Supercremalleras taldea
Gorka Olaetak (gitarra), Unai Markinak (bateria), Julen Alberdik (baxua) eta Gorka Etxebarriak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Supercremalleras talde gernikarra. Iaz lehen lan luzea kaleratu ostean, bideoklipetan eta jaialdietan buru-belarri dabiltza 2022an.
Nola sortu zenuten Supercremalleras taldea?
Musika gustuko dugun lau gazte batu ginen. Beti izan dugu talde bat sortzeko grina, eta hainbat urtetan esperimentu desberdinak egin ondoren sortu genuen.
Zer dela-eta Supercremalleras izena?
Izen luze baten bila genbiltzan eta super aurrizkia izan behar zuela nahiko argi geneukan. Ondoren, zerrenda luze baten bitartez cremalleras aukeratu genuen, eta horrela gelditu da, edozein karteletan ondo ikusteko moduan. Ez dauka inolako ezkutuko esanahirik.
2021 bukaeran kaleratu zenuten lehen diskoa, Aviones con vértigo. Zer-nolako harrera izaten ari da?
Harrera ona izaten ari dela esango genuke. Hainbat tokitan jotzeko aukera eman digu. Gaur egun, buru-belarri gabiltza ondorengo abestiekin.
Bideoklipak kaleratzen ari zarete apurka. Uda osterako sorpresarik bai?
Uda ostean abesti berriak grabatuko ditugu eta apurka-apurka kaleratzen joango gara. Beti saiatzen gara abestiek ikus-entzunezko euskarria izatea.
MadCool jaialdi ospetsuan eman zenuten kontzertua. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia izugarria izan da. Jaialdi osoa eman dugu bertan; hau da, bost egunak. Momentu oso politak bizitzeko aukera izan dugu taldekideon artean, eta artistak ezagutu ditugu.
Udan, gainera, hainbat kontzertu eman dituzue. Zer moduz moldatzen zarete zuzenekoetan?
Bai. Uztaila eta abuztua kontzertuz gainezka izan dugu. Zuzenekoei pisu handia ematen diegu. Oholtza gainean oso gustura egotea lortu dugu; izan ere, hau asko lantzen dugu gure entseguetan.
Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Pop-rock klasikoan oinarritzen gara. Abestien freskotasuna, melodia itsaskor eta gitarreroak bilatzen saiatzen gara. Leiva musikaria, adibidez, asko miresten dugu.