Dear Flakutxo taldearen ‘Hezurrak astintzen’ diskoa

Bere bigarren diskoa argitaratu du Dear Flakutxo bikoteak: Hezurrak Astintzen. 2022an lehen diskoa kaleratu zuten: Askatasunaren trena. Lau urte geroago, lan berria kaleratu dute, eta, 2026an, hirugarren taldekide bat batzea, kontzertuak ematea eta kanta berriak prestatzea dute buruan.
Hezurrak Astintzen diskoa nolakoa da?
EP formatuan argitaratutako lana da, eta, momentuz, soilik formatu digitalean dago eskuragarri. Lau abestiz osatutako bilduma da, apirilaren 24an argitaratutakoa. Aurretik, aurten bertan, EP barruan dauden bi kanta, Hotza eta Gizarte Kanibal, single gisa argitaratu genituen, bakoitza bere bideokliparekin eta auto-ekoitzita.
Zer esan dezakezue diskoaren inguruan? Nolako harrera izan du?
Hiru kanta euskaraz dira eta bat gaztelaniaz. Estiloari dagokionez, rock alternatiboaren barruan kokatuko genuke, nahiz eta psikodeliara eta rock progresibora ere hurbiltzen den. Jendeak esan digunez, aurrerapausoa eman dugu bai produkzioan bai soinuan, eta guk ere hala ikusten dugu.
Zein izan da diskorako inspirazio nagusia?
Letrei dagokienez, denetik dago gure musikan: egunerokotasunean gertatzen diren gai orokorrak, gai pertsonalak, istorio asmatuak, eta, beste batzuetan, kritika soziala. Azken horien bidez, sistemarekiko dugun desadostasuna adierazten dugu.
Sorkuntza prozesua, doinua, letrak… Aldaketarik nabaritu duzue zuen lanetan hasieratik hona?
Lehen diskotik hona, produkzioan aldaketa dagoela uste dugu, baita grabazioaren soinuan ere. Batez ere, gitarra garbia efektuekin gehiago erabiltzen dugu, eta sintetizadoreak eta teklatuak ez dira hain nabarmenak. Gitarraren distortsioa ere aldatu dugu, eta ahotsean melodia gehiago dago. Abestiak luzeak dira, abesti luzeak gustatzen zaizkigulako. Sorkuntza prozesuak, berriz, ez du aldaketa handirik izan.
Zeintzuk dira zuen epe laburreko planak?
Orain, kontzertu bila gabiltza, eta hirugarren taldekide baten bila ere bai; baxu-jotzaile baten bila, hain zuzen. Kontakturen bat egin dugu, dagoeneko, eta, laster, entseguetan probatzeko asmoa dugu. Hemendik aurrera, gure asmoa kontzertuak ematea da, kanta berriak prest izan arte.