Bide okerrak
Ama bat epaitu nuen behin, jakin nuenean bere bikoteaz gain neskalagun berri bat zuela. Iruzkin ziniko-ironikoa atera zitzaidan tupustean: “Nola izango du, ba, denbora 3 urteko bi biki izanda?”. 2×1 moduko pentsaera erreakzionarioa izan zen hura: polimaitasuna kuestionatzea, zer eta ama txarraren arketipoa indartuz.
Nire hitzak jan behar izan ditut piztu zaidanean harreman berriak esploratzeko irrika. Eta orduan deskubritu dut nire gaitzespenak ez zuela zentzu handirik, gurasook erreleboka bizi ohi garelako eta, hortaz, elkarrekin zinemara edo parrandan joatea baino errazagoa delako maitaleak izatea.
Edonola ere, normalean ez diogu jendeari galdetzen nondik ateratzen duen denbora amama bisitatzeko, gimnasiora joateko edo astean 40 ordu lan egiteko. Denbora-kudeaketa ez baita auzia, baizik eta uste baino moralistagoak garela, edo uste baino beldur handiagoa ematen digula arauak apurtzeak.
Hala, damutzeko arriskua aipatzen diogu gurasotasun desiorik ez duenari; ez, ordea, haurdunari edo basektomia egiteko prest ez dagoen aitari –barka publizitate baldarra, baina basektomiari buruzko erreportaje bat idatzi dut berriki–. Heldugabetasuna leporatzen diogu okupatzen edo pisukideekin bizitzen jarraitzen duen 40 urteko lagunari; ez, ordea, ezkondu eta hipotekatzen denari.
MDMA eta speeda deitoratzen ditugu, drogak beldurgarriak direlako; ez, ordea, alkoholismo soziala eta antsiolitikoen abusua. Lexatin. Orfidal. Tranxilium. Lorazepan. Zenbat marka dakizkizu zuk?
Eta zergatik sortzen dute hainbesteko ezinegona abstemioek? “Gehiagotan esan behar diet ‘ez ezetz da’ alkohola edaten dutenei matxiruloei baino”, idatzi zuen Jacaranda Disidentek Pikara Magazine-n.
Zergatik egiten diegu hainbeste iseka beganoei? Zergatik begano gehienak emakumezkoak dira eta gizon hetereoak, aldiz, beganismoa bortizki gorroto dutenak? Zergatik neronek –lehen taldetik askoz gertuago egon arren– beti aurkitzen dut aitzakia esateko tofua eta seitana gorroto ditudala eta ez, ordea, adierazteko inoiz ez naizela prest egon tripakiak dastatzeko?
Badakizue kapitalismoaren defentsan argudiatzen denean esperientzia sozialista guztiek txarto bukatu dutela? Hala izan da beti egon delako norbait prest estatu-kolpe bat antolatzeko, utopia izorratzeko, bere egia ankerra betikotzeko. Ulertzen da analogia, ezta?
Badaezpada: agian, arauz kanpoko hautuak –militanteak zein hedonikoak– epaitzen ditugu, agerian uzten dituztelako gure bide ustez zentzudun natural halabeharrezkoen arrakalak.
Think about it.