Danae Riaño: “Begi-bistakoa izan da betidanik musikaren ildotik jarraituko nuela”

Goazen saio entzutetsuan parte hartzeak egin zuen aurpegi ezagun Danae Riaño (Irun, 2003), baina han ere protagonismo nabarmena zuen haren bizitzan beti presente egon den musikak. STR taldeko kidea da eta Musikenen ikasten du.

Abesten duen aktorea ala antzezten duen abeslaria, zelan ikusten duzu zeure burua?

Kar-kar-kar! Bada, ez bata eta ez bestea. Nik neure burua musikari bezala ikusten dut; antzeztearena zeharka iritsi zitzaidan. Casting bat egin nuen abeslariak behar zirelako ETBko programa baterako, eta, 5 urte geroago, hementxe nago…

2019an sortu zen STR taldea eta zu 2022an sartu zinen; erraza egin zitzaizun martxan zeboen trenera igotzea?

Egia esan, Iker Villak deitu ninduenean beldur pixka bat neukan. Talde batean parte izatea ez da soilik kontzertuak edo show-a ematea. Dagoeneko

muntatuta dagoen talde batean sartzea, jada ezarrita dagoen dinamika batean, lagun talde batean, umore espezifiko batean sartzea da. Eta STRkoekin ezin izan da errazagoa izan. Nire lagunik onenak dira. Zoriontsua naiz haiekin denbora partekatzen; konposatzen, jotzen edo ezer ere ez egiten.

Zelako esperientzia izan da BBK Live jaialdiko agertokietako baten gainera igotzea?

Pentsa! Joan naizen lehen musika jaialdian jo dut. Erokeria da!

Telebistako hainbat musika lehiaketatan parte hartu duzu; zenbat laguntzen diote horrelakoek hasten ari denari?

Nik uste dut asko lagundu zaitzaketela, argi baduzu tranpolin bat direla, eta ez eskailera batzuk. Esan nahi dut: aukera ondo aprobetxatuta, jende pila bat ezagutu dezakezu interesatzen zaizun esparruan. Beraz, lan eginda eta jatorra izanda, aukera asko dituzu nahi duzun hori lortzeko. Baina jakin behar da momenturen batean hori amaitu egingo dela.

Aita ere musikaria izanda, zenbat disko eta zelakoak zeuden zure etxean umea zinela?

Nire etxea instrumentuz beteta egon da, reggae eta rock estiloetako soinu banda batekin. Begi-bistakoa izan da betidanik musikaren ildotik jarraituko

nuela, baina ez daukat oso argi gitarra jotzen dudan gehien gustatzen zaidan instrumentua delako edo aita ere gitarra jotzailea delako.

Zein da Goazen-en eman zenituen denboraldietatik gordetzen duzun oroitzapen preziatuena?

Uda haiek askorako eman zuten eta niretzat gordeko ditudan oroitzapenak sortu ditut Basakabi-n. Ez dakit preziatuena den, baina betiko gordeko dudana izango da niregan konfiantza eduki dutela eta nik sortutako hiru kanta horrelako proiektu batean onartu dituztela.

Zenbateraino sentitzen zara erreferente hainbeste haurrek eta gaztetxok ikusten duten telesail batean parte hartuta?

Badakit sareetan jende askok jarraitzen nauela, eta kalean gaztetxo askok agurtzen naute. Baina ez dakit erreferentea naizen, edo, behintzat, ez naiz

horrela sentitzen. Alde horretatik, ez dut presiorik sentitu. Baina telesailean antzezterakoan bai. Telesailera joan aurretik, ez nuen inoiz ere antzerkirik egin, eta hasieratik iruzurti samarra sentitzen nintzen. Egoerari buelta emateko, lan handia egin nuen maila emateko. Eta fruituak eman zituen: lau urte eman ditut.

Erreferenteez ari garela, zeintzuk ziren, edo dira, zureak?

Txikitatik nire erreferenteak izan dira Hannah Montana eta Camp Rock-eko gazteak. Sentitzen dut pailazoak gustatu ez izana, urduri jartzen ninduten.

Orain, nahiz eta Disney Channel-eko tematzarrak entzuten jarraitzen dudan, beste musika estilo batzuk jorratzeen ditut eta erreferente bezala dauzkat Emily Remler, Säje, Guthrie Govan, Lawrence eta Manhattan Transfer.

Mugikorra etxean ahaztu duzu; lasaitu ala urduritu egingo zara gehiago?

Kristoren nazka hartu diot mugikorrari. Azkenaldian, lanarekin lotu dut, eta asko kostatzen zait mugikorra begiratzea edo mezuak erantzutea. Egia esan beharra dago; etxean uzten dudan bakoitzean, hasieran pixka bat urduritzen naiz. Baina gero, konturatzen naiz unibertsoak ez duela eztanda egingo, eta pasa egiten zait.

Hozkailua ireki duzu: zer egon behar du bai ala bai bertan?

Ez dakit hozkailuan sartu behar den edo ez, baina bai edo bai gazta behar da!