‘BEST’
Itxaso Paya Ruiz
Maiatzaren 10ean ospatu genuen, Plateruena antzokian, Durangoko emakume sortzaileen lehen topaketa. Jardunaldiak hamasei emakume sortzaile elkartu zituen eta goizetik arratsaldera arteko egitarauak hitza zein ekintza uztartu zituen, tokiko sorkuntza-prozesuak, espazioaren erabilera eta ikusgarritasunaren inguruko hausnarketak plazaratzeko helburuarekin.
Goizean bi mahai-inguru eskaini ziren, non parte-hartzaileek hainbat ikuspegi eta esperientzia partekatu zituzten. Lehen mahai-ingurua, Txanpon baten truke, Erika Lagoma bertsolariak, Irati Bilbao musikariak eta Maite Lopez aktoreak osatu zuten, Karolina Suarez moderatzailearekin batera. Bigarren saioan, Txanponaren bi aldeak, kultur kudeaketako eta komunitatearen ikuspegitik lan egiten duten hiru emakume aritu ziren: Marisa Barrena (Wikilarien elkartea), Arantza Arrazola (San Agustin antzokia) eta Maider G. Etxegibel (Bagara kolektiboa).
Mahai-inguruetan hainbat gai nagusi landu ziren: identitate sortzailearen eraikuntza, emakumeen ikusgarritasuna sormen arloan, espazio publiko eta kulturalen erabilera eta eskuragarritasuna, kulturaren kudeaketa burokratikoa eta transmisio ereduen kolektibizazioa. Zentzu horretan, parte-hartzaileen zenbait zita adierazgarri bildu ziren: “Sortzeak eta egiteak egiten zaitu sortzaile”, (Maite Lopez) identitate sortzailearen eraikuntzaz; “Kostatzen zait nire burua emakume sortzaileen kolektiboan sartzea”, (Karolina Suarez) sortzaile gisa lekua bilatzearen kontraesanez; “Ahotsa historikoki emakumeen esparrua da”, (Irati Bilbao) emakumeen adierazpen esparru tradizionalen inguruan; “Espazioak badaude… baina zein da norantza?”, (Erika Lagoma) espazio publikoaren erabilera eta norabidea azpimarratuz; “Administrazioa transatlantiko bat da”, (Arantza Arrazola) kultur egituren zurruntasunaz; eta “Taldean aritzen garen heinean lortuko dugu aurrera egitea”, (Marisa Barrena) lankidetzaren indarra azpimarratuz.
Halaber, Uribarri Atxotegik kolektibotasunaren garrantzia nabarmendu zuen: “Zerbait egiteko pentsatu behar duzu daukazula zerbait esateko; behar da autoestimu kolektibo bat”. Beste hainbat zita eta hausnarketa ere partekatu ziren, baina aipatuen bidez garbi ikus daiteke elkarrizketen ardatza zein izan zen.
Bi ondorio nagusi atera ziren goizeko saioetatik: noranzko bateratu, iraunkor eta egonkor bat markatzeko beharra, eta taldean lan egiteak dakarren indarra, bai sorkuntza artistikoan eta baita kultur egituretan ere. Mahai-inguruak osorik ikusi nahi dituenak eskura ditu www.best.eus web atarian.
Bertan ere ikusgai daude Bizkaiko emakume sortzaileen topaketen aurreko hiru edizioetako mahai-inguruen bideoak. Bide batez, aurten Bizkaiko topaketen laugarren edizioa izango da urriaren 4an, Bilboko Euskalduna jauregian; ondo gorde data! Arratsaldean, ekintza artistikoei egin zitzaien tartea. Leire Vargasek gidatutako Berbak sare poesia-errezitaldian Ane Falagan, Arrate Erdoiza, Irati Gallastegi eta Maria Cid idazleek parte hartu zuten. Ondoren, Garazi Maginagoitiak bakarrizketa bat eskaini zuen, eta amaitzeko, Eukene Callado musikari gazteak jazz kontzertu bat eman zuen. Calladok, goizeko eztabaidan Irati Bilbaok jorratutako ideiari segika, ohartarazi zuen emakumeak jazz eszenan ahotsarekin bakarrik lotzen direla maiz, eta emakume instrumentisten lana ikusarazteko beharra azpimarratu zuen.
Egun osoko topaketak, beraz, tokiko sorkuntza, ikusgarritasuna, espazioaren erabilera eta transmisio ereduen gaineko eztabaida kolektiboa sustatu zuen. Ez ziren erdiguneko diskurtsoetatik abiatu, baizik eta ertzetik eta elkarrekin osatutako narratibatik. Horregatik, parte hartzaileek azken hausnarketa kolektibo batekin borobildu zuten eguna: “Gu gara BESTeak, ez gaude erdigunean, baina elkarrekin gaude”.