‘Bubble skirt’ joera

Joan den mendearen erdialdean agertu zen lehen aldiz. Janzki bitxia eta berezia, eta konbinatzeko zaila. Bubble skirt joeraz ari gara. Hau da, globo formako gonak. 2000 eta 2010 urteen artean ospe une bat bizi izan zuen bere forma koloretsuenetan. Orain, bueltan dator, baina kolore eta forma soilagoetan.  

Bigarren eskukoak

Olatuaren gainean egon ostean, desagertu egin ziren, orain arte. Sare sozialetan ikusitako horiek oroitzapenen kutxatik erreskatatutako altxorrak edo bigarren eskuko erosketak izango dira. Baina, moda diseinatzaileak hasi dira beraien bildumatan sartzen, eta seguru asko, moda azkarraren eskaintzan sartuko dira berandu baino lehen.

Gerria nabarmenduz

Moda adituek diote, dituen neurriaz harago, edozein emakumek erabili dezakeela globo formako gona. Izan ere, gonak berak duen forma horrek aldakak disimulatzen ditu. Inork ez du jakingo gona horren azpian aldaka zabalak dauden ala ez, arreta guztia gerrian jartzen baita, gerria nabarmenduz. Hori da kakoa.

Alkandora gerrian lotuta: Ondo eramateko, kontrastea egiteko alkandora beltza jantzi, eta osagarriak zilar kolorekoak.
Kolore leuneko topa: Ondo eramateko, gona brodatua denez, top zuria ipini eta beix koloreko zapatak.
Soinekoa: Ondo eramateko, sandalia beltzekin, osagarririk gabe.
Kolore arrosarekin jokatzen: Ondo eramateko, mauka arrosak dituen kamiseta, eta belarritako eta sandalia arrosak.