Dantzari oinetakoak
Moda joera dira aspaldi honetan, eta takoiei zein kirol-oinetakoei aurre hartzen ari zaizkie argi eta garbi. Inor gutxik uste zuen Claire McCardell diseinatzaile estatubatuarrak 1941ean egindako proposamenak halako ibilbide luzea eta oparoa izango zuenik. Ballet dantzarien oinetakoa kaleko
erabilerarako diseinatu eta proposatu zuen. Eguneratuta, baina zortzi hamarkada geroago, dantzari-oinetakoak modan daude.
Hainbat modutan
Material malguak, zola lauak, punta biribila –edo ez– eta, batzuetan, orkatilan heltzeko begiztekin… Hainbat modutan aurkezten dira. Hala ere, guztiek dute ezaugarri komun bera: balleteko zapatilak gogorazten dizkigute, eta haurtzaroan jantzi izan ditugun oinetakoak ere bai, gehienoi. Moda enpresa nagusiek diseinu klasikoa berrirudikatu dute eta diseinu abangoardistak eta ausartak eskaini dituzte.
Erosoak
Erosotasuna da, zalantza barik, dantzari-oinetakoen gorakadan nagusiki eragin duen faktoreetako bat. Diseinatzaileek oinetako bakar batean elkartu dituzte erosotasuna, moldagarritasuna eta estetika deigarria. Apustu estilistiko sotila eta konbinatzeko erraza da; izan ere, ia edozein jantzirekin konbina daitezke dantzari-oinetakoak.



