Mugan taldea

Bizirik ez bagaude lana aurkeztu zuen udan Mugan taldeak, eta udazkena sorpresaz beteta datorrela azaldu dute taldekideek. Izan ere, emanaldietan murgilduko dira donostiarrak.

Nola sortu zenuten Mugan?

2017ko udan, gure taldekide Pablok bere lehen kantuak sortzeari ekin zion. Eta taldea osatzeko asmoz, pixkanaka, lagunak batu genituen taldea osatu genuen arte. Lehenbizi, noizbehinka geratzen ginen; baina, hilabete batzuetara, astero entseatzen hasi ginen, kontzertuak eskaintzeko asmoz.

Zer musika mota jorratzen duzuela esango zenukete?

Galdera honekin beti sufritzen dugu! Esango genuke ez dugula estilo zehatz eta argi bat, baizik eta ezberdinen arteko nahasketa. Izan ere, gehienbat, popa, rocka, bluesa, folka, indiea –edo dena delakoa…– eta halako estiloak asko kontsumitzen ditugu, eta proiektu esperimentalagoak ere ez ditugu aparte uzten. Entzuten dugun horrek guztiak asko bideratzen du gure musika. Beraz, horren baitan egongo da. Argi dugun ezaugarri bakarra da indartsua eta pisuzkoa den zerbait transmititzeko ahalegintzen garela, benetakoa den zerbait.

Erreferenteren bat edo batzuk badituzue?

Hasieran, bereziki, Eraul eta bere folk americana estiloa izan ziren erreferente. Baina gaur egun, entzuten dugunaren espektroa asko zabaldu da. Ia denetariko kantuak entzuten ditugu. Deigarria da gertuko eta bertako talde eta bakarlariak direla gehien entzuten ditugunak, oro har. Proiektu berezi asko daude uste baino gertuago, eta, seguru aski, guztietatik edaten dugu zerbait.

2019ko urrian hasi zineten kontzertuak eskaintzen eta berehala pandemiak bertan behera utzi zuen dena. Zuendako bereziki gogorra izan zen hasiera hartan geratu behar izatea?

Beste proiektu askorentzat bezala, guretzat ere kolpe gogorra izan zen. Dena gelditzen denean, inoiz itzuliko ez dela dirudi. Beldur horren aurrean, urte osoan, modu batean ala bestean, lanean jarraitu genuen. Esate baterako, kaleratu berri dugun diskoko hainbat abesti orduan sortuak izan ziren. Gainera, Kutxa Kultur Musikan hautatuak izateari esker indarrak berritu eta kontzertuak eskaintzeko aukera izan genuen; beraz, ezin gara askorik kexatu. Une hartan zegoen egoerarekin, bereziki zaila zen gu bezalako edozein talde berrirentzat aurrerapausoak ematea; eta zorionez, eman ahal izan genuen bat edo beste.

Aurten, Bizirik ez bagaude diskoa kaleratu duzue. Zer dakar? 

Gure lehen diskoa izateaz gain, izan nahi dugun horren aurkezpen bat da. Alde batetik, diseinua bere osotasunean asko zaintzen saiatu gara. Detailez bete dugu. Alex Aranburu artistarekin kolaboratu eta kontzeptu komun bat sortu dugu egitura fisiko baten itxuran. Dena lotzen saiatu gara; bilatu nahi dituenarentzat, bideoak, hitzak eta diseinuen arteko loturak sortuz. Eta bestalde, inoiz ezer baino gehiago landu ditugu abestiak. Zortzi abesti bildu ditugu, azkena –Plus– soilik formatu fisikoan aurki badaiteke ere. Gainera, diskoan zehar, Idoia Asurmendi, Asier Beramendi –Eraul, Blanquita Carraquela…– eta Jonxa Oiartzabalekin –Herenegun– lan egiteko aukera izan dugu; eta ikaragarria izan da guretzat. Hau guztia ez litzateke posible jende asko eta askoren laguntzarekin kontatu izan ez bagenu. Oso pozik geratu gara kantuekin; orain, entzuleen txanda da. Soilik espero dugu aurkituko duten horrek zerbait mugituko diela barruan.

Nola joan da uda kontzertuei dagokienez?

Kontzertuei dagokienez, lasai joan da. Uztailean Donostiako kaian jo, eta ordutik entseatzeko hartu dugu uda. Ekainean taldean aldaketa batzuk izan genituen, eta zuzenekoak ondo prestatzea izan da gure helburua. Orain, jotzeko asmoa dugu. Beraz, espero dugu kontzertuak iristen joatea! Irrikaz gaude egiten dugun hau herriz herri aurkezteko!