Berandu Baino Lehen taldearen ‘Musikaren doinua baino, dirua nahiago’ diskoa

Bigarren diskoa argitaratu du Berandu Baino Lehen taldeak: Musikaren doinua baino, dirua nahiago. Dagoeneko aurkeztu dute Euskal Herriko hainbat herritan, eta aurrerantzean ere diskoaren aurkezpen-kontzertuetan murgilduta egongo dira.

Zuen bigarren lana argitaratu duzue; nolakoa da?

Gure bigarren disko hau zuzena eta gordina dela esango genuke.

Izenburua nahiko esplizitua da; zeri abesten diozue?

Bakoitzak ulertu dezala izenburua nahi duen bezala! Eguneroko buruko minei abesten diegu: batzuetan, barnetik egiten dugu hori; eta, beste batzuetan, modu zuzenagoan.

Nolakoa izan da diskoa sortzeko prozesua?

Urtebete inguru ibili gara kantuak borobiltzen. Lokalean lanean ibili ginen, lehenengo, maketa bat sortzen, eta lan hori egin eta gero estudioan sartzea erabaki genuen. Eguzkiren laguntzarekin ibili gara lanean beti.

Nola aldatu da taldea lehenengo lanetik bigarrenera?

Abestien grabaketan gauzak buruarekin egiten saiatu gara eta bigarren lan honen emaitzak ez du zerikusirik lehenengo lanaren emaitzarekin. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, berriz, berdin jarraitzen dugu.

Aurkezpen-kontzerturik jo duzue? Eta aurrerantzean zer?

Kixkor, Xuber eta Ttipia tabernetan eta Getariako gaztetxean aurkeztu dugu dagoeneko diskoa. Hurrengo hilabeteetan Arbizun, Antzuolan, Atxondon, Bergaran eta Larrabetzun egongo gara.