Danel Elezkano: “Ona da lehen baino faborito gehiago izatea”

Danel Elezkanok (1994/04/09, Zaratamo) datorren udan beteko du hamarkada bat profesionaletan, baina duela hiruzpalau urtetik hona koska bat egin du gora bere jokoan, eta aurreko koadroetako izar nagusietakoa bilakatu da. Parte hartu duen binakako azken bi txapelketetan jantzi du txapela, eta aurten ere katedrarentzat faborito nagusia den bikotea osatzen du Zabaletarekin. Berak, ordea, garaipenetatik haratago begiratzen du.

Zer moduz, Danel? Azken gerra zauriaren arrastoak oraindik begi azpian dauzkazu… Nola doa?

Hobeto. Lehenengo egunetan handituta eduki nuen. Orain hasi zait belzten, baina behin puntuak emanda ni ere lasaiago geratu nintzen, eta orain denbora baino ez da behar sendatzeko.

Momentuan susto handia hartu zenuen?

Nik medikuari jarraian esan nion lasai nengoela ez nuelako inolako zorabiorik nabaritu, eta hori garrantzitsua da. Baina egia da eskuak aurpegian jarri eta takoak odolez beteta ikusi nituenean larritu egin nintzela. Zorionez, ez zen beste munduko ezer izan, partida amaitzeko modua izan nuen, ondoren ospitalera joan behar izan nuen probak egitera eta esan zidaten puntuak behar nituela, baina esandakoa, sustoa izan zen dena, eta pozik.

Garrantzirik kendu gabe, baina pilotakada norena zen ikusita [Joseba Ezkurdiarena], eskerrak ez zuen ondo jo!

Bai, eskerrak ez ninduen bolea batekin harrapatu eta huts egindako pilotakada zela, bestela… Agian, ez nintzen hemen egongo [Barre].

Barrez ari gara, Danel, eta badakit eskua eta erreminta ez direla gauza bera, baina ez dakit sekula planteatu ote den eskuz jokatzeko ere babesak janztea.

Nik dakidala, ez. Nirea, azkenean, ez zen kolpe handia izan. Hurbil harrapatu ninduen, baina ez zen ondo jotakoa eta ez zetorren oso abiadura handian. Egon dira askoz ere kolpe bortitzagoak jaso dituzten pilotariak. Egia da arriskua beti egongo dela hor, baina, zorionez, uste dut ez dela hainbestetan gertatzen. Ez naiz ni hori erabaki behar duena eta ez dakit beharrezkoa den nolabaiteko babesa eramatea.

Ez da ohikoa, baina ez da gertatzen zaizun lehen aldia…

Badiot nik, imana daukadala. Edo buru handiegia… [Barre]

Edo aurkariek tantoa ezin egin eta desesperaturik…

Ez dut uste [Barre]. Baina bai, tokatu izan zait. Gogoan daukat Beroizen aurka, eskuz banakako aurrekanporaketa batean, partidu berean lehenengo berak niri eman zidala pilotakada aurpegian eta gero, handik bi tantora, berak jo zuela buruarekin paretaren kontra. Eta beste batean, Zallan, agian, jaso izan dudan pilotakada gogorrena jaso nuen. Han bai egon zen zalantza gehiago. Medikuak ez zidan kantxara itzultzen utzi

nahi. Baina, zorionez, beti geratu izan da kolpe hutsean; ez da gehiagora joan, eta horrela jarrai dezala.

Gainerakoan, zelan sentitzen zara? Binakakoan bete-betean zaudete. Eskuak, fisikoa, jokoa… Nola zaude?

Pozik. Txapelketa oso luzea da. Momentu onak eta txarrak bikote guztiek izango ditugu, eta egin behar dena da momentu onak aprobetxatu puntuak pilatzeko eta txarretan aurrera egin. Oraintxe bertan sentsazio aldetik ondo nago, eskuak ondo dauzkat, eta beti diot hori dela pilotariak behar duena. Eskuak ondo edukiz gero, astean zehar normaltasunez entrenatu zaitezke, eta horrek ematen dizu jokoa eta konfiantza. Azkenaldian, lesioak errespetatzen ari zaizkit, eta pozik nago.

Pilotak bizirik segituko du oso pilotari handiak daudelako, baina ikusiko da aurrekoen mailari eusteko gai garen”

Binakakoak bospasei hilabeteko iraupena dauka, eta ni horrelakoetan Tourreko ziklistekin gogoratzen naiz. Hasieran topera egon ordez, hobe dela bigarren eta hirugarren astera puntu gorenean iristea. Zuen kasuan, zer da hobe, topera hasi sailkapena bideratzeko ala txapelketak aurrera egin ahala puntua hartu?

Ez dakit zer esan. Bukaera aldera iristeko aurretiko lana egin behar da, garrantzitsua da hasieratik puntuak biltzen joatea, bestela ez dago-eta bukaerako partida horiek jokatzerik, baina guk ere zalantzak izaten ditugu entrenamenduak planteatzerakoan. Iaz adibidez, hasieran ez nituen oso sentsazio onak izan, baina amaierara puntuan iritsi nintzen, eta aurten, berriz, sentsazio hobeagoarekin hasi naiz, baina ez dakit gorputzak nola erantzungo didan txapelketan zehar. Lehen esandakoa, guztiok izango ditugu momentu onak eta txarrak, eta inportanteena da onetan gozatzea eta txarretan aurrera egiten jakitea.

Hain txapelketa luzea izanda, Gabonak ere tartean tokatzen dira. Aurten, gainera, asteburuan. Badago parentesi txiki bat egin eta ospatzerik?

Afizioa ofizio izanda, ez gara kexatuko. Nire aldetik, behintzat, ez dago arazorik. Asko gustatzen zait entrenatzea, eta, jai izanda ere, zerbait egingo nuke; beraz, ez dago kexarik. Tokatu izan zait Gabon egunean jokatzea, eta egia da Gabon gaua eta Eguberri eguneko bazkaria ezberdina izan behar dela…

Nolakoa?

Tira… ba, hobe duzu familia bazkarian ez egotea. Jaialdia, normalean, arratsaldeko bostetan izan ohi da, etxetik kilometro batzuetara, eta goiz bazkaldu beharra dago. Tokatu izan zait Gabon egunean bakarrik bazkaldu behar izatea, baina gerta daiteke baita asteburu horretan partidarik izan ez eta normaltasun osoz ospatu ahal izatea. Ez da arazo bat.

Txapelketara itzuliz. Elezkano-Zabaleta bikotea faborito jotzen du mundu guztiak. Horrek punturik ez du ematen, baina presioa bai?

Lehengo urtean ere presio horrekin jokatu genuen. Aurten, zortzi bikote oso indartsu daude, denak dira beste guztiei irabazteko kapazak, eta guk ez dugu faborito kontuetan pentsatzen. Gure ardura bakarra partidaz partida jokatzea da, gure maila ematea eta txapelketa ona egitea. Faborito izate horrek ez du ezertarako balio gero kantxan maila ematen ez baduzu, eta guk hori hitz eginda daukagu. Badakigu oso zaila izango dela.

Kontua da pilotazalea Danel Elezkano binakako txapelketan oso goian ikustera ohitu dela. 2018an txapeldunorde, 2019an txapeldun, 2020an enpresak ez zintuen koadroan sartu eta iaz berriro txapeldun. Zeri zor zaio azken urteetako aurrerapauso hori?

Oso pozik nago datu horrekin; batez ere, lortu dudan jarraikortasunagatik. Oso txapelketa luzea da eta oso partida gutxi utzi ditut jokatu gabe. Azkenean,

jarraikortasuna baduzu, astean zehar normaltasunez entrenatzen bazara eta astero partida badaukazu, konfiantza irabazten duzu. Bikoteka ondo sentitzen naiz eta oso gustura nago emaitzekin. Badakit ez dela beti horrela izango, oso bikote indartsuak eta pilotari handiak daudelako, baina aurten ere saiatuko gara lana ahalik eta hobekien egiten eta maila ona ematen.

Baina sentsazioa daukazu azken urteetan ikusteko pilotari polita izatetik aurrelari onenetako bat izatera pasa zarela?

Ez dakit. Bakoitzak bere ibilbidea egiten du eta ni nirearekin oso pozik nago. Binaka sekula amestu ezingo nituzkeen partidak jokatzeko aukera izan dut, eta banaka ere hiru finalerdi jokatu ditut, nire dohainera askorik egokitzen ez den distantzia izan arren. Kantxara ateratzen naizenean ondo pasatzen saiatzen naiz, disfrutatzen, eta uste dut azken urteetan, hein handi batean, lortu egin dudala.

Kantxaratzean ondo pasatzen saiatzen naiz; azken urteetan uste dut lortu dudala

Orain gutxi, Aimar Olaizolak agur esan die pilotalekuei. Oraindik Oinatz geratzen da belaunaldi horren ordezkari gisa, baina izar handi askok erretiroa hartu dute azken urteetan, eta orain zuei dagokizue pilotak izan duen urrezko aro horri segida ematea.

Nola ikusten duzu belaunaldi aldaketa?

Guk telebistaz ikusten genituen pilotariak dira eta plazer handia izan da niretzat euren aurka jokatu ahal izatea. Partida bakoitza sari bat bezala hartu dut, txikitatik jarraitzen nituelako. Belaunaldi berriaz zer esan? Nik uste dut pilotak bizirik segituko duela osopilotari handiak daudelako, baina datozen urteetan ikusiko da aurrekoek eman zuten mailari eusteko gai garen. Oso maila handia eman dute, eta ea, ba, gu ere kapazak garen.

Une honetan esan daiteke Jokin Altuna ari dela txapel asko pilatzen eta bera dela momentuko izar handiena, baina badirudi hautagaien zerrenda zabalagoa dela, ez dela Irujo eta Aimarrekin gertatzen zena errepikatuko. Hori hobea ala okerragoa da pilotarentzat?

Aimar eta Irujo bezalako bi pilotari irteteko urte asko pasa beharko dira. Esango nuke, gainera, batak bestea hobeago egin duela, beste kirol batzuetan ere gertatu izan den bezala. Gaur egungoen artean, ados nago, Jokin da eurengana txapeletan hurbildu daitekeen bakarra, eta, hala ere, kosta egingo zaio. Uste dut ona dela txapelketa bat hastera doanean faborito gehiago izatea, baina, aldi berean, ederra izan da Aimarren eta Juanen arteko norgehiagoka ikustea. Pilota gustuko dugunok beti izango dugu gogoan. Gauzak datozen moduan hartu behar dira, eta aurrerantzean ere partida handiak izango dira.

Aimarri buruz ari garenez… Bere agurrean, Asier anaiak esan zuen Aimar pilotari jaio egin zela eta bera, berriz, egin. Danel jaio ala egin egin da pilotari?

Esango nuke nire kasuan ere gehiago izan dela lana profesional izatera eraman nauena. Lesio batekin jaio nintzen eta oso goiz hasi nintzen pilotan. 3 urterekin anaia frontoian ikusten nuen eta ni ere hara joaten nintzen. Ordu piloa sartu ditut,arratsalde guztiak pilotalekuan pasatzen nituen, eta horregatik uste dut lanaren fruitu dela gaur pilotari izatea.

Askok ez dute jakingo jaiotzako lesio hori daukazunik. Eskuin besoa ezin duzu erabat luzatu, ezta?

Hori da. Jaio nintzenean, besoa mugitzeko ere zailtasunak nituen, eta pixkanaka masajeekin lortu nuen normaltasunez mugitu ahal izatea. Ezin dut guztiz luzatu, baina pozik nago, ez didalako sekula minik eman eta aukera izan dudalako nahi izan dudana egiteko.

Galdera da: noraino iritsi zitekeen Danel Elezkano eskuin besoan lesio hori izan ez balu…

Ez dut inoiz hori pentsatu. Eskuin besoa erabat luzatu ahal izan banu, agian, ezkerra ez nukeen hainbeste landuko.

Gehiago landu duzu ezkerra horregatik?

Bai. Eta oso eskertuta nago pilotan hasi nintzenean izan nituen entrenatzaileei. Eskumaz sakatzera eta eskumaz jotzera behartzen ninduten eta horri esker beso hori garatzea lortu nuen. Edonola ere, ni gusturen ezkerrez ibiltzen nintzen, eta uste dut gaur egun bi eskuak erabiltzea oso garrantzitsua dela.

Lehen esan dugu zure gaitasunetarako modalitate aproposena ez izan arren, buruz buru hiru finalerdi jokatu dituzula. Zer falta zaizu azken urrats hori egin eta banaka ere txapela eskuratu ahal izateko? Ez dirudi askorik falta zaizunik…

Falta izan zait, bai. Hor ikusi dut neure burua, eta sentsazio onekin, gainera, baina ez dut finalerdietako partidarik irabaztea lortu eta garbi dago aurkariak gehiago izan direla. Beti esan izan dut hiru distantzietatik nire gaitasunetara gutxien moldatzen dena eskuz banakoa dela; ez naiz kolpe handiko pilotaria, baina azken urteetan jokatzeko modua aldatu egin da, airez asko jokatzen da, sake-errematearekin min handia egiten da, eta gustuko dut urtean zehar eskuz banakakoa prestatzea eta entrenamenduak egitea. Agian, lau eta erdikoa gehiago moldatzen da nire dohainetara, eta ez dut, ordea, eskuz banaka lortu dudan emaitzarik lortu. Lanean segi beharko da.

Edozein kasutan, Danel, esan izan duzu emaitzari gehiegi erreparatzen zaiola eta beste gauza batzuk ahaztu egiten direla. Balioak, adibidez. Eta hori zuretzat oso inportantea da.

Bai. Adierazpen horiek egin nituenean, oihartzun handia izan zuten. Argi dago kirolean lehiakortasuna behar dela, baina garaipenetik at beste gauza asko daudela uste dut. Besteak beste, balioak. Kirola tresna paregabea da haurrei balioak irakasteko, eta gaur egun, garaipenari baino ez zaio garrantzirik ematen. Kirol profesionalaren eta eskola kirolaren artean ezberdintasunak daude, noski, baina kirol profesionalak ere eredugarria izan behar du.

Zuk hori presente izaten duzu kantxan zaudenean?

Saiatzen naiz, bai. Ezagutzen nauenak badaki zein lehiakorra naizen, zenbat gustatzen zaidan irabaztea eta galtzea ez zaidala batere gustatzen, baina uste dut moduak daudela irabazteko zein galtzeko. Garaipena baino gauza garrantzitsuagoak daude. Batzuek bat egingo dute horrekin eta beste batzuek ez.

Jarrera eredugarriez ari garenez, gaurkotasuneko bi gai. Lehena, koronabirusa eta pilotari zein zaleek frontoian izan beharreko jarrera. Zer iritzi daukazu?

Zaila da. Ez dagokit niri erabakiak hartzea, baina momentu oso gogorrak pasa ditugu eta denok jarrera egokia badaukagu errazagoa izango da aurrera egin eta hau bukatzea. Denok eduki beharko genuke kontuan nolako momentuak pasa ditugun, bai guk eta baita zaleek ere, pixkanaka gauzek hobera egin eta normaltasunera bueltatzeko. Pilotazaleak frontoian ikustea dena da guretzat.

Zuk ondo dakizu zer den txapela irabazi eta harmailetan inor ez egotea…

Horregatik diot. Finala jokatu eta harmailetan lagunak eta familia falta izatea pena handia izan zen. Beti esan dut horrelako partidak jokatzeak ilusio gehiago egiten didala nire inguruko jendeagatik nigatik baino. Egun hartan asko igarri nituen faltan. Beste edozein kiroletan bezala, pilotan ere zaleak dira kirol honen arrazoi nagusietako bat eta denon artean ahalegina egin beharra dago honi buelta emateko.

Eta beste gaia. Jokoa. Apustuak. Pilotarekin oso lotuta daude, esango nuke saltsa ere ematen diola, baina, aldi berean, gizarte mailan jokoak eragiten dituen arazoen gaineko kontzientzia gero eta handiagoa da. Nola uztartu daiteke hori?

Ez dakit erantzuten. Ez naiz inoiz apustu-zalea izan eta, askotan, nola doazen ere ez naiz konturatzen, baina garbi dago gaur egun lehen planoan dagoen gaia dela. Frontoietan beti egon da ohitura hori eta orain ere badago. Uste dut jaitsi egin dela, nahiz eta orain apustu asko makinetan egiten diren, eta zaila da zer gertatuko den aurreratzea. Kirolaren parte izan da beti eta hor egoten jarraituko duela uste dut, baina ez dakit nola kudeatu behar den.

Amaitzeko. Nola baloratzen duzu zure bigarren txapelaren urtea izan den 2021a, eta zer eskatzen diozu urte berriari?

Urte gogorra izan da. Txapela irabazi genuen eguna ere ederra izan zen, baina, aldi berean, tristea, beste edozein urtetan frontoia beteta egongo zela jakinda. Eta urteak ere, orokorrean, alde positibo eta negatiboak izan ditu, beti bezala. Baina berripozgarriena da zaleak pilotalekuetara bueltatzen ari direla, eta horrekin geratuko gara.