Bertsoetan oinarritutako arropak
Marka: Puntutan
Unai Elizasu Lertxundik harreman estua du bertsolaritzarekin. Gai-jartzaile lanetan ibiltzen da plazaz plaza eta bertso emanaldiak antolatzen ditu. Hortik abiatuta ipini zuen martxan Puntutan marka, 2011n. Zaletasunak bultzatuta sortu zuen, baina sarritan “azken puntua” jartzeko egoeran egon dela aitortu du.
Lankide baten laguntzarekin
Euskalgintzan ez zuen euskaratik sortutako diseinurik zuen arroparik topatzen. Euskararen aldeko festetako arropak ziren gehienak, edo musika taldeenak. Orduan bururatu zitzaion bertsolaritzarekin lotutako arropak sortzea. Zortzikoa izan zen sortutako lehen diseinua. Bidelagun izan zuen, eta du oraindik ere, Eneko Salaberria Dixidu. Elizasuk ideia eman eta Salaberriak eraman zuen paperera, eta handik arropetara.
Denda fisikoa
Haurrentzako eta helduentzako kamisetak, kirol-jertseak eta askotariko osagarriak diseinatzen ditu Salaberriak. Bertsoak, hitzak, esaerak… dira arropa horietako protagonistak, diseinuaz eta koloreaz harago. Donostiako Loiola auzoan dauka denda fisikoa, baina sare sozialen eta Internet bidez ere eros daitezke.