Biari: Kakorratzekin egindako osagarriak

Ondarroako bi ahizpa daude Biari proiektuaren atzean, Arai eta Aiora Zabaleta. Orain dela urte batzuk, kakorratzekin lanean hasi ziren etxean, eta, iazko udan, abiarazi zuten proiektua. Ez dute helburu zehatzik, kakorratzekin aritzea oso gustuko dute eta sortutako osagarriak jendearen gustuko izan direla ikusteak ilusioz bete ditu.

Askotariko osagarriak

Poltsak, gerrikoak, diru-zorroak, belarritakoak eta beste asko egiten dituzte etxean. Askotariko koloreak eta formak dituzten osagarriak dira, ohikoari ukitu berezia emanda. Jendearen eskarien beharretara ere egokitzen dute sorkuntza lana. Azoka ezberdinetan parte hartzen dute, eta, Instagram bidez, eskuratu daitezke kakorratzekin egiten dituzten osagarriak.