Danel Sarasuaren ‘Zutaz ahaztea’ abestia

Sare sozialetan abestien bertsioak igo izan ditu orain arte Danel Sarasua musikariak; orain, berriz, haren lehen abestia kaleratzea erabaki du: Zutaz ahaztea. Prozesuaz gozatu duela dio, eta aurrerantzean lanean jarraitzeko indarra eman dio kantua argitaratzeak.
– Zutaz ahaztea kaleratu duzu; zeri abesten diozu?
Egia esan, abesti hori Bilboko Aste Nagusian ezagutu nuen pertsona baten inguruan idatzi nuen. Denborarekin, kontaktua galdu genuen, eta, nolabait esateko, ez nintzen hari idazteko eskubidearekin sentitzen, askotan gogora etortzen zitzaidan arren. Denok utzi dugu atzean guretzat garrantzitsua izan den norbait, ezta? Eta, nahiz eta pertsona hori batzuetan gogoan izan, ez dakigu horra itzul zaitezkeen. Horren inguruan hitz egiten du abestiak.
– Noiztik daramazu horrekin lanean eta nolako prozesua izan da?
Gezurra badirudi ere, duela bi urte hasi nintzen abestia idazten. Uda honetan maketa zaharra entzun dut, urtebete baino gehiago entzun gabe igaro ondoren, eta idatzi nuen uneko bera sentitu nuen. Azken ukituak eman eta lehenbailehen igotzea erabaki nuen, abestiaz nekatu aurretik. Askoz luzeagoa izan da ekoizpen-prozesua sortze-prozesua baino. Ekoizle gisa asko dut ikasteko, eta gauzak nahiko astiro egiten ditut oraindik, baina hitzak, doinua eta akordeak pare bat egunean eginak zeuden.
– Orain arte, abestien bertsioak publikatzen ibili zara; zure lehen abestia argitaratzeko gogotsu zeunden?
Oso gogotsu. Aspalditik izan dut buruan, baina ez da sare sozialetara bideo bat igotzea bezain intuitiboa, eta inguruan ere ez dut inor izan horretara bultzatzeko edo laguntzeko. Baina lehen abestia, behintzat, hasieratik bukaerara nik egina izateak asko asetzen nau. Horretarako hainbat eta hainbat ordu pasa behar izan ditut lanean, baina harro nago lortutako emaitzarekin.
– Aurrerantzean abesti berri gehiago izango ditugu?
Abesti horrek izotza apurtzeko balio izan didala uste dut. Orain badakit nola igo abestiak, nola grabatu, joan egin zaizkit hainbat beldur… Laster berri gehiagorekin etortzea espero dut.