbeste urte igaro eta gero, zerbait berezia egin dugun seinale da hori. Bide berriak urratu genituen, eta niri aukera asko zabaldu zaizkit hainbat herri eta antzokitan aritzeko. Garrantzi handiko gertaera izan da nire pasioa ogibide bilakatzea. Oso pozik nago, bestalde, atzera begiratzen hasi eta konpainiatik zenbat dantzari igaro direla ikusita.

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen saria jaso zenuen iaz; protagonismo handia bereganatu zenuen egun haietan, eta beste elkarrizketa batean entzun dizut esaten nahiago zenukeela dantzak protagonismo handiagoa izatea urte osoan, eta Euskal Herri osoan.

Pozik jaso nuen saria, baina hori ekitaldi puntuala da. Nazioarteko Dantzaren Egunaren bueltan izaten da, eta hilabete horretan ekitaldi ugari izaten da. Dantzak garrantzi handia hartzen du sasoi horretan, eta nik pentsatzen dut hori baino gehiago egin daitekeela. Hilabetetik harago doan jarduna delako. Urte osora zabaldu behar delakoan nago, dantza gure kulturaren altxor garrantzitsuenetakoa baita. Dantzarekiko giro hori urte osora zabaldu beharko litzatekeela uste dut.

Euskal dantza taldeak badira, bakoitza bere ñabardurekin; zuk, ordea, uste duzu dantzak arreta eta garrantzi handiagoa merezi duela. Zertan ari gara huts egiten?

Ez dakit huts egiten ari garen, baina argi daukat dagoenari garrantzi handiagoa eman behar zaiola. Euskal kulturaren adar garrantzitsuenetarikoa da dantza, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena. Erakundeek apustu handiagoa egin beharko lukete, udaletatik hasita. Garrantzi handiagoa eman behar diogu.

Ikuskizunak neure barrutik atera dira, baina ikusleak oso presente izan ditut beti”

Programazioaz ari zara?

Bai. Ez baita nik nahiko nukeen bezain beste programatzen. Antzokiak badira, zirkuitua badago, baina ekarpen handiagoa egin behar da dantza konpainiak mantendu ahal izateko. Aukeran konpainiak eusten dio bere jardunari, baina hemengo dantzariek, horrela jarraituz gero, kanpora joan beharko dute, hemen ez zaielako behar duten guztia eskaintzen. Bertakoari eusteko lan gehiago egin behar dela uste dut. Apustu handiagoa egitea nahiko nuke.

Bestalde, oro har, dantza saioetako ikusleak txunditzea lortzen duzue.

Lortu ditugu ikusleak; gure kasuan, behintzat. Ibilbide osoan ikusleria propioa lortu du Aukeran konpainiak. Gure zigilua dugulako, akaso, ikusle berriak batuz goaz. Sortu ditudan ikuskizunak neure barrutik atera dira, baina ikusleak oso presente izan ditut beti. Zale propioak ditugu eta kopuru hori handituz doala ikusten ari gara.

Kale ikuskizunak, areto barrukoak… Aukeran, zein nahiago duzu zuk? Eta zure dantzariek zer diote?

Hasierako apustua areto barruko emanaldiak egitea izan da. Gauzak asko aldatu dira; bereziki, pandemiaren ostean. Antzokiko ikuskizunak prestatzen ditugu, baina geroz eta gehiago kaleko ikuskizunetara jotzen ari gara. Beste ikusleria bat da, eta horrelakoetan beste zentzu bat hartzen du ikuskizunak. Ni neu antzokietan dantzatzen gustura nabil, baina belaunaldi berrien artean kalean egiten denarekin oso pozik antzematen ditut. Sentsazioak oso bestelakoak dira, eta, esan bezala, beste ikusle mota bat da saio horietan topatzen duguna.

Eta, gainera, ikuslea gainean duzue.

Gustukoa bada, jendeak adi jarraitzen du. Hortxe dituzu, gainean. Kalean eta libre izatean, gogokoa ez bada alde egiteko aukera handiak ditu. Beraz, lortzen badugu jende guztiak arretaz jarraitzea, hori guretzat garaipen handia da.

Oso desberdina da kalean edo antzokian dantzan aritzea. Ohituta nengoen antzokietan dantza egiten, baina gauzak aldatuz doaz, eta hori seinale polita da.

Udazkenean, Argentinan eta Uruguain izan zarete; zuen dantza taldeko kideak elkarrizketatu genituen Aiurri astekarian, eta pozez zoratzen agertu ziren. Sekulako esperientzia izan zen haientzat, besteak beste, jasotako harrera beroagatik.

Bizi behar den esperientzia da hori. Lehen aldiz 1995ean joan nintzen hara, Gozategi’z blai ikuskizunarekin, eta arrakasta polita lortu genuen. 2011n itzuli ginen, ordurako zuzendari lanetan Gernika ikuskizunarekin, eta bigarren hartan ere arrakasta handia lortu genuen. Nola bizi duten euskal dantza, euskal tradizioa, ikustekoa da. Itzela izan da udazken honetakoa. Hirugarren aldiz joan naiz eta dagoeneko hango hainbat eta hainbat lagun ezagutzen nituen. Pertsona haiek eta haien seme-alabek gure tradizioekiko pasio bera erakusten dute, eta arrakasta handiagoa izan da oraindik. Dantzarientzat hunkigarria izan da, esaterako, Nekoetxean dantzan aritzea. Bizi beharreko esperientzia da, kontatu ahal izateko.

Dantzarien jarduna ogibide bilakatzea litzateke hurrengo erronka”

Energia berezia emango dizue horrek aurrera jarraitzeko.

Indar handia ematen digu, bai. Han izarren pare hartu gaituzte; gero, Euskal Herrira itzulitakoan, hori errotik aldatzen da. Dantzariak gara, ez besterik. Ameriketan bizi izandakoa garrantzi handikoa izan da konpainiarentzat eta, bereziki, dantzari gazteentzat. Indar bizitzeko eta dantzan aurrera jarraitzeko garrantzi handiko esperientzia izan da.

Paris antzokiko emanaldia mugarria izan zen zuentzat; konta iezaguzu gau magikoak eman zuena.

Xarma handiko antzokia da. Ehun urte ez baditu, hortxe-hortxe. Taula gaina txiki samarra da, baina mila ikuslerentzat egokituta dago. Giro itzela sortu zen, bizi beharrekoa.

Emanaldia hasi orduko, jendetza zegoen.

Aretora iritsi ginenerako, soka luzea zegoen. Emanaldia ikusteko gogoz ziren dozenaka zale ziren. Ez gaude horretara ohituta. Hango ikusleek gure tradizioarekiko sentimendua bizi-bizi dute, eta hori azaltzen ziguten emanaldi osoan.

Tradizioa eta sorburua hainbeste maite duten lurralde haietan nola hartzen dituzte ikuskizun berritzaileak?

Oso ondo, egia esan. Sare sozialen garaian bizi gara, eta jarraipena egin dute. Gure berri badute. 1995ean, hara lehen aldiz joan nintzenean, hango eta hemengo ikusleen artean aldea bazegoen. Egun, sare sozialen garaian, hango eta hemengo ikusleek erreferentzia bertsuak dituzte.

Eskolak ere eman zenituzten, oker ez banago.

Eskola magistralak egin genituen. Nekoetxean dantza talde bat badute, haurrek eta helduek osaturikoa, eta antolatu zuten ikastarora ehun eta berrogeita hamar lagun elkartu ziren. Harri eta zur geratu ginen. Ikasteko gogo bizia dute, hangoek. Bigarren eskola magistrala Buenos Airesen eskaini genuen eta han ere jende asko elkartu zen.

Maurizia eta Migratzaileak ikuskizunak taularatu zenituzten hango egonaldian. Gure arbasoak migratzaileak dira han; beraz, ezin egokiagoa da ikuskizuna hara eramatea.

Ez nuen uste hainbeste euskaldun hara joan zenik. Guztiz aproposa zen ikuskizuna han eskaintzea. Asko eta asko hunkitu egin ziren, lotura agerikoa zelako. Pentsa, Migratzaileak ikuskizunerako, Migratango pieza sortu genuen. Euren omenez egindako koreografia da.

Zerbait berezia sentitu zenuen ikuskizunaren zuzendaria izanik?

Hainbeste kilometro daude euren eta gure artean… Ikusleen artean jende gazte ugari zegoen. Euskal Herria ez dute ezagutzen, baina aurrekoen aldetik transmisio lana egin da. Hori, nire ustez, gakoa da. Lortzen den konexioa hunkigarria da.

Hona etorrita, Sarobe Arte Eszenikoan egiten ari gara elkarrizketa. Aukeran dantza konpainian geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Urnietako Egape dantza taldeko harrobia. Ondo ezagutzen duzu prozesua,  Egape ikastolako dantza irakaslea baitzara.

Orain dela hogeita zazpi urte hasi nintzen Egape ikastolan, dantza irakasle lanetan. 4 urterekin-edo hasi ziren lehen ikasle haiek. Nirekin hasitako haur haiek 18-19 urterekin dantzan jarraitzen dute. Gure moldera egokitu direla esango nuke, eta Egapen ikasitakoek badute irteera Aukeran konpainian. Pozgarria da hori. Oso harro nago, alde horretatik.

Urnieta zuretzat garrantzi handikoa da, baina zeu ere Urnietarentzat garrantzitsua zara; zure lana nabarmendu izan dute: Urnietar Prestu izendapena jaso zenuen.

Nire bigarren etxebizitza dela esango nuke. Urnietan oso pozik nago. Elkarrekiko zerbait berezia sortu da, haien eta nire artean.

Saroben duzue egoitza; hori garrantzi handikoa da konpainia batentzat.

Erabatekoa. Eskerrak eman beharrean nago Urnietako Udalari. Egoitza izatea, baliabide egokiekin, premiazkoa da konpainia batentzat. Entsealekua eta antzokia eskura ditugu. Behar genuen azpiegitura hori badugu. Profesionalizazioaren bidean urrats handia izan da. Dantzarientzat gure jarduna ogibide bilakatzea litzateke hurrengo erronka.

Konpainiako buruak zenbaterainoko tartea eskaintzen die kideei sormena lantzeko, egitasmoak partekatzeko?

Nire kasuan, geroz eta gehiago. Ideia ugari dituzte, eta lanerako behar-beharrezkoak dira ideiak. Talde-lana da, gure ideia guztiak aintzat hartzen ditugu eta kanpoko koreografoen ekarpenak ere txertatzen ahalegintzen gara.

Bergaran sortu, Donostian bizi eta Urnietan lan egin; irudikatzen zenuen garapen hori gazte garaitan?

Ez nuen sekula garapen hau irudikatuko. 18 urterekin Bergara utzi eta Donostiara joan nintzen ikastera. Hango dantza eskolan sartu nintzen, eta bizitzak eraman nau dantzara. Urnietan dantza irakaslea behar zutela-eta, ez nuen uste hainbeste urte hemen egingo nituenik. Hogei dantzariekin hasi, eta, egun, berrehun izango ditugu. Non bukatuko dudan ez dakit, baina egindako ibilbidearekin oso pozik nago.

Bukatzeko, zertan emango duzue 2024a? Esku artean duzuen egitasmo berririk aurreratzerik bai?

Migratzaileak ikuskizunarekin jarraituko dugu. Iaz Aiurri kale ikuskizunaren estreinaldia egin genuen, eta hori eskaintzen jarraituko dugu. Katalunian arrakasta handia izan zuen, eta lurralde hartan saio gehiago eskaintzea espero dugu. Udazkenerako erronka polit bezain ezberdina prestatu nahi dugu: Euskal Herriko ipuinak dantzan izena du ikuskizunak. Lehen aldiz, haurren munduan sartuko gara. Erronka handia da guretzat, eta buruan duguna gauzatzen bada oso ederra izango da. Buru-belarri gabiltza lanean.