Blind09 taldea

Herriko artistekin egindako kolaborazioak jasotzen ditu Bergarako Blind09 taldearen disko berriak, Colorblind diskoak. Musika urbanoko doinuetan oinarritutako sei abestiko aurreneko lan laburra kaleratu du.

Zer jasotzen du Colorblind diskoak?

Colorblind diskoa sei abestiz osatuta dago; batez ere, musika urbano estilokoak, housea, reggaetona, popa edota Brasilgo musika urbanoko erritmoak jorratu ditut diskoan. Lan honetako bideoklip guztiak, gainera, nik editatu eta zuzendutakoak dira, eta abestien nahasketaz eta masterizazioaz Denso arduratu da.

Zein motatako abestiak dira?

Azkenengo sei hilabeteetan sortu dudan musikak osatzen du, funtsean, diskoa. Niri gehien gustatzen zaizkidan abestiak dira, eta bertan agertzen dira Sotoalde taldeko Asfa eta Linzo eta DDX taldeko Noralu. Bergarakoak gara guztiak, eta saiatu naiz herriko jendearekin musika sortzen. Egia esan, ez dakit nondik lortu dudan inspirazioa; baina oso argi daukat kontsumitzen dudan musikan oinarritutakoa izan dela: MVRK, Travis Scott eta halako abeslariengan oinarritutakoa.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Nire erreferenteak dira hasiera batetik musika sortzera bultzatu nindutenak. 12 edo 14 urterekin trap amerikarra entzuten nuen: Travis Scott, XXXTentacion, Juice WRLD eta halakoak. Erdarazko trapa ere kontsumitu dut; Argentinakoa eta Espainiakoa, bereziki.

Egingo dituzu kontzertuak datozen hilabeteetan?

Abenduaren 14an egingo dugu kontzertua, Bergarako gaztetxean, eta etorriko dira herriko beste hainbat abeslari ere. Gure artean zerbait polita antolatzen saiatuko gara, eta, oraingoz, hori da aurreikusten dudan kontzertu bakarra.