Dana D’Capricho: “Kubatik etortzean, gure musikarekin jarraitzea erabaki nuen”
Duela 20 urte osatu zuen musika taldea Dena Moyak ahizpa Danirekin batera Kuban: D’Capricho taldea, hain zuzen, pianoarekin lagundutako bi ahots. Euskal Herrian bizi da gaur egun eta jaioterrian abiatutako proiektuarekin jarraitzen du. Ederto moldatzen da euskaraz, elkarrizketan entzungo duzuen moduan; Bizkaian bizi denez, orain bizkaiera ikasi nahi du.
Jakin daiteke nola iritsi ziren bi ahizpa kubatar Euskal Herrira?
Nire senarragatik izan zen.
Maitasun kontuak.
Bai.
Baina ahizparekin etorri zinen.
Izan ere, talde bat gara. Eta hona etortzean, erabaki nuen gure musikarekin jarraitzea. Duela 20 urte osatu genuen taldea, eta, senarrarekin bizi izatera etortzea erabaki arren, musikarekin jarraitu nahi nuen.
Bi ahizpon arteko harremana ere oso estua da.
Bai, txiki-txikitatik.
Kuban ere aritzen zineten kontzertuak ematen.
Bai, baina oso zaila izan da eta gauza gutxi egin dugu Kuban.
Zaila da?
Guretzat, bai.
Zuentzat ala, oro har, da zaila Kuban?
Talde txikia gara, duela 20 urte hasi zen reggaetona, eta gu bi ahots, piano batekin… gauza ezberdina egiten… hasieran, oso zaila izan zen.
Reggaetonaren kontra borrokatu behar izan duzue? Batalla perdida, Dana.
Ez, ari gara zerbait asmatzen. Baina behar da denbora, laguntza, dirua… Baina jarraitzen dugu, kubatarrak garelako eta gure herriarendako zerbait polita nahi dugulako.
Zuen kanturako zaletasuna, gainera, zoragarria da. Ezin zarete isilik egon, ezta? Nondik datorkizue zaletasun hori?
Piano eskolan ikasi genuen eta piano irakasleak gara biok.
Derrigorrezko irakasgaia da musika Kuban?
Txikitan hasi eta eskola profesionalean jarraitu genuen, gure karrera izan da pianoa. Baina nire ahizpak erabaki zuen duela urte batzuk bere musika sortzea, bere musika konposatzea. Lagun batek gomendatu zion poema musikatuak egitea, eta halaxe hasi zen.
Eta hortik etorri zen D’Capricho taldea.
Bai. Lehen diskoa atera genuen. Aurretik izan genuen beste izen bat, Las Dos D, Bi D-ak, baina izen hori Kuban erabiltzeko oso zaila iruditu zitzaigun. Eta ahizpari otu zitzaion D’Capricho: gure bi izenak d hizkiarekin hasten direlako, Paganiniren Capricho-ak oso ezagunak direlako, eta gure musika Kuban zabaltzea ere capricho-a zelako.
Nolakoa izan zen Euskal Herri hotz honetara etortzea? Gogorra egingo zitzaizuen.
2013an etorri ginen lehenengoz eta oroitzen dut etorri ginenean eguzkia atera zela.
Zuek ekarrita, akaso…
Hori esaten ziguten. Izan ere, bederatzi hilabetez euria egiten aritu zen eta ekainaren 4an, iritsi ginen egunean, eguzkia atera zen. Eta ez zuen hotzik egiten. Udan hemen ere gozatzen dugu eguzkiarekin.
2013an etorri zinen lehen aldiz, hortaz.
Orduan egin genuen lehen bira; 43 kontzertu eman genituen hiru bat hilabetean. Senarrak asko lagundu zigun.
Eta gaur egun ze harreman duzue Kubarekin?
Ahizpa han bizi da eta urtean hiru hilabeterako etortzen da. Ni hemen bizi naiz, baina urtero joaten naiz bi hilabeterako. Amagatik eta familiagatik joaten naiz. Badakizu bizitza nolakoa den, baina behar dut Kuba.
Komunean dugun lagun batek ere galdetzeko esan dit: zergatik gauza bat proposatzen zaizunean esaten duzu ze apuroa?
Izan ere, ez naiz hemengoa, presio modukoa sentitzen dut.
Baina, ostera, edozertara apuntatzen zara.
Bai, baina hori da ezin dudalako ezetz esan. Zuek oso komunitate beroa zarete niretzat, guretzat; oso jatorrak zarete gurekin eta konpromiso handia dut beti baietz esateko, baina apuro horrekin; izan ere, pixka bat lotsatia naiz eta nire ahizpa ere bai.
Zu ere oso solidarioa zara, ingurukoek hala zarela diote; zuk ere hori uste duzu zure buruaz?
Bai, eta negar egiten dut, sarri, horren harira. Kuba liderra da elkartasun gaietan. Zuek oso solidarioak zarete, baina nik uste dut zuentzat ere eredu izan dela. Ederra da kubatarra izatea eta jakitea zenbat laguntza eman izan duen beti han eta hemen.
Zentzu horretan, bi herrialde nahiko antzekoak ikusi dituzu.
Bai, nahiko antzekoak. Kuban, esaterako, Bizkaibus-eko autobusak ikusten dira. Eta hori laguntza handia da.
Zuk ere bat egin duzu Euskal Herriko elkartasun mugimendu askorekin. Interes eta militantzia handiko pertsona zara hemengo kausekin. Zerk eraman zaitu horretara?
Ez dakit, kontzientziak; izan ere, kubatarra naiz. Kubako iraultza xurgatu dut eta odolean dudala uste dut.
Kubatar euskaldun odol hori…
Bai. Ezkerreko istorio hori… oso garrantzitsua da niretzat. Badakit nondik natorren eta ezin dut bestelako gauzekin amets egin, errealitateak egia esaten du.
Nola ikusten duzu Kuba gaur egun?
Ondo; niretzat, beti ondo. Aldaketa dator, hor dago, ez dugu beste erremediorik. Ez da Venezuela bezain indartsua, petroliorik ez dago.
Venezuela gaur egun…
Haiei esker gaude arnasa hartzen.
“Nire lehen hitza euskaraz izaten da”
Baina alde batetik edo bestetik begiratu egoera, imajinatzen dut ez dela inoren gustukoa. Kuba ezberdin dago, beste egoera batean dago?
Arriskua hor dago Venezuelarekin harremana galtzen badugu, petrolioarekin laguntza handia ematen digutela uste dut.
Eta krisi honekin bien arteko harremana galdu egin daitekeela uste duzu?
Ez dakit ezer, eta badakizu zer gertatzen zaidan, kalte egiten didala hemen ikusteak telebistan albiste berri batzuk. Eta nahiago dut ez pentsatu, ulertzen? Batzuetan, gezur handiak entzuten eta ikusten dira eta oso zaila da jakitea dena egia den ala ez. Kubara joaten naizenean ikusten dut eta egoera gogorra da, baina bueno… Baina hemendik ikustea ez da erraza. Nik pasio handia jartzen diot gaiari; hortaz, nahiago dut ez pentsatu eta ea denborarekin zer gertatzen den. Izan ere, ez dakigu. Badira botere desberdinak atzetik eta pertsona normalok ezin dugu dagoen guztia jakin.
Pentsatzen dut gogorra izango dela, hortaz, ikustea gertatzen dena zu hemen egonda eta hemen ondo bizita, gainera.
Batzuetan, zaila da, hemen oso-oso ondo bizi naizelako. Kuban ere bai. Beti diot, borrokatzen, baina pozik bizi nintzen Kuban. Ez dugu hainbeste gauza, baina pozik bizi gara kubatarrok. Eguraldiagatik edo Afrikako odol nahasketagatik… ez dakit zergatik, baina alaitasuna dugu.
Ez duzu uste hemen ere halako zerbait beharko genukeela? Hau da, gutxiago izanda zoriontsuago bizitzea? Uste dut hemen dena dugula eta ez garela zoriontsu bizi. Aldiz, Kuban, gutxiagorekin zoriontsuago zarete. Non dago trukoa?
Ez dakit, baina sistema oso gogorra da eta presioa handiarekin bizi zarete. Dena lotuta dago diruarekin, etxearekin… merkatu barruan bizitzea modukoa da.
Kapitalismoa.
Bai. Gure sozialismoarekin ezin dira hainbeste gauza lortu diruarekin, materialki ez daukazu dena, baina zoriontsua da egotea hondartza baten zure zapatila edo txankleta pare batekin. Gauza gutxirekin bizi gaitezke, ez zarete kontziente; guk, kubatarrok, badakigu gauza gutxirekin moldatzen, eta molda gaitezke. Zuen egoera zaila da, egotea pentsatzen datorren urterako dirua behar duzuela ez dakit zer egiteko… Eta eguraldiak ere badu eragina. Eguzkiarekin, ematen duen berotasunarekin ez duzu gauza askorik behar. Baina hotzarekin, gauza gehiago behar dituzu, etxea ondo, arropa, zapatak…
Baliabide gehiago.
Bai.
Esalditxo bat irakurri nahi dizut, iazko azaroan Euskaraldian murgilduta egon ginela eta Ander Lipus aktoreak bere Facebook-en argitaratutakoa: Atzo emaztearekin bazkaltzen nengoela, zerbitzariari galdetu nion euskaraz moldatzen zen. Euskararik ez zekiela esan zigun Bilbokoa zelako. Nire emaztea kubatarra da eta euskaraz daki. Nor da, bada, Ander Lipus?
Nire senarra. Senarrak idatzi zuen.
Irakurrita zenuen esaldia?
Bai. Nik uste dut harro zegoela egoera horretan. Ahobizi txapa eramatera ere ausartu nintzen Euskaraldian.
Eta lehen hitza beti euskaraz egiteko joera edo jarrera izaten duzu?
Bai, eta gertatu izan zaizkit gauzak. Aurreko baten, denda batera joan nintzen eta dendariari euskaraz hasi nintzaion eskaria egiten. Eta mutilak begiratzen zidan arraro… ez zekien euskaraz, eta gero, gazteleraz eskatu nion.
Apuroa emango die zu kubatarra izanda euskara jakitea eta eurek, bertakoak izanik, ez jakiteak, ala? Ikusiko zenuen jendea deseroso.
Ez, nik naturalki egiten dut. Nik ikasi egin nahi dut, ondo ikasi nahi dut. Badut lagun bat oso jatorra eta beragatik ikasi nahi dut, berarekin lasai hitz egiteko, dena menperatzen.
Bizkaiera ere ikasi nahi duzu.
Bai, nahi dut, gura dot. Polita delako eta, Bizkaian bizi naizenez, bertan erabili ahal izateko. Gainera, bizkaitarrei kosta egiten zaie batua erabiltzea…
Gainera, zu Markina aldean-eta asko ibiltzen zara eta ez dut uste han batua asko entzungo duzunik..
Ez. Lagun batzuek laguntzen didate, eta nik uste dut denborarekin bizkaiera ere ikasiko dudala.
Eredugarria da; ez dira hainbeste urte euskara ikasten hasi zinela. Eta zela hasi zinen?
2014an hasi nintzen. Kubatik hitz batzuk jakinda etorri nintzen, baina gramatikaz ez nekien ezer. Zaldibarren AEKra joan nintzen, eta oso pozik ari naiz.
Berbalagunekin ere aritzen zara.
Ez beti, baina ahal dudanean joaten naiz.
Eta amaitzen, D’Capricho taldearekin ze asmo dituzue aurtengo udarako?
Oso baikorrak gara eta beti ikusten ditugu gauzak polit eta ondo. Diskoa grabatu dugu, euskaraz, Kuban, eta orain, nahasketa eta halakoetan ari gara, ea aurten edo datorren urtean kaleratzen dugun. Izan ere, zaila da, autoekoiztu egiten dugulako beti; beraz, egiten dugu nahi duguna, baina pixkanaka.
Hurrengo Kubara itzultzean eman goraintziak Joseba Sarrionandiari, badakit-eta ezagutzen duzula. Mila esker eta zorte on.
Eskerrik asko zuri.