Desgaitasuna duten pertsonak: lan egin edota duintasunez bizi

Javier Arrieta Idiakez

Indarreko legeriaren arabera, desgaitasuna duten langileei lan egiteko eskubidea aitortzen zaie. Are gehiago, desgaitasuna duten pertsonatzat jo behar dira %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak. Gainera, ulertu behar da desgaitasun-maila hori dutela ezgaitasun iraunkor osoa, erabateko ezgaitasun iraunkorra edo baliaezintasun handia aitortua duten pertsonek.

Auzitegi Gorenak, ordea, adierazi du lan egiteko ala ez egiteko gaitasuna zehaztea Gizarte Segurantzari bakarrik dagokiola. Izan ere, baliteke kasu batzuetan desgaitasuna aitortua izatea eta lan egiteko gaitasunik ez izatea, eta alderantziz.

Arazoa da Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik gauzak dezente zaildu direla azkenaldian, kontraesanekoak diren egoerak jaso dituelako legeriak, bai eta jurisprudentziak aitortu ere. Bestela esanda, ezgaitasun iraunkorraren gradu desberdinen izatea zeharo perbertitu da. Orain, lan egitea ahalbidetzen zaio lanik egin beharko ez zuenari. Hain zuzen, horixe da ezgaitasun iraunkorrak eratortzen dituen prestazio ekonomikoen helburua: lanik egiterik ez izateagatik diru-sarrerarik ez dutenei bizitza-maila duina bermatzea.

Gainera, orain, langile bati desgaitasuna aitortuz gero, enpresak, nahitaez,arrazoizko egokitzapenak egiten ahalegindu beharko du, hark lanean jarrai dezan. Egokitzapenok posible badira, lan egiteko aukera izango da.

Hori bai, Donostiako epaitegiak eman berri duen epai batek erakutsi bezala, badira lege-maula eginez ezgaitasun iraunkorra dutenak, euren lanean kobratuko lukeena baino dezente gehiago kobratzen eta lanik egin gabe.

Eman diezaiogun bakoitzari berea: lan egin dezakeenari, lan duina; lanik egin ezin dezakeenari, lanik egin gabe duintasunarekin bizitzeko eskubidea.