Boxeo izarrak

Abuztuan doi-doi libratu da bero erretik neguan landatu nuen gaztainondoa. Ortuzainaren eta, oro har, landarezaleen etsai amorratuenetako bat baita gure bizimodua. Zein da arrautza eta zein oilo, klima aldaketa ala berau ahalbidetu duen gure bizimodua? Egutegia aldatu gabe alda dezakegu mundua? Eta, alderantziz?
Libratu da, azkenean, artean zuhaixka dena, eta horri esker nire arreta eskain diezaioket beste hamaika konturi, garrantzi gutxiagokoak izan arren buruko neuronak dantzan jartzen dizkidatenei. Eta, hala, pikondoak naro eskaintzen dizkidan fruitu gozoak ahoan dastatu ahala iruditzen zait kontuz hartzekoa dela boxeoak gurean hartu duen sona. Eta, bistan da, ez naiz ari Urtainen edo Uzkudunen nostalgiaz eta, are gutxiago, denboran gertuago ditugun Boxeo izarrak ikusten ostiral gauetan zurrunga egiten zuten gizonen oroimen lausoaz.
Argi gera bedi: ez dut ezer boxeoaren aurka kirol gisa. Hitza ez da miresmena; akaso, errespetua da, edo oraindik definitzeke dudan beste termino bat, baina Kerman Lejarragak ez dit atzera eragiten. Akaso, Cortazar irakurri dudalako. Edota Jack London. Badu zerbait kirol horrek tragikoa, artearekin bat egiten laguntzen diona.
Kezka eragiten didana da boxeoari antifaxista abizena gehituta egin nahi den hori. Badakit zentro sozial eta okupazio mugimenduaren egoitzetan eduki duela predikamendua kirol horrek, esango nuke garai batean Euskal Herritik kanpora gehiago, eta berton eskalada sustatzen zen bitartean, Italia, Espainia edota Kataluniako mugimendu sozialen gimnasiotan ukabilkadek bazutela tokia. “Autodefentsarako da”, aipatu ohi zuten, “naziek ematen dizkiguten jipoietatik babesteko”, gehitzen zuten gero.
Orain, han eta hemengo gaztetxe eta mugimenduetan ari naiz boxeo praktikak ikusten. Eta, beldurra badut, askatzaile izan litekeen kirol bat, esate baterako autodefentsa feministarekin lotuz gero, ez ote den gizonek futbolak dakarren txarrena probesteko aitzakia merke bat. Finean, ez den gizarte degradazioaren sintoma jotzearen plazera ez disimulatzeko hautua, eta, hona dudan duda, ez ote den ezinezkoa jotzeko entrenatzen ari den horrek jotzeko hautuari uko egitea.
Txosnaguneetan polizien eta udaltzainen presentziaz eztabaida bizia dago. Boxeoa ez ote den oharkabeegi pasatzen ari, uppercut eta crochet ezkutatu nahi den hori guztia aintzat hartuz gero.