‘Blazer’ arina
Azken urteetan, arropa erosoagoaren aldeko joera nagusitu bada ere, bada itxura zaindu baten alde egiten duen jendea ere, eta blazer-a pieza ezin hobea da oreka hori lortzeko. Bai eguneroko jantzietan, bai lanerako edo ekitaldi informaletarako, blazer batek berehala ematen dio ukitu dotorea edozein estilori, gehiegizko formalitatera jo gabe.
Askotariko siluetak
Udaberrian ikusiko direnetako batzuk oversize edo zabalak izango dira, erosotasuna lehenetsiz; beste batzuk, berriz, egituratuagoak, gerriari forma emanez. Koloreei dagokienez, tonu neutro klasikoak –beixa, zuria edo beltza– nagusituko diren arren, kolore biziek eta pastelek ere protagonismoa hartuko dute, udaberriko freskotasuna azpimarratzeko.
Eramateko moduak
Galtza bakeroekin konbinatuta, itxura informala baina zaindua lortzen da; soineko arinekin, berriz, kontraste interesgarria sortzen du. Gainera, ehun arinak eta transpiragarriak erabilita, tenperatura epelagoetara egokitzea errazagoa izango da.



