Bertakoa eta jasangarria

Marka: Itzal diseinua

Duela hiru urte zabaldu zituen Marina Torresek Itzal Diseinua denda-tailerraren ateak Hernanin. Ordutik, ehunka poltsa eta osagarri diseinatu ditu. Itzalen oinarria natura da eta hori diseinuetan eta osagarrietan irudikatzen du Torresek. Hala, eskuz egindako poltsak eta osagarriak diseinatzen ditu, bertako oihalak eta materialak erabiliz.

Eskuz tindatuta

Webgunean dituen produktuez harago, bezeroaren gustuen eta beharren araberako enkarguak egiten ditu. Poltsen kasuan, bezeroarekin batera zehazten dituzte tamaina, kolorea eta detaileak. Betiere, produktu bakarrak eta errepikaezinak sortzeko helburua oinarri hartuta. Bestalde, eskuz tindatutako eta estanpatutako oihalekin jantzi eta bilduma txikiak sortzen ditu.

Denda, Hernanin

Torresen diseinuez gain, Hernaniko eta inguruetako beste emakume sortzaileek ere badute lekua Itzalen. Hilean behin euren sorkuntza lanak erakusten dituzte Hernaniko Nafar kalean dagoen dendan.