Burutik taldearen ‘Tantaka’ abestia

Taldeko abeslaria aldatzeaz batera, abesti berri bat kaleratu du Burutik taldeak: Tantaka. Aurrerantzean kontzertuak jotzeko gogo handiz itzuli da Nafarroako taldea.
– Denbora batez geldirik egon zarete, baina lokal barruko lana ez da falta izan, ezta?
Inoiz baino denbora gehiago egon gara lokalean. Hainbat hilabetez egon gara konposatzen eta zuzeneko berria prestatzen. Esango nuke kontzertua erabat aldatu dugula. Ez dakit jendeak nabarituko duen edo ez, baina guk, behintzat, bai. Gustatzen zaigu lokal barruko lan hori ere.
– Single berria argitaratu duzue, baina hori ez da nobedade bakarra; izan ere, taldea ere aldatu da.
Irailean jo genuen azkenengo kontzertua Luarrekin [taldekide ohia]. Tamalez, Bartzelonan ikasten ari da, eta ezin izango dugu harekin jarraitu. Orain, Naroa Goñi dago gurekin, eta, Burutik talde bezala asko aldatu ez den arren, sasoi berri bat bihurtu da guretzat; oso pozik gaude.
– Beste Burutik bat ikusiko dugu aurrerantzean?
Zuzenekoak aldatu egin ditugu; modernizatu, nolabait esanda. Inoiz ez gara saiatu Naroa Luar izan dadin; hortaz, taldekide berri bat izanda, gauzak aldatu egin dira. Ez da Luarren ordezkoa; taldekide berri bat da, ahots berriarekin eta gitarra jotzeko beste modu batekin.
–Tantaka abestia disko baten aurrerapen-kanta da?
Gure asmoa hori da. Oraindik ez dago guztia eginda, eta konposatzen jarraitzen dugu. Lanean eta ikasten ari gara, eta denbora ateratzea ez da erraza, baina asmoa da lan luze bat kaleratzea.
– Kontzertuak joko dituzue datozen hilabeteetan?
Gure asmoa kontzertu asko jotzea da. Badugu kontzertu bat lotuta, eta kurtsoa amaitutakoan gehiago izango dira. Topera itzuliko gara, ziur!