Chantal Reyes: “Nekagarria da kirolari baino garrantzi handiagoa ematea polemikari”


Emakumezkoen futbolari jarraipena egiten hamarkada bat baino gehiago darama Chantal Reyes (Algorta, 1994) kazetariak. Mundo deportivo kirol-egunkariko kazetaria da gaur egun, eta Espainiako Ligako kazetari adituenen artean dago.
Futbolzale amorratua zara; nondik datorkizu zaletasuna?
Etxean betidanik jarraitu izan ditugu kirolak. Ama athleticzalea eta aita barçazalea… Beraz, futbola asko jarraitzen genuen. Azkenean, neba eta biok ere asko zaletu ginen. Gogoan ditut larunbatetan 22:00etan jokatzen ziren partidak –oraindik ordu horretan jokatzen ziren–, familian elkarrekin ikusten genituelako. Beraz, pasioa gurasoengandik jaso dudala esan daiteke.
Bizkaitarra izanda, zenbateraino eragin dizu Athletic taldea gertu izateak?
Eragin handia. Ama oso zalea zen, eta aita Barçakoa… Pike hori ere bazegoen neba eta biok zein taldetakoak ginen jakiteko. Bilbon eta Bartzelonan bizi izan naiz, baita Madrilen eta Valentzian ere, eta egia da Bilbon futbola beste modu batera bizi dugula. Gainera, Athletic emakumezkoen futbola bultzatzen hasi zen lehenengoetakoa izan zen, beste taldeentzako errentagarri bilakatu baino askoz aurretik. Horrek ere emakumezkoen futbola jarraitzeko beste motibazio bat eman zidan. Gogoan dut 2003. urtean San Mamesera joan nintzela, Txapeldunen Ligako Athletic-Frankfurt ikustera; 1-8 amaitu zen, baina gutxienekoa izan zen emaitza. 9 urte nituen, eta emakumezkoen partida bat ikustera joan zen jendetzarekin harrituta gelditu nintzen.
Eta Kazetaritza ikasketak, nolatan?
Hasiera batetik argi izan dut. Idaztea eta irakurtzea oso gustuko ditut, eta, azkenean, kazetaritza eta kirola uztartuta, modu naturalean heldu naiz nagoen tokira. Gustuko ditudan hiru gauza horiek uztartzeko modurik onena izan da.
Azken urteetan emakumezkoen futbolaren gorakada historikoa bizi izan dugu; era berean, une penagarriak ere bizi izan dira. Kazetari zaren aldetik, garai interesgarria bizitzen ari zara.
Egia esateko, bai. Pena da, gauza garrantzitsuen fokua galdu egiten dugulako, eta gero, jendeak polemika bakarrik gogoratzen duelako. Kalean Jenni Hermoso ezagutzen duten galdetzen baduzu, bizi izan zuen egoera penagarriagatik dela esango dizute –ez dut aipatu ere egingo gertatu zena–, eta ez Espainiako jokalaririk onenetako bat izateagatik. Eta Las 15-ren gainean sortutako polemikaz gehiago berba egin da Espainiak irabazi duen Munduko Txapelketaz baino.
Polemika ona da emakumezkoen futbolarendako? Normaltasuna adierazten du? Ala arreta alde negatiboan bakarrik jartzen du?
Beti esan izan da edozein publizitate ona dela, baina kasu honetan ez dut argi. Nekagarria da futbolariek egiten dutena egiten dutelarik polemikari garrantzi handiagoa ematea. Gainera, polemikak, sarritan, irainak eta errespetu faltak adierazten ditu. Azkenean, aste batean polemika bat egon delako gaia asko jorratzen bada baina hurrengo bi asteetan ez da hitzik ere esaten… ez dit balio. Globalizazioak eta jende gehiagorengana heltzeak dakarren prezioa dela uste dut. Polemikak onak izango dira, baldin eta kirol-albisteak bezain beste titular eta azal betetzen badituzte.
Kazetari moduan betetzeko duzun ametsik?
Olinpiar Joko batzuetara joatea.
Eta 2025 honetan bete dezakezun ametsik?
Egia esan, ez dut nahi handirik, iazkoa urte gogorra izan zen-eta arlo pertsonalean. Aurten, egonkortasuna aurkitzea da nire helburuetako bat. Beraz, zerbait orokorra esango dut: emakumezkoen futbolak hazten jarraitzea eta kazetari bezala horri jarraipena egitea.
Zein da zuretzat historiako jokalaririk onena eta gaur egungo jokalaririk onena?
Beti zelaiko jokalariez berba egiten denez, atezain bat ere sartuko dut erantzunean: Marta –Marta Viera da Silva– eta Hope Solo. Gaur egungoen artean… zalantzak ditut; nire ustez, Caroline Graham Hansen da jokalaririk erabakigarriena. Hala ere, ezin dut Alexia Putellas kanpoan utzi, lesioaren ostean haren mailarik onena berreskuratu baitu. Eta Aitana Bonmati; ez dago iaz bezain ondo, baina sekulakoa da. Uste dut, hala ere, Hansen dela sariketetan ahaztuena, eta hori ez da bidezkoa.