Doce C taldearen ‘Oinazetan’ bideoklipa

Urte luzez abestiak lantzen egon eta gero, Doce C taldeak lehen lan luzea argitaratuko du. Gaur-gaurkoz, Oinazetan abestia kaleratu dute aurrerapen kantu gisa, eta, aurrerantzean, diskoa aurkezteko kontzertuak ematea da euren asmoa.
Oinazetan kantua argitaratu duzue, Monsieur leCrêpe-ekin batera; nondik sortu da kolaborazioa?
Glaukoma garaietatik erreferente bat izan da Juantxo guretzat, Glaukoma delako Euskal Herriko raparen eta musika urbanoaren barruan gehien harrapatu gaituen taldea. Horrez gain, tolosarra da gure taldekideetako bat (Josu), baita aterako dugun diskoa ekoitzi digun Watsu ere. Haien eta Juantxoren arteko gertutasuna aprobetxatuz, abesti bat elkarrekin egitea proposatu genion, garai horretan kontu bat edo beste egiten ari baitzen gu ere mugitzen ginen esparru antzekoetan. Berak onartu eta ekin genion, eta esan genezake gure txikitako erreferente batekin lan egiteko aukera izan dugula, horri esker.
Disko baten aurrerapen kanta bat da?
Bai. Guztia ondo badoa, urte hasiera honetan aterako dugun gure lehen lan luzearen aurrerapen kantua da. Espero dugu, berehala, data zehatza iragarri, eta, lehenbailehen, kaleratu ahal izatea, gauza bat dela eta bestea dela asko luzatu zaigu-eta prozesu osoa. Duela hiru urte baino gehiago hasi ginen lehen abestiak egiten, eta ikusi… Hala ere, oraingoan oso gertu ikusten ditugu kaleratzeko data eta aukera.
Nolakoa izan da kantuaren sorkuntza-prozesua?
Nahiko motela eta azkarra, aldi berean. Kantua bizpahiru aldiz elkartuta sortu genuen, Belauntzan, Juantxok lan egiten duen lokalean, eta, ostean, Tolosako Boka Seka estudioan. Ideia nahiko azkar atera zen, eta egun gutxitan elkartuta amaitu genuen abesti osoa. Bideoklipa handik hilabete batzuetara egin genuen; egun bakarrean, Moscku estudioan grabatuta, Gurutze Ampudiaren zuzendaritzapean. Nahiko bideratuta egon zen guztia, hasieratik, baina, kaleratzerako unean, asko luzatu zaigu prozesua. Kantua duela ia hiru urte hasi genuen, eta duela bi inguru egin genuen bideoklipa. Horregatik, abestia bera azkar sortu bagenuen ere, kaleratzeko unea asko atzeratu behar izan dugu, disko osoarekin gertatu zaigun moduan.
Nolako harrera izan du kantuak?
Esperotakoa. Maitasunez egindako kantua eta diskoa dira, baina, denboraren poderioz, gugan sortutako ilusioa poliki-poliki lausotzen joan da. Batzuetan gertatzen dira horrelako gauzak: emozio handiz eskuartean darabilzun ekoizpena moteldu, eta, ateratzerako, apur bat perspektiba galtzen da espero zenaren eta izan denaren artean. Hala ere, hau hasiera baino ez da, eta jendeak ondo hartu du, itxuraz. Proiektu eta aukera berriak sortzen ari zaizkigu, berehala ikusiko dituzuenak, eta hori da bilatzen duguna lan honekin hasi ginenetik: eustea, probatzea, amaitzea eta kontu berrietara jartzea.
Aurrerantzean ze asmo dituzue?
Kontzertu berriak prestatzen hasiko gara, berehala, baina, lehenik, diskoaren etapa itxi nahi dugu, horko kantuekin proposamen berri bat eta zuzeneko hobe bat prestatzeko. Hortik aurrera, gauza asko sortuko direlakoan gaude. 2026a oparoa izatea espero dugu, eta izango duzue gure berri, formatu eta molde ezberdinetan. Baina, esan bezala, lehenik eta behin, diskoa kaleratu eta hura aurkezteko kontzertuak lotu eta ematea da gure helburua.