Carmen Climent: “Gustura grabatuko nuke berriro Euskadin”

Bilbon jaioa da Carmen Climent aktorea. Bizitza osoa darama askotariko arteetan trebatzen: interpretazioan, kantuan eta dantzan. Cuéntame cómo pasó telesailean ibili ostean, gaur egun antzerkian dihardu, Madrilen.

Nola piztu zitzaizun antzezpenarekiko interesa eta zerk bultzatu zintuen aktore izatera?
Txikitatik lan handia egin izan dut. Beti joan izan naiz musika-dantzako antzerki-eskoletara. Gurasoek beti hezi ninduten nire arte-hezkuntzari garrantzi handiagoa ematen heziketa normalari baino. Baina esango nuke are serioago 17 urterekin hasi nintzela, urrutiko batxilergoa egiten, egun osoan hiru diziplinak ikasi ahal izateko: interpretazioa, kantua eta dantza. Eta hainbat hiritan zehar mugitu nintzen, irakasle ezberdinen bila. Orduan, ez da gauetik goizera etorri zaidan zerbait. Emaitzak lanaren kausak baino ez dira izan.

Maria Alcantararen papera egin zenuen Cuéntame cómo pasó Espainiako Telebista kateko telesailean; nola gogoratzen duzu?
Nire bizitzako erronkarik handiena bezala gogoratzen dut. Azkenean, nire lehen lana zen telebistan, eta oso azkar ikasi behar izan nuen lanean; izan ere, ibilbide luze eta oparoa zeukan izen handiko jende oso onaren ondoan nengoen lanean. Eta nik euren mailan egon behar nuen. Beraz, erronka ederra izan da, aktore gisa ez ezik pertsona gisa ere probatu baitut neure burua, eta, 5 urte hauen balantzea egiten badut, pozik eta harro nago. Beti gogoratuko dut maitasun handiz eta lan egiten irakatsi zidan eskola gisa.

Maria Alcantara antzeztea izan da zuretzat erronkarik handiena?
Cuéntame telesailean garapen handiko pertsonaia bat eduki ahal izan dut, eta, batez ere, haurdunaldiaren eta abortuaren trama izan nuen denboraldietako bat erronka izan zen; bilaketa eta lan sakoneko hilabeteak gogoratzen ditut. Baina pertsonaiarik konplexuena Así que pasen cinco años antzezlaneko pertsonaia protagonista eta maskulinoa egitea izan zen –Joven esaten zioten­–, Dario Facal-en eta Carlota Ferrer-en zuzendaritzapean, Pavon antzokian antzeztu nuena.

Nola prestatzen zara pertsonaia bat interpretatzeko? Baduzu erritu edo teknika zehatzik?
Errusiar teknika batekin hasi nintzen, Chejov, eta oinarri horretatik abiatzen naiz beti, baina urteak igaro ahala teknika berriak aplikatzen joan izan naiz; adibidez, Meisner: orain dela gutxi Londresen egon nintzen hura aztertzen, eta harritu egin ninduen.

Aita musikaria duzu eta abeslaria eta dantzaria ere bazara; zer ematen dizu musikak?
Ba, musika, azkenean, guztiaren oinarria da niretzat, erritmoa, gorputza, adierazpenaren maila gorena ulertzeko. Beti saiatzen naiz nire eszena bakoitza musika kontzertu bat izan dadin, eta hor mugitzen dira sentsazioak.

Zein proiektu dituzu orain esku artean?

Gaur egun, Contra Ana izeneko obra batean nago. Madrilgo Lavapiesko Teatro del Barrio antzokian gaude, eta biran ere ari gara hainbat hiritan. Oso lan gogorra da, anorexiari buruz hitz egiten duelako horrelako gaixotasun batera iristeko moduaren ikuspegitik. Eta gustatzen zait, konturatzen zarelako publiko guztia identifikatuta sentitzen dela; azkenean, gizakiok gure zauriak gauzekin, bizioekin eta abarrekin nola estaltzen ditugun kontatzen dugulako. Eta guztiak identifikatuta senti daitezke, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Nolakoa izan zen Terror.app-eko esperientzia?
Oso polita izan zen, batez ere, une hartako aktore gazte asko elkartu gintuztelako, eta hortik lagun asko eraman ditut. Gainera, oso dibertigarria izan zen niretzat, baina asko nekatu nintzen. Gauez grabatzen genuelako eta goizeko seietan amaitzen genuenean lo egin gabe joaten nintzelako Cuéntame-ko gidoi-irakurketara; arratsaldean lo egiten nuen, eta berriro buelta hastera.

ETB1eko Alardea minitelesailaren protagonista ere izan zinen; nola gogoratzen duzu?
Asko gustatu zitzaidan euskaraz jardun ahal izatea, betidanik hizkuntza horretan ikasi izan baitut, eta ilusio handia egin zidan nire herrian zerbait egin eta etxean sentitu ahal izateak. Oso berezia izan zen, eta gustura grabatuko nuke berriro Euskadin.