Buztinarekin maiteminduta
Marka: Nagore zeramika
Nagore Hornas eskuak buztinarekin zikintzen hasi zen duela hiru urte. Probatu eta maitemindu egin zen. Iaz, aitaren laguntzarekin, tailerra sortu zuen aitona-amonen etxean. Buztinarekin esperimentatzeko eta gozatzeko txokoa da hura. Askatasuna dauka han Hornasek.
Pertsonalizatuak
Formekin, esmalteekin eta testurekin esperimentatzea gustatzen zaio eta erabilera askotariko piezak sortzen ditu: loreontziak, katiluak, belarritakoak, eraztunak, lepokoak… Haren sormenetik tiraka sortzen ditu produktuak, baina, era berean, bezeroen beharretara egokitzen da, produktu pertsonalizatuak egiten ditu eta.
Artisau-azoketan
Hasieran, etxekoendako eta lagunendako piezak egiten zituen. Duela urtebete artisau-azoketan parte hartzera animatu, eta halakoetan sortzen den giroaz maitemindu zen. Beste artisau batzuekin eta bezeroekin sortzen diren harreman zuzenak hamaika istorioren eta kolaborazioren abiapuntu izan dira.



