Chill Mafia: “Klase ertaibari ez zaio gure existentzia gustatu”

ETA urruti geratzen zaion lehen belaunaldikoak dira. Jada bi krisi larri sufritu dituen horretakoa. Euskal Herriko periferiako hiri bateko auzo periferiko bateko sotoetatik abiaturik, eta diskoetxeetatik, euskal hedabideetatik eta Durangoko Azokatik pasa gabe, 130.000 ikustaldi lortu dituzte haien lehen kantuarekin. Kontserbatorioko punkitzat dute beren burua, eta euskal musika hankaz gora jartzera datozela diote.

JUAN KRUZ LAKASTA Chill Mafia zer da, musika taldea, kolektiboa, koadrila?

FLAKO FONKI Koadrila

KILIKI FREXKO Bai, askoz erosoago nago koadrila definizioarekin.

JKL Disko bat karrikaratu berri duen koadrila.

FF Mixtape bat.

JKL Ze ezberdintasun dago?

FF Diskoak formatu fisikoa du eta mixtape-ak digitala bakarrik. Igual ez da hala, baina ni geratzen naiz definizio horrekin que esta guapa.

KF Ongi geratu zaizu ziria sartzeko Juan Kruzi.

JKL Mixtape-ak nire gazte garaietako zintak ziren.

KF Hitza hortik dator. Hasieran hori zen. Hainbat kanta jarri eta mix bat egiten zuten.

JKL Ziriari buelta eman diot beraz.

FF Ona, ona, kar, kar, kar.

JKL Mixtape-aren izenburua: Ezorregatik X berpizkundea. Makarroiak zarete gero.

KF Banitate puntu bat du, de la ostia, sekulako ego-tripada da.

FF Bazile bat. 

KF Baina orain arte egia izan da. Euskal musika berpiztera heldu gara.  

FF Eta ez horregatik! Musika debalde, doan egiten ari baikara.

KF Momentuz!

JKL Zuek ere eskerrak eman beharko zenituzkete, Youtuben jaso duzuen erantzunagatik: Gazte arruntaren koplak kantuak 130.000 ikustaldi daramatza, elkarrizketa transkribatzeko unean. Euskarazko oso kanta gutxik lortzen dute hori. Espero zenuten?

KF Espero genuen arrakasta puntu bat, baina ez hainbestekoa, inolaz ere.

FF Izan da la de dios. Oso ongi.

JKL Zein heinean eragin du arrakasta horretan Twitterren izan duzuen polemikak?

FF Marina Landak eta bere erantzunak eztabaida interesgarri bat piztu zuten.

KF Argi eta garbi neurri oso handi batean lagundu du, Euskal Herri osoak aste oso bat eman baitu sare sozialetan soilik gutaz hitz egiten, Iruñerriko koadrila bati buruz. Argi eta garbi efektu handia izan du. Gainera askoz interesgarriagoa ikusten dut artista perfektuaren irudia baino akatsak egiten dituen artistarena.

JKL Marina Landak zuen bideoan neska bat objektualizatzen zenutela txiokatu zuen. Zu, Kiliki, haserretu, eta txio batean subnormal eta itsusi deitu zenuen. Akatsa izan zela aitortzen duzu, beraz.

KF Bai, jakina. Erran beharra dago aurretik txiokatu nuela ez zela gure neska laguna gure lagun mina baizik, eta agian objektualizazio hori ez ginela gu egiten ari baizik eta Marina. Gero berotu nintzen eta subnormal eta itsusi deitu nuen, bai. Itsusi esateagatik sortu zen polemika, baina agian subnormalarena fuerteagoa da.

JKL Kapazitismoa.

KF Hori da.

JKL Barkamena eskatu diozu.

KF Bai, noski. Eta horregatik diot akatsa egiten duen artista izatearena. Uste dut jendeak gurekin enpatizatzen duela neurri oso handi batean hanka sartzeagatik. Ez dugulako artista perfektuaren irudia saldu nahi.

FF Jada kokoteraino gaude erreferente horretaz. Artista denez, izan behar du pertsona bat de puta madre. Bada ez. Pertsona normalak gara. Sin mas.

KF Gaztea irratian ateratzen diren artista perfektu horiei buruz denok entzun ditugu gauzatxoak hortik zehar.

JKL Beraz, Marina Landari barkamena eskatu zenion…

KF Bai, eta ez dakit nola dauden gauzak Marinarekin. Berarekin mezuak trukatu nituenean ulertu zuela zirudien. Baina ez dut berarekin zuzenean hitz egin. Gustatuko litzaidake.

JKL Txio horretaz harago ere, askok diote zuen bideoklipari testosterona dariola.

FF Testosteronatik kanpo ezin gara gelditu. Hori biologian dago.

KF Horretaz aparte, zu Xabier Leteren bertso bat abesten ari zinen, eta Xabier Lete testosteronaz goraino zegoen tipo bat zen.

FF Oso interpretazio ona egin nuela uste dut. Ni pertsonalki ez naiz horrelakoa, ni para el copon. Ni naiz tipo bat lasaia… Beno, lasaia ez, baina ez naiz harroa. Alde horretatik ni nago super pozik nire interpretazioarekin.

KF Eta fijo euskal zinemagileak ere pozik daudela. Deituko dizute, kar, kar.

JKL Hainbatek diote abeslari bezala flow, indar handia duzula, Flako.

FF Mila esker. De puta madre.

JKL Orduan, Kiliki, matxistak zarete ala ez zarete matxistak?

KF Heteropatriarkatuan jaio denak ez dela matxista badio gezurretan ari da. Bagara. Kontua da hori zuzentzen saiatzea.

JKL Zuen txioa tamalgarria izan zen. Baina bideoari dagokionez, zuekin erabili duten irizpide bera erabili izan balute azken urteotan euskal musikan egin diren bideoklip guztiekin, ez dakit zenbatek gaindituko zuketen proba.

FF Nik uste dut izan zela booma. Normala da: lore pilo bat jaso genituen, eta kritika pixka bat egon behar zen. Super ulergarria da. Baina Euskal Herrian, Espainian, munduan egiten den musikak matxismo aztarnak ditu, jaio garen errealitate sozialarengatik. Eta gure lana da gure jarrerak aztertzea eta txarrak badira zuzentzea.

KF Halere, jarri ziguten diana hori ongi etorri zaigu.

JKL Baina zergatik zuei bai eta beste batzuei ez?

KF Klase ertainari ez zaiolako gure existentzia gustatu.

JKL Klase kontu bat dago hor?

FF Gure teoria hori da. Txandal batekin azaltzen gara, barriobajero itxurarekin, eta oso erraza da hori kritikatzea: la mierda, klase sozial baxuena.

Euskañolez mintzo gara eta harro gaude: umetan, euskara barrakoietan ikasi genuen, hori da gure errealitatea

JKL Zure txandala ere kritikatu dute. Askori ez zaie gustatu.

FF Lagun batek oparitu zidan, Uxuek. Agur bat berarentzat. Puta fiera!

JKL Esan didate jende gehiago dagoela zuei txandalak oparitzeko prest.

KF Eta espero dugu gehiago izatea. Ea Balentziaga animatzen den.

JKL Niri pantaila-irudi bat iritsi zait, zeinean ikus baitaitekeen Astoreko community managerra zuei txandalak doan eskaintzen.

FF Teorian, bizpahiru egunetan iritsiko dira txandalak. Espero guapoak izatea.

JKL Flako, azkar mugitu omen zinen Instagramen.

FF Super azkar ibili nintzen. Hiru egun eman genituen mugikorrera itsatsita. Eta derrepente Astoreren like bat ikusi nuen. Ni: “Astore?”. Gazte arruntaren koplen arrakastaren erdian izan zen. Sartu nintzen, eta ikusi nuen like ez ziola eman koplari baizik eta Kebapari. Zure kebapa kantuan Astore-ren logo bat ikusten da une batez. Eta esan nuen: “Dale!“. Sartu nintzen haien kontuan, argazki polit bat ikusi nuen, eta betaurrekoen emotikono bat eta besteren bat jarri nuen. Handik bost minutura: “Nahi duzue pare bat txandal?”. Eta gure erantzuna: “Ezin dira lau izan?”. Baietz esan zigun, eta helbidea bidali genion.

KF La ostia izan zen. Astore guk txikitan erosi ezin genuen txandala zen, sabes?

JKL Euskal selekzioarenak…

KF Bai! Euskal selekzioaren txandal mitiko horiek!

FF Julen Guerrero!

JKL Beraz, Flako, dena ez da antzezpena gazte arruntaren kopla horietan. Kantan Instagramen nesketan aritzen zarela diozu, eta bistan da trebea zarela.

FF Keba! Nire bizitza osoan ez diot erreakzio bat bota neska bati Instagramen. Nire lehenengo aldia Astorerekin izan zen. Jarto, e? Tipo lotsatia naiz.

KF Kar! Kar! Kar!

JKL Astoreko CMaren hau oso istorio polita da.

FF Bai, bai, birjintasuna Astorerekin galdu dut, primo.

KF Kar! Kar! Kar!

JKL Bistan da lunpen izateaz harro zaudetela, makarroi hutsak zaretela, baina aldi berean, pertsona onak. Zu, Kiliki, ezagutzen zaitut. Eta zuk, Flako, itxura hori duzu. Nola eraman duzue alde horretatik Twitterreko polemika? Irainak batera eta bestera.

FF Nik nahiko ongi, ez nintzelako gehiegi sartu Twitterreko mobidan. Ez da nire estiloa.

KF Bai, Flako, baina lehendabiziko bi egunetan oso disoziatuta ibili ginen. Gure burua Marten zegoen.

FF Baina ez liskarrarengatik, baizik eta guztiagatik. Arrakastarengatik ere bai. La cabeza como un puto bombo.

KF Ni sekulako paranoiarekin nengoen:”EITBn sekulako segadaeginen digute, primo!“. Gero bizitzak aurrera segitzen zuela ikusi nuen, eta pasa zitzaidan.

FF Orain nahiko lasai dago.

JKL Kiliki, honen guztiaren aurretik ere, zu oso trolla zinen Twitterren.

KF Oso ongi pasatzen dut Twitterren, bai.

JKL Baina ez da gauza bera lau txiolari edukitzea begira, edo Txio Herri osoa.

KF Ez da gauza bera, ez.

JKL Polemika nahita bilatu zenuten?

KF Oso makiavelikoa dirudi, baina banekien zer gertatu behar zen bi irain horiek idatzi nituenean. Twitter oso toxikoa da, eta banekien halako zerbait etor zitekeela. Nahita? Agian hainbesteko magnitudearekin ez genuen nahita bilatu. Baina zerbaitekin haustea bilatzen genuen.

JKL Orain cool-arena eginen dut: Chill Mafia oraindik underground zelarik gustatzen zitzaidan, mainstream bihurtu aurretik.

FF Bai, jende askorekin gertatzen da, kar, kar.

JKL Kontua da Jon Zelestino lagun komunaren bitartez eduki genuela zuen berri. Kiliki, zu Euskalerria Irratian kolaboratzen hasi zinen. Eta banuen gogoa zuen bideoklipak ikusteko. Atentzioa eman zidan eskegi eta berehala, polemikaren aurretik ere, ikustaldi kopurua oso azkar igotzen zela. Hor bazen diskoetxeek, hedabideok, atzeman gabeko publiko bat zuen zain.

KF Lehen uste genuen bakarrik geundela basamortuan predikatzen. Baina hau aterata ikusi dugu bazegoela sektore oso handi bat. Baina sotoetan zegoen, bajeretan, underground. Bazen D ereduko gazte pilo bat ez zena Huntza-rekin identifikaturik sentitzen.

FF Ben Yart-ek [taldeko beste kide batek] hori azaltzeko txio perfektua idatzi zuen: gertatu denak erakusten du arazoa ez zegoela jendean baizik eta musikarietan.

JKL Etxabe, soto, bajera batetik 100.000 ikustaldi izatera pasa zarete, Gaztea irratitik, diskoetxe batetik, euskal hedabideetatik, Durangoko Azokatik pasa gabe. Hor paradigma aldaketa bat dago.

KF Kanpoan paradigma guztiz aldatua zegoen aspalditik, eta Euskal Herriak irla bat ematen zuen, mundu guztitik aparte, duela 30 urteko diskoetxeekin, promotoreekin eta estrategiekin: disko bat ekoiztu, atera aurretik pare bat bideoklip egin eta gero Euskal Herri osoan zehar bira. Hori zen haien promozio bakarra. Eta XXI. mendean gaude: internet, sare sozialak… Gaur egun musika ekoiztu daiteke, guk egin dugun bezala, 50 euroko mikro batekin. Hemendik dirua ateratzen dugunean gehiago inbertituko dugu.

JKL Espainian hau guztia duela bost bat urte gertatu zen: rock and rollak jada ez zituen kontzertu aretoak betetzen, eta halako batean aretoak lepo betetzen zituzten talde horiek iritsi ziren, ezerezetik, etxabeetatik.

FF Traparena sekulakoa izan zen, bai. Baina guk ez dugu trap musika egiten. Espainian ere gertatu zen, trapak eztanda egin zuenean, titularretan beti jartzen zuten Rosaliak, denek trapa egiten zutela. Gurekin hori gertatzen ari da orain. Baina gure Gazte arruntaren koplak ez da trapa, abesti berbeneroa da, primo.

KF Erritmo hori countrya da, sekula ikusi dudan kantarik redneck-ena. Trap? De que? Diskoan badira pare bat trap kanta. Baina dena ez da trap.

JKL Kazetariok etiketak maite ditugu. Zuk, Kiliki, musika beltza egiten duzuela esan zenuen Pello Argiñarenak Euskalerria Irratian egin zizuen elkarrizketa bikainean.

KF Trapa edo reggaetoia egiten dugunean ez dugu hiri musika, musika urbanoa egiten, baizik eta musika beltza edo latinoa. Baina saiatzen gara hori guztia egiterakoan euskal tradizioan oinarri bat izaten. Ni egun eroso sentitzen naiz erranez musika tradizionala egiten dugula.

“Gurekin ikusi da sotoetan bazela D ereduko jende asko Huntzarekin identifikatzen ez zena”

JKL Zuen lagun Jon Zelestinok aurrekoan zioen retrofolka egiten duzuela.

FF Izen guapoa da. Bi erre indartsurekin. Kar, kar, kar. Benga, ba!

KF Baina retrofolka ez da antzinako folkarekiko zaletasuna baizik eta antzinako gauzekiko zaletasuna: duela hamar urteko Astore txandalak, Xabier Leteren kantak… Sin mas. Camilo Sestoren kanta bat entzutea ere retrofolka izan daiteke.

JKL Zuen ekarpena da kanpoan beste hizkuntzetan, eta Euskal Herrian gaztelaniaz egiten ari zirena, euskaraz egitea.

FF Bai ba.

JKL Eta euskal gurasoak akabatzera etorri al zarete? Izan ere, Twitterren, txiolari zaharruno batek, hori idatzi zuen bere talaiatik. Zaharruno hori neu nintzen, eta oker nenbilela uste dut. Izan ere, Argiñarenari esan zenioten Eskorbutori buruzko liburu bat irakurtzen ari zinetela, Tijuana In Blue-koei egindako elkarrizketa bat ikusi berri zenutela, Ez dok 13ren diziplinartekotasuna gogoko zenutela…

KF Kontua da gurasoak akabatu ahal izateko, ongi ezagutu behar dituzula.

FF Know your enemy.

JKL Berri Txarrak ez zenuten aipatu.

FF Entzun dut diskoren bat, eta nahiko onak dira. Sin mas.

KF Nik asko entzun nituen beste garai batean, baina duela lauzpabost urte utzi nuen. Azken diskoa ez nuen entzun. Agian behin.

FF Mainstream-a ez zaigu gustatzen.

KF Baina Gorka Urbizuk instagramen jartzen gaitu.

FF Orduan, puto amo.

KF Beti egon da bilatzen zer sortzen ari zen. Nafarroa Arenan, azken kontzertuan, Nizuri Tazuneri izan ziren teloneroak. Trap nahiko ortodoxo bat egiten dute.

JKL Ni oso Urbizu zalea naiz…

KF Baita ni ere.

JKL Zer esaten zenuten ikusi nahi nuen.

KF Gorka Urbizu, kolaborazio bat egin nahi baduzu hots egin, plazer bat izanen da.

FF Kar! Kar! Kar! 

JKL Zer gertatzen zaizue Pello Reparazekin? Txioren bat ikusi dut…

BIOK Carglass cambia, Pello Reparaz [irratietako iragarkiaren doinuarekin kantuan].

FF Tipo hori meme bat da.

KF Ez dut egin nahi, baina memeak sortzen ditut harekin… Me sale solo.

JKL Gazte arruntaren kopletan oso euskara txukuna erabili duzue. Mixtape-ko beste kanta batzuetan, berriz, euskañola erabili duzue. Zergatik? Txunditurik zeneuzkaten euskaldunak probokatzeko?

FF Ez da probokazioa. Probokazioa izan daiteke…

KF Para cuatro sabinoaranistas.

FF Hori da. Eske hau da errealitatea. Eta ez dugu egin en plan “Egingo dugu euskañola para hacer una critica…“. Ez, ez, egin dugu euskañola porque nos ha salido.

KF  Hemen horrela egiten da euskaraz. Agian Gipuzkoako herri batean oso erraza da euskaraz bizitzea. Hemen ez. Hemen euskaraz ikasi ahal izateko barrakoietan ikasi behar izan dugu. Hau da gure errealitatea. Eta gure lehentasuna Iruñearekin konektatzea da.

FF Eta ez naiz lotsatuko euskaraz gaizki hitz egiteagatik.

KF Harrotzen nau. Eta kritikatzen badidazu are okerrago eginen dut.

FF Eskertu beharko lukete. Musika euskaraz egiten saiatzea, euskaraz hitz egiten saiatzea jada asko da. Askotan, herrietako festetara joaten garenean, euskaraz oso gaizki egiten dugula esaten digute. Jode, que lo estoy intentando, primo. Euskara hiltzen ari dela? Zure erruagatik, no te jode.

KF Bana ditzatela karnetak haien batzokietan. Hobe ona ez hurbiltzea.

JKL I was born in Errotxapea kantuan diozue: “Soy de un barrio de bajeras, unos querían ser El Chapo, otros Josu Ternera” (Etxabe auzo batekoa naiz, batzuek Txapo izan nahi zuten, beste batzuek Josu Ternera). A ze errima…

KF Txikia nintzenean, auzoan, bi modu zeuden malote izateko, edo lating king izatea edo mikrobotas izatea, jurruaren irudia.

JKL Mikrobotas horiek oso bereziak ziren, oso bortitzak. Tabernetan sartu eta jendea jipoitzen zuten, besterik gabe.

FF La naranja mecanica.

KF Oso mitikoak ziren. Nik 11 urte nituenean, jada auzoko jaietan ibiltzen nintzen, eta sekulako batailak izaten ziren lating kingen eta mikrobotasen artean. Gaur gatazka hori ez dago hain presente.

JKL Egun bada dikotomia bat Ikasle Abertzaleen edo GKSen eta Ernairen artean. Zer zarete, hirugarren bidea?

KF Gu Santa Kruz apaizaren taldekoak gara: egurra denentzat.

FF Ez batzuekin ezta besteekin ere, gu gure bidetik.

KF Guk musika egiten dugu, ez komunikatuak.

FF Ez naiz politikoa.

JKL Baina zuen proposamenak politikotik asko dauka, musikaletik ez ezik.

KF Baina nahi gabe.

JKL Flako, gazte arruntaren kopletan diozu sei kolektibok jo nahi zaituztela.

FF Hori batzuetan pasatzen zait, bai.

KF Jurruekin oso harreman ona daukagu. Baina batzuetan dira pixka bat txapas.

FF Gu ere bai!

KF Bai, baina ernaitxuak etortzen dira erranez independentziaren aldeko haien manifan sartu behar dugula. Eta GKSkoek Twitterren sekulako totxoa jartzen dute…

FF Ojo! Langile klasearekin konektatzeko! Irakurtzen duzu eta esaten duzu: baina zer da hau?

KF Egin ditzatela horrelakoak Gedar-en [aldizkarian]. Twitter memeak egiteko da. Horrela konektatzen da langileriarekin, guk egin dugun bezala.

FF Twitterren testu hori guztia sartu behar duzu hiru hitzetan meme batekin, eta askoz eragin handiagoa izango du.

JKL Lunpena naiz eta harro nago esatea oso politikoa iruditzen zait.

KF Ezin zara egon politikatik kanpo. Are gehiago zurea auzoan egindako zerbait dela argi eta garbi utzi nahi baduzu. Ez gara saiatzen politikoak izaten gure letrekin, baina bai gure jarrerekin: non egiten dugun, norekin…

JKL Erredakzioan gaur lagun batek zioen Zure kebapa kanta barregarri bat dela, besterik gabe. Eta beste batek zioen protesta abestia dela, azaltzen duelako zuen belaunaldiak ligatzen badu ez zuela non sartu, ez duelako ez etxerik ezta autorik ere.

KF Biak dira. Satira bat da, baina era berean protesta bat.

FF Ez genuen protesta moduan egin, baina gure errealitatea kontatzea ateratzen zaigu.

KF Kontua da gure errealitatea, beste edozein auzotako gazte batena bezala, pixka bat larria dela.

JKL Zuen belaunaldia okerrago biziko da bere gurasoak baino.

KF Eta lehen belaunaldia gara ETAren kontua urrutiko zerbait bezala ikusten duena.

JKL ETAk armak utzi zituenean 10 urte zenituzten.

KF Oso txikiak ginen.

FF Bai, baina 21 urtean bi krisi bizi izan ditugu.

KF Bi krisi izanda, ezin zara politikatik kanpo egon.

FF Eta bi krisiak, onak: 2008koa eta koronabirusarekin ea zer datorren.

JKL Zentzu horretan punkiak zarete: no future. Baina, Kiliki, gure auzoko, Arrotxapeko pintaketa batek dioen bezala, kontserbatorioko punkiak.

FF Joder, bai, pintaketa ederra.

JKL Kiliki, zu kontserbatorioan goi ikasketak egiten ari zara.

KF Ez, erdikoak. Azken urtea dut hau.

JKL Oskorriren letren oso azterketa xehea egina duzu, Euskalerria Irratian kontatu zeniguna.

KF Baina hori ez dizu kontserbatorioak ematen. Interneten arakatzen egin dugu, Oskorrirekin obsesio konpultsibo bat izan dugulako. Oso obsesiboa.

JKL Hasieran koadrila bat zaretela esan duzue. Amai dezagun horrekin berarekin: musika koadrila baten moduan ekoizten duzue? Nolakoa da zuen sortze prozesua?

FF Bagaude super dibertsifikatuta. Musikan bospasei lagun aritzen gara. Baina beste batzuk graffitiekin aritzen dira. Beste batzuk soinu teknikari. Beste batzuek grafismoa lantzen dute. Beste batek sound system bat dauka…

KF Musikan zehazki ez dabiltzan horiek ere parte hartzea eta iritziak ematea asko gustatzen zaigu.

FF Agian ez dira musikariak, baina asko dakite musikaz.

KF Zortzi lagun logela batean sartzea gustatzen zaigu. Eta, bai, Twitter, maskararik gabe.

JKL Gauzak daudenetan, ez dakit hau ez ote nukeen kendu beharko.

KF Utzi, mesedez.

FF Hori klickbait ona da.

JKL Zer espero duzue hemendik aurrera?

FF Jendeari mixtapea gustatuko zaio, porque es la puta ostia.

KF Bai, bai, egia esan bai. Ez horregatik!

FF Kontzertuak egingo ditugu, eta entseatzen hasiko gara.

JKL Argiñarenari esan zenioten ez zenutela entseatzen.

KF Momentu horretan ez genuelako kontzerturik.

JKL Eta atera zaizkizue?

KF Bai, bospasei.

FF Entseatuko dugu, eta gure zuzenekoa un fieston izango da.

KF La puta ostia.

KF Bidea erraz dugula uste dut, fokuan sartu eta gero.

FF Mainstreamean gaude. Kaka bat eginda ere jendeak jan egingo du, kar, kar, kar.

KF Flipa!

JKL Lehen ere esan dizuet: niri Chill Mafia undergraound zenean gustatzen zitzaidan, orain ez.

FF Niri ere ez, primo. Niri orain gazte arruntaren koplak jartzen dizkidate eta esaten dut: “Kendu hori, mesedez”. Kokoteraino nago.

KF Baita ni ere.