Besterik ezean

Eneko Barberena

Besterik ezean, azak jan. Hala omen dio esaera zaharrak. Eta hala zioen ere Xabier Arzallus zenak, hura jatea zela euskaldunoi geratuko litzaigukeen aterabide bakarra gosea berdintzeko Lemoizko zentral nuklearra martxan jartzen ez bazen. Azen alde, ziur asko, esker txarrekoa iruditzen zaidalako gure hainbat arbasoren neguak iraunarazten lagundu zuen barazkia laidotzea; esan nahiko nuke badela kontrako esamoldea ere eta azaren azpiko orriak jatea zerbait ona den sinonimo dela.           

Fama hobea du tipulak, edo ez, behintzat etsai agerikorik, gure hizkuntzaren memoria aintzat hartuz gero. Horrela, zerua tipulaz jotzea izango litzateke zerbait oso erraza dela uste izatea eta zeruaz tipula egitea, akaso, politikari gehiagok egin beharko luketena: atzera egitea esandakoa gezurtatuz. Baina ez dago modan hori, ataria eta Getaria elkarrengandik gero eta urrunago dauden seinale, eta orain ez dakit zein den Aramaioko parke eolikoa egiten ez bada beste alternatibarik gabe jan beharko dugun barazkia. Ziur asko, intxaur-saltsa ez, hura hartzen baita zerbait onaren pareko, eta ahuakatea ezta ere.

Onenean, tripa-zorriak dantzan edukiko dituzue lerrook irakurrita; eta, txarrenean, zopa eginda utzi zaituztet. Azkena bada, sentitzen dut, ez zen hori asmoa. Nik soilik nahi nituen azak duindu eta baita horrekin batera besterik ezean gure bizitzaren parte egiten dugun kontu oro. Besterik ezean gaueko parranda luzatzeko baliatzen ditugun azken kobei une ederrak zor dizkiet. Besterik ezean, eta bazkari legea egiteko, tabernako barratik hartuta itxura zimeldun tortilla-pintxoak ahoratu ditut ez bat, ez bi eta ez hiru. Besterik ezean dentistarenean itxaroteaz asper-asper eginda esku artean harturiko kotilleo aldizkari eskukatuez ikasi dut konfesa ohi dudana baino gehiago.

Agur eta ohore besterik gabeko guztiei. Aipatutako laguntzaz gain, garenaren ispilu aurrean jartzen gaituzuelako. Nire azken putza izan baitaiteke albokoaren gutizia. Sekula santan lehenengo hautatuko ez nukeen plana, bizilagunaren ametsa.

Osakidetzaren egoera pattala eduki dut buruan lerro hauek idazterakoan: lan eskaintza ustelak, anestesista ausart zigortuak, itxarote-zerrenda amaigabeak, ordezkatzen ez diren pediatrak, etorri eta datozen sailburuak… Aseguru pribatuen abaroan den gutxiengo batentzat besterik ezean dena baita besteon eguneroko aza; zain dezagun eta, batez ere, defenda dezagun osasungintza publikoa.