Dani Fano: “Ariketa estetiko hutsak ez nau asebetetzen”
Komikigintzak aro ona bizi badu, hein batean, urteotan egin den saretze-lanari esker izan da. Hainbat eragile eta argitalpen aipa daitezke, eta ezinbesteko horien artean bat: Dani Fano donostiarra.
Dani Fano, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
Ez dakit noizbait komikigintzan murgiltzeko garai ona izan ote den, garai batean komikiak hemen rock-and-rollak baino diru gutxiago ematen zuelako. Aukerak ere murritzagoak zirelako. Irudiaren eta ilustrazioaren aldeko joera oso argi izan zenuen hasieratik?
Ez, ez. Maiz aipatu dut lanbidea zerorrek aukeratzen duzula, baina, bestalde, lanbideak ere aukeratu behar zaitu zu. Hezkuntza fisikoaren bidetik egin nituen ikasketak, eta bi lanak uztartzen hasi nintzen. Azkenean, marrazkia gailendu zen. Hasieran, marrazkia; eta gero, komikia. Hautazko bidea izan da, baina gero, atea zabaldu zait.
Eta hortxe jarraitzen duzu oraindik.
Oraingoz, ez didate atea itxi; beraz, jarraituko dugu.
Bueltan-bueltan, Xabiroi aipatzea ezinbestekoa da; erreferentzia bat da.
Gauza asko aldatu zituen Xabiroi-ren agerpenak. 2005ean sortu zen aldizkaria, hain zuzen, euskal komikiaren eta inguruko komikiaren garaia ahul edo eskas samarra zelako. Garai hartan ia ez zegoen non argitaratzerik, ia-ia ez zen berritasunik.
Xabiroi sortu zenean, Astiberri hortxe hasi zen eta gauza batzuk mugitzen hasi ziren. Aldizkari batek izan dezakeen indarra eta izateko funtsa jarraikortasuna da. Eta horren baitan sare bat sortzen da. Sakabanatuta zegoen egile multzo bat saretu zen aldizkariaren inguruan.
Ardi galduen pareko zineten orduan.
Bai, jakin gabe nondik jo. Prentsan gauza batzuk egiten; batez ere, umore grafikoa. Tantaka ateratzen ziren lan haiek. Aldizkariaren inguruan egile multzo hura sare bihurtu zen, eta gaur egun badago euskal komikigileen sare egonkor bat; elkarren berri dugu, denok jotzen dugu besteengana laguntza bila… Horrek sinergia asko eragin ditu. Eta emaitza asko.
Garapen horretan, batek baino gehiagok zure izena aipatu dit.
Niri tokatu zait, baina ideia ez zen nirea izan. Urteak neramatzan Ikastolen Elkartearentzat material didaktikoa ilustratzen, baina komikirako nire joeraren berri bazuten.
Garai hartan egiten nuen komiki bakarra prentsan zen. Umore grafikoa zen, hainbat aldizkari eta mediotan. Aldizkaria martxan jartzeko proposamena eurena izan zen. Ipurbeltz martxan zegoen, baina adin tarte txikiagoari begira. Zulo hura ikusi zuten eta Xabiroi-ren bidez osatzea proposatu zuten. Nerabeei eta helduei begira martxan jartzeko proposamena luzatu zidaten. Hor egotea egokitu zait.
Egindakoa hor dago.
Aldizkaria zuzentzea niri egokitu zait. Hortik aurrera, batek daki.
Honaino iritsita, Elgeta trikitilariaren komiki-pasarteak Xabiroi-n argitaratu dira eta orain lan osoa album batean bilduta dago. Mauriziarekin hasi zarete orain. Euskal kulturan ikono bilakatu diren bi kide dira.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen proposamena izan zen. Helburu zuten ondarea jakinaraztea, eta komikia oso bide aproposa iruditu zitzaien. Elgetarekin egin genuen lehen saiakera eta orain Mauriziarekin ari gara. Hainbat urtetako ibilbidea izateak hori ahalbidetzen du.
“Sakabanatuta zegoen egile multzo bat saretu zen ‘Xabiroi’-ri esker“
Bietan ere bada artea, kultura, musika. Baita zerbait adierazi nahi izana ere. Kultur jardueretan, eta zugana zuzenduz, mezu bat zabaltzeko beharra badago.
Nire ustez, bai. Galdera ez da zer, galdera zertarako da. Neu izan naiteke gauza asko, baina izan naiteke komikigile edo marrazkilari eta zortea izan dut gizarteak aitortu didalako nahi izate hori. Baina hori ez da nahikoa. Nik dudan gaitasuna zeren zerbitzura jarri nahi dudan, hori da egin beharreko galdera. Ni esataria naiz, kontalaria. Zerbait kontatu behar dut; ariketa estetiko hutsak ez nau asebetetzen. Zer den artea, ziurrenik, eztabaida sakon eta, ziurrenik, antzua ere bada. Niretzat bada komunikazio ekintza bat. Eta zer esan nahi duzun horrek ardaztuko du zure jardunaren gainerako guztia. Zer esan nahi horretan dago iturburua.
Harremana sustatu duzu azken urteotan idazleekin eta beste kulturgile batzuekin. Izan daiteke, akaso, hainbeste urte igaro eta gero zure gremiokideekin aspertu eta beste batzuekin aberastu nahi duzula zeure burua?
Kontrakoa da. Besteak oso aspertuta ikusten ditugu eta erakarri egin nahi ditugu komikira. Tira, txantxa da. Kontua da gutako askok ez dugula profil berbera. Batzuk kontalari hutsak dira, beste batzuk marrazkigile totalak… Bazterrekoa den edozein adierazpen artistikori laguntza ondo datorkio. Beste adierazpen artistikoetan ari ziren kontalari batzuk gurera ekartzean eta haien kontakizunak komikiratzean, oso istorio interesgarriak ekartzeaz gain, beste foku bat ipini du gugan. Aipatu berri ditugu Maurizia eta Elgeta. Musikaren fokua jarri dugu komikigintzan. Fermin Muguruza Black is beltza egiten hasi zenean ekarri zigun bezala. Komikia bezalako bazterreko adierazpide artistiko batentzat horrelako foku bat izatea asko eskertzen da. Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Koldo Izagirre… Begira zer-nolako kontalariak erakarri ditugun. Indarrak batzea izan da.
Aipatu dituzun horien artean, Koldo Izagirrerekin Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak komiki-liburu mardula ondu zenuen. Komikigintzaren erregistrora bikain egokitzen zela aipatu zenuen orduko hartan.
Koldo Izagirrek bere buruan irudia oso presente du. Animazio-filmetarako gidoiak eta liburu ilustratuak egin ditu… irudia kontatzen badaki eta irudia irakurtzen ere badaki. Eta hori ez da gutxi. Elgeta albumean gidoilari aritu zenean, hasieran egokitu behar izan zuen, baina berehala hartu zion neurria. Irudia buruan duen kontalaria da eta hori ez zaie denei gertatzen. Baina hori da osatzen den lantaldearen eginkizuna ere. Jakitea zein diren bakoitzaren baliabideak. Irudi bidez kontatzen ez jakiteak ez du esan nahi komiki-gidoi bat egin ezin duzunik. Horretan lagunduko dizu marrazkilariak.
Hainbat argitalpen ekarri ditut; aro on samarra bizi dugula uste duzu?
Bai, dudarik gabe. Behintzat, azken urteotan izan dugun onena. Ez dut oso gogoko arteari buruz ari garenean kantitateaz hitz egitea. Ahoa betetzen dugu zenbakiekin… Bigarren mailakoa da kopurua. Urtero baditugu hainbat komiki on. Hemendik sortuta, gure begiradatik sortuta, guretzat eginak, euskaraz eta euskal ikuspegitik sortuta.
Gure kulturan indartsu sentitzera ohituta gaude, baina kanpoan ikaragarri harritzen dira. Gure antzeko diren beste herrialde batzuetan ez dira iristen gure komiki ekoizpenera. Hori zerbaiten adierazle bada. Xabiroi aurreko garaiarekin alderatuz gero, garai artxion batean bizi gara.
Natasha dut esku artean, Koldo Almandozena eta Aritz Truebarena.
Maiteminduta nago komiki-liburu horrekin, hasieratik. Gogoan dut argitaratu aurretik bidali zidatela egitasmoa. Nahiko garatuta zuten eta zoragarria iruditu zitzaidan. Bien lana, gainera. Aritzena, zer esanik ez. Kontalari bikaina da; baditu orrialde antologikoak. Komikiaren narratiba zer den erakusteko orrialdeak aurki daitezke bertan. Eta Koldoren kontakizuna oso ausarta iruditzen zait, Koldok beti egiten duen moduan. Zoragarria da, gomendagarria erabat.
“Komikigile aritzeko gaitasuna zertarako erabili nahi dudan, hori da gakoa”
Zerocalcareren Hondamuinean, mundutxo honetan zaudetenontzat bada norbait. Koldo Izagirre aipatu behar dugu berriro, euskarara ekarri zuelako.
Bai, eta Zerocalcareren komikiak itzultzea sekulako ahalegina da. Ezinezkoa da itzultzea. Zerocalcare italiarra da eta askok esaten dute Erroman bertan Michele Rechen auzoko hizkera Erromako beste auzoetan ere ez dutela ulertzen. Beraz, euskara horretara jartzeko sormen handia behar da eta hizkuntzarekin jolasteko Izagirre oso aproposa da.
Berdela mila bider aipatzen da.
Eta Amaman tutulue… Buruan iltzatuta geratu zaizkigu hainbat adierazpide.
Haur besoetakoa zure kuttunetakoa izango da.
Argi dago, Xabiroi-n album bezala errepikatzen den bakarra da. Askotan esan dut. Haur besoetakoa-k ez ditu merkatu frankofonoak dituen baliabide handi horiek. Ezin dugu urtero atera, baina nik argi dut hau dela gure Asterix eta Obelix, gure Mortadelo eta Filemon… Bikote basatia osatzen dute Sanvik eta Iturriagak.
Garai batean, kazetari jardunean, “zu HBkoa izango zara!” adierazten zidaten alkate edo ordezkari politikoek. Haur besoetakoa, HB, bistan da gu biak HBkoak garela.
Erabat! HBko amorratuak. Unaik gaitasun handia du, kontalari gutxik duena, kapa ezberdinak erakusteko.
Ezpainetakoa ekarri dut, Peru Abarka lehiaketaren irabazlea; garrantzitsuak dira horrelako ekimenak.
Edozein. Sormena edo edizioa bultzatuko duena ongi etorria da. Gero, begiratu egin beharko da, zeren eta sari guztiek ez dituzte baldintza onak eskaintzen. Baina baldintza ona bada, ongi etorria da.
Zer beharko genuke komikigintza gehiago zabaltzeko?
Borondate kontua da. Azkenaldi honetan euskal kulturaren transmisioaren inguruan asko hitz egiten ari gara, defizit handiak identifikatu dira eta alarma gorriak piztu zaizkigu. Zerbait egin behar dugu. Eta egin behar dugun lehenengo gauza egitea da. Egin, eta ondo egin. Komikia, nobela, filma… hartzaileari eman behar diogu. Inguruan egiten dena zoragarria da, baina artean jarri behar dugu arima.
Komikian ahalegina egin du. Kontatzen diren gaiak eta proposamen artistikoak asko zabaldu dira. Anitzagoa da, 80ko komigintzarekin alderatuta.
Zaila iruditzen zait, egun, irakurle batek gogokoa ez duena topatzea.
Erdi gaixorik hurbildu zara elkarrizketara. Luze jarraituko genuke solasean; zein asmo duzu epe erdira eta luzera begira?
Erantzuteko erraza da. Ez dut ezer eskuetan eta ez dut ezer izan nahi. Adinarekin edo jardunarekin, akaso, zer esan nahi dudan horretan neure buruarekin exijenteagoa naiz. Komikia lan nekeza da, eta makineria hori ez dut martxan jarri nahi zer egin nahi dudan argi izan arte.
Bilaketan ari zara.
Bai! Artistaren lana bilatzea dela irakurri dut berriki. Ez nago geldirik. Iritsiko da. Ez dago presarik. Ez nago geldirik, Xabiroi eta lan puntualak egiten.
Hurrengo kolpearen zain geratzen gara, beraz.
Horrela izatea nahiko nuke, baina gero, auskalo zer aterako den! Gorputzak eta buruak geratzeko eskatzen didate. Argia piztu arte.
Eskerrik asko, Dani, plazer handia izan da.
Eskerrik asko zuei; niretzat ere bai.