Dorleta Kortazar: “Ipuin kontalari bezainbat kolore dago munduan”

Dorleta Kortazar Alkozek ipuinak maite ditu. Harekin hitz egin dugu ipuin kontalaritzaz, haien sorkuntzaz eta bidaiatzeko ematen duten aukeraz, besteak beste.

Dorleta Kortazar Alkoz, ongi etorri TTAPera!

Mila esker gonbidatzeagatik.

Ipuin kontalaria zara. Zein da txikitatik gogoko izan duzun ipuina?

Ez dut gogoan txikitan ipuinik kontatzen zigutenik. Gure etxean asko kantatu da, baina ipuinak kontatu, ez daukat gogoan. Amari galdetu izan diot eta hark esaten dit betikoak kontatzen zizkigula, Txanogorritxo eta horiek. Duela urte batzuk, Paula Carballeiraren ipuin kontalari profesionalen formakuntza batean, geure burua aurkeztu eta txikitako ipuin bat aipatu behar genuen. Bada, denak hasi ginen erantzuten txikitan ipuinik ez zigutela kontatzen! Ematen zuen terapia saio batean geundela! Baina gero pentsatzen jarri, txikitako oroitzapen batez gogoratu, ipuin bihurtu eta orain 80 amandre ikuskizuna horrekin hasten dut.

Gogoan duzu noiz zaletu zinen ipuingintzara?

Txikitan ipuin eta komiki asko genituen etxean, baina oso irakurle txarra izan naiz. Irakurle-zaletasuna berandu iritsi zitzaidan. Gogoan dut txikitan, eskolan, ipuin saio batzuk entzuten genituela, baina ondo gogoan dut helduentzako lehen ipuin saioa entzun nuen eguna. Eskoriatzan izan zen eta magikoa izan zen. Ipuin kontalari mexikar bat zen. Bi maitaleren arteko historia kontatzen ari zen, biltegi batean topo egin eta haietako bati ilean trabatuta geratu zitzaizkiola izpilikua, oreganoa… eta nik usaindu egin nituen! Handik denbora batera, Angeles Mastrettaren Mujeres de ojos grandes liburua irakurtzen ari nintzela konturatu nintzen duela 20 urte entzun nuen ipuin hura zela eta pentsatu nuen nik noizbait hori egingo nuela.

Mugarria izan zen zuretzat.

Bai. Urte batzuk geroago, ipuin kontalari hura nor zen jakin nuen. Martha Escudero da, gaur egun Bartzelonan bizi da eta ezagutu nuenean izugarrizko ilusioarekin kontatu nion duela 20 urte gertatu zitzaidana.

Nola bihurtu zinen ipuin kontalari?

Askotan, ipuin kontalariok esaten dugu mundu honetara kasualitatez iritsi garela, baina, gero, konturatzen zara bizitza honetan kasualitate gutxi dagoela. Hau da, nik sinesten dut zerbaitengatik iritsi garela ipuin kontalaritzara. 30 urte nituela krisi pertsonal handi bat izan nuen eta gelditu egin nintzen. Neure buruari galdetu nion ea zer ari nintzen egiten nire bizitzarekin. Eta momentu hartan konturatu nintzen farandulera izan nahi nuela eta oholtzak deitzen ninduela. Pentsatu nuen antzerki munduan zerbait egin nezakeela, clown edo horrelako zerbait. Garai hartan deitu nion ordurako ezaguna nuen Virginia Imazi ea clown ikastaroren bat ote zuen galdetzeko. Hark ezetz esan zidan, baina ipuinak kontatzeko ikastaro bat bazuela. Ikastaro intentsiboa antolatzen zuen hilean behin igandeetan haren baserrian, eta niretzat egunerokoan parentesi bat egitea bezala izan zen. Baserri hartara iritsi, gainontzekoa kanpoan utzi eta deskubritu nuen mundu izugarri bat. Nire helburua ez zen ipuinak kontatzea, gehiago disfrutatzen nuen ikasketa eta esperimentazioarekin. Baina urte batzuk geroago, Virginiak berak esan zidan hasi behar nuela ipuinak kontatzen. Eta halaxe hasi nintzen. Poliki-poliki, ipuinen munduak harrapatu egin nau, eta hor jarraitzen dut.

Eta gustura zaude hartutako erabakiarekin, ezta?

Oso. Asko asebetetzen nau eta ez nau nekatzen.

Ipuinak kontatzea eta entzutea erritu bat da

Zer dauka ipuinak?

Ipuinak dena dauka. Ipuinak badauka parte magiko bat, badauka gelditze bat. Denbora desberdina da ipuinen munduan. Gure zentrifugagailua alde batera utzi eta orain eta hemen egotea da; gainontzeko guztiak ez du inporta. Ordubete bada, ordubete horretan ipuinean nago. Ipuinak kontatzea bidaiatzea da. Ez denbora batera eta ez leku batera. Bazen behin… formula magiko hori esaten dugunean, ate bat irekitzen dugu eta bagoaz bidaian nonbaitera, kontalariak proposatzen digun leku batera. Gainera, hori dena hitzekin eta isiltasunarekin egiten duzu. Horrekin sortzen da unibertso bat, sortzen da mundu bat, non dena den posible. Eta hori izugarri ederra iruditzen zait.

Esperantzarako ate bat da?

Gaur egungo munduari begiratzen hasten bagara, ipuinek esperantza izpi bat piztu daitekeela erakusten didate. Eta nik kontatzen dut beste mundu posible bat imajinatu dezakedalako. Imajinatu dezakedalako jendearekin harremanetan jartzeko beste modu bat. Ipuinetan hori gertatzen da: ahotsik ez daukatenek ahotsa daukatela, eta, normalean, txikiak beti direla garaile. Niri hori pila bat gustatzen zait. Ipuinetan beste tempo bat dago; arnasa hartzeko beste modu bat eta erritmo bat, taldean egiten duguna, eta, gainera, ipuinak kontatzea eta entzutea erritu bat da. Gure esentziara bueltatzea da, parekoari begietara begiratu eta opari bat egitea: hemen, orain, zurekin nago. Momentu hau inportantea da eta biona da, zeren nik kontatu egiten dut, baina zuk entzun egiten duzu. Ipuin kontalariak ez gara ezer parean ez badago inor.

Idazketaren aurretik existitzen dira ipuinak

Hori da. Kobazuloetan, suaren bueltan, ipuinak kontatzen ziren.

Nolako ipuinak gustatzen zaizkizu?

Boteprontoan esango nizuke denak gustatzen zaizkidala. Baina egia da badagoela ipuin mota bat gehiago gustatzen zaidana. Historia guztietatik erreskatatuko nuke zer edo zer. Baina niri, historiak baino gehiago, kontalariak gustatzen zaizkit. Kontalari bakoitzak estilo bat dauka eta lanketa bat egiten du. Txikiak protagonistak diren historiak asko gustatzen zaizkit, eta emakume protagonistak dituztenak ere bai. Emakumeentzat interesgarriak diren gaiak eta istorioak bereziki gustatzen zaizkit. Eta, nolabait, bake pixka bat ematen duten istorioak. Nire ipuinek izan behar dute eraikitzaileak edo ordaingarriak. Hau da, mina edo kaltea jaso duen horrek bake pixka bat behar du. Eta, agian, protagonista hil egiten da, baina ikasgai bat badago bidaia horretan, nahiz eta hil edo zigor bat jaso. Azkenean, ipuin bat bidaia bat da, protagonistak egiten duen bidaia bat, zerbait ikasteko. Ipuinaren protagonista ez dago berdin ipuina hasten denean eta bukatzen denean. Nik beti zirkuluan irudikatzen dut. Abiatzen da, zerbait gertatzen zaio eta ez dauka atzera-bueltarik. Bidean zerbait jasotzen du eta zerbait ere uzten du. Baina hori da baita ere bizitza. Barruan zerbait eragiten didaten istorioak gustatzen zaizkit. Eta horrek, askotan, ipuin kontalariak eragiten du. Izan ere, askotan, ipuin bat irakurtzen dut eta pentsatzen dut ez diodala ezer ikusi. Eta, bat-batean, ipuin hori bera norbaiti kontatzen entzuten diot eta: “Ostras! Nola ez dut hori nik ikusi irakurri dudanean?”.Bada, hark bere lanketa egin duelako.

Ze ipuin kontalari mota daude?

Denetik dago, eta bakoitzak formakuntza norekin egin duen nabaritzen da. Badaude tradizio desberdinetako kontalariak. Frantzian oso desberdin kontatzen da, Kolonbian ere badago tradizioa… Baina niretzat inportantea da sinesgarri izatea. Nik ipuinak kontatzen ditudanean ni naiz, Dorleta. Ipuina kontatzen ari den pertsona ikustea gustatzen zait. Adibidez, Virginia Imaz clown oso handia da eta kontalari aparta da eta oso tonu desberdinak ditu bi lanetan. Baina biak dira Virginia eta biak egiten zaizkit sinesgarri. Gero, batzuk ipuin tradizionaletara gehiago lotzen dira eta beste batzuk, egile berriagotara. Badaude beste batzuk erosoago sentitzen direnak bizi-historiak kontatzen. Kontalari bezainbat kolore dago munduan.

Ipuinek esperantza izpi bat piztu daitekeela erakusten didate

Zein da zure sortze prozesua?

Normalean, behar batetik abiatzen naiz. Kontatzeko beharra izaten dut, eta horri ipuin forma ematen diot. Izan daitezke nire istorioak edo izan daitezke ipuin tradizionalak. Denetik kontatzen dut, eta gustatzen zait biak tartekatzea. Behar horretatik abiatuta, esploratzen noa, zer kontatu nahiko nukeen, eta horren arabera banoa sortzen. Normalean, ipuin kontalariek estilo desberdinak jorratzen ditugu, baina hezurdura bat izaten dugu. Azkenean, istorio batek badauka teknika bat. Protagonista bat du, hasiera bat, bilakaera bat eta amaiera bat. Protagonista horri zerbait gertatzen zaio eta krisi momentu bat dauka, eta ez dauka atzera-bueltarik ikasketa horretan. Nik normalean egiten dudana da ipuin hori desmuntatu. Nirea bada, eskema bat egiten dut; eta tradizionala bada, ipuinaren hezurdura nolakoa den aztertzen dut. Zein mugarri ditu, hau da, nondik pasa behar du protagonistak historiaren amaierara iristeko? Ipuin batzuek hiru mugarri izango dituzte; beste batzuek, hamasei. Hortik aurrera, bidea luzeagoa edo motzagoa izan daiteke, baina protagonistak mugarri horietatik pasa behar du. Adibidez, Txanogorritxu-ren ipuina. Amak esaten dio amona gaixo dagoela eta harengana joan behar duela. Amak esaten dio basoan kontuz ibiltzeko. Hori inportantea da; izan ere, hori ez badut ipuinean kontatzen, ipuina hankamotz geratuko da nik kontatzen dudan bertsiorako. Zergatik? Niretzat garrantzitsua delako kontatzea Txanogorritxu-k zigor bat jasotzen duela ez duelako amak esan diona betetzen. Niretzat hortik pasa behar du eta, noski, basoan otsoarekin topo egin behar du. Gero, amona, batzuetan, otsoak jan egiten du eta beste batzuetan ez. Hori aukera librea da, baina elkarrizketa hori sartu behar da: ze begi handiakBestetik, ipuin tradizionaletan gauza bakoitzak zer-nolako sinbolismoa duen jakiten saiatzen naiz. Bestetik, nola hasi nahi dudan argi daukat.

Zaila da ipuin bat kontatzen hastea?

Buruz ikasten ditudan bi gauza hasierako esaldia eta amaierakoa izaten dira. Zergatik? Askotan, urduritasunagatik, edo publikoa oraindik hotz dagoelako, niretzat garrantzitsua da lehenengo esaldia ia-ia automatikoki botatzea. Horrek ematen dit aukera ipuinean sartzeko, arnasa bat hartzeko, neurtzeko akustika, publikoa bertan dagoen edo ez… Bidaia hau partekatua delako. Eta seguru egon behar dut jendea nirekin datorrela. Kultura, ipuinak eta tradizioa oso jakintsuak dira. Zerbaitegatik daude asmatuta hasierako formulak eta bukaerakoak. Zeren batzuetan jendea urduri egoten da ea noiz bukatuko den edo noiz egin behar duen txalo. Modu bat da esateko: “Lasai, jakingo duzue noiz bukatzen den”.

Helduentzako ipuin kontakizunak ere egiten dituzu. Zer esango zenioke inoiz horrelako ikuskizun batera joan ez den norbaiti?

Etortzeko. Nire ustez, probatu beharreko esperientzia bat da. Gero, gustatuko zaizu edo ez, baina norbere buruari ipuinen bidez bidaiatzeko aukera ematea garrantzitsua iruditzen zait. Diziplina artistiko guztietan bezala, jende guztiari ez zaio dena gustatzen. Ipuinak entzutea bada eskuzabaltasun keinu bat. Prest egon behar dut kontalariak proposatuko didanari baietz esateko.

Badaukazu bete nahiko zenukeen amets bat?

[Barrez] Honetatik bizitzea izan daiteke? Ipuin langintzatik bizi nahiko nuke, asko ematen didan zerbait delako. Bereziki, helduei kontatu nahiko nizkieke, eta baita nerabeei ere. Azken hauek ipuingintza galdu egin duten zerbait baita. Ea urte luzez horretan aritzeko aukera dudan!