Diego Perez: “Txikitan, pailazo izan nahi nuen; ametsa bete dudala uste dut”

Azken urteak antzerkian murgilduta ibili ostean, telebistara itzuli da Diego Perez aktorea (Bilbo, 1978), Vaya semanita saioarekin.

Nondik datorkizu aktore izatearen nahia?
Betidanik izan dut gene hori. Txikitan, pailazo izan nahi nuen, eta, modu batera edo bestera, ametsa bete dudala uste dut. Nerabezaroan institutuko antzerki taldean aritu nintzen, eta azken urtean Joseba eta Fernando ezagutu nituen, etorkizunean BAI eskolako zuzendariak izango zirenak [Barakaldon dagoen Bizkaiko Antzerki Eskola]. Beraz, institutua bukatu bezain laster, izena eman nuen. Horrek bizitza aldatu zidan.
Vaya semanita saioaren itzulera zer izan da zuretzat?
Egia esan, sorpresa handia izan zen, eta sekulako poza. Lan egin dudan saiorik garrantzitsuena izan da Vaya semanita. Urteak igaro dira hasi ginenetik, eta jarraitzea opari handia da.
Asko aldatu da saioa? Lehen basatiagoa zen?
Garaia aldatu egin da, baina espiritua berbera dela esango nuke. Inoiz baino biziago ikusten dut saioa, eta, lehen bezala, denon gainean barre egitea du helburu. Atzean dagoen lantaldeak badaki une oro zein tekla jo; batez ere, zuzendariek eta gidoilariek. Eta ikusita saioa nola doan, ez dago zalantzarik.
Txori pertsonaia berezia izan da publikoarentzat, Jonan pertsonaiarekin batera; antzekotasunik ba al duzue Txori-k eta zuk?
Asko maite dudan pertsonaia da. Saioa jarraitu dutenek ere bi lagun horiek gogokoenen artean izan dituzte, eta hori kalean nabaritzen dut. Gauza askotan oso ezberdinak gara, baina beste gauza batzuetan baditugu antzekotasunak. Txori, azken finean, lagun fidel bat da. Haren laguna laguntzeko edozer egiten duen horietakoa. Hala ere, ni baino txoriburuagoa dela argi dago; edo hori uste dut; kar-kar.
Betidanik izan duzu horren kimika ona Javier Anton aktorearekin?
Bai. Javi lagun zoragarria da. Pertsona bikaina. 2000. urtean ezagutu genuen elkar, Campus izena zuen saio bat grabatzen, ETB2 katean. Bizitzak, gero, berriro elkartu gaitu, eta uste dut talde ona egiten dugula. Urte hauetan zorte handia izan dut lankideekin. Bai telebista-saioetan, baita antzerkian ere. Haietako asko nire gertuko lagunak dira gaur egun.
Non zaude erosoen, kameraren aurrean ala agertoki gainean?
Lan egiten. Medio bakoitza ezberdina izan arren, guztiek dute gustuko dudan zerbait. Telebista oso azkarra da, eta erreminta berezi batzuk eskatzen ditu. Antzerkia guztiz kontrakoa da. Antzerkian pertsonaia ezagutzeko eta sortzeko denbora luzeagoa duzu. Prozesua motelagoa da, baina askoz sakonagoa. Entseguak errusiar mendi baten modukoak dira. Antzerkian oso profesionalak diren zuzendariekin lan egiteko aukera izan dut: Ramon Barea, Felipe Loza, Maria Goirizelaia… Eta telebistan, antzera. Zortedun naiz izan, lankideak benetan bikainak izan direlako.

Agertokira igotzeak, baina, badu zerbait pantailak lortzen ez duena…

Berehalakotasuna. Publikoa aurrean duzu, eta momentuan jakin dezakezu egiten ari zarena gustuko duten edo ez. Emanaldi bakoitza bakarra da, eta publikoa ere bai. Agertokira ateratzen zaren bakoitzean, jokoan jartzen duzu zure pertsonaia. Estreinaldi bakoitzaren aurretik nire lagun Mikelek esaten didan gauza bat etortzen zait burura: “Honen beharrik bazegoen?”. Publikoaren artean eserita bai egoten dela gustura… Baina hori du antzerkiak, deskribatu ezin daitekeen gauza hori. Telebista ere maite dut. Azkenean, talde-lana maite dut.
Erreferenterik izan duzu?
Lankideak. Nire lankideengandik ikastea da gehien gustuko dudana. Pertsonaiak ezerezetik eraikitzen dituzte eta pieza guztiak elkartzen dituzte. Itziar Lazkano erreferente handia da niretzat. Vaya semanita saioan ezagutu genuen elkar, eta, ordutik hona, antzerkian sarritan ibili gara batera. Sekulako ibilbidea du, baina agertokira irteten den bakoitzean urduri jartzen da oraindik. Horrek asko hunkitzen nau. Olatz Ganboa ere bai. Ramon Bareak zuzendutako Ay, Carmela lana egin ahal izan dut harekin. Hirurok elkarrekin. Olatzek dantzatu, abestu, antzeztu… dena ondo egiten du. Unai Izquierdok ere, idatzi, zuzendu, antzeztu… denetik egiten du. Haiekin lan egiteko zortea izan dut, eta haien lanaz gozatu ahal izan dut. Haiek dira nire erreferenteak.
Zein da deskonektatzeko planik onena?
Danirekin eta Carmenekin edozein plan. Familiarekin egotea, lagunekin egotea, nahiz eta batzuetan lanbide honekin zaila izan. Alde horretatik, nahiko normala naizela uste dut..