Beñat Gaztelumendi: “Garai likido hauek ederrak dira bertsotan aritzeko”

Añorgarra da eta harro dago. Bertsolaria dela harro esatea gehiago kostatzen zaio. Apaltasunez mintzo da bere bertsolari ibilbideaz zein bertsolaritzaz, oro har. Apaltasunez, pasioz eta ederki hausnarturiko argudioz. Gaia jarrita, bertsotan bezain ongi moldatzen da elkarrizketan.

JUAN KRUZ LAKASTA: Elkarrizketa non egin galdetu nizunean, ez zenuen zalantzarik egin: berehala, Añorgako zine zaharra proposatu zenidan. Zergatik?

BEÑAT GAZTELUMENDI: Guretzako leku berezia delako. Añorgan egin behar zela argi neukan, eta sentsazioa daukat zine zahar hau ez dela agertu izan, jende askok ez dakiela hau Añorgan dagoenik.

Denbora asko igaro duzu hemen?

Ordu asko, eta edozertarako eskatuta ere giltza eman izan zaigu. Horrelako areto batentzako eredu polita da herritarrek giltzak eskura edukitzea.

Xarma handikoa, eta porlan onekoa: porlan fabrika sortu zen garai bertsuan eraiki zuten.

Hemen auzoaren zatirik handiena fabrikaren inguruan eraikia da. Lehen, baserri batzuk baziren, baina, behin fabrika egindakoan, langileak bizitzeko etxeak, eskola, zinea, futbol zelaia heldu ziren. Dena egin zen fabrikaren inguruan, fabrikako porlanaren gorazarrez. Horregatik da auzoa hain porlantsua. Uste dut polita dela Donostia kosmopolita ustezko horretan horrelako leku bat egotea.

11 urteko alaba ikastolan bertsolaritza ikasten hasi da. Gustatu zaio. Ongi doakio. Irakasleak bertso eskolan hastea proposatu dio. Baina alabak saskibaloia eta gitarra nahiago. Nola konbentzituko dut?

Konbentzitzearenak ez dakit funtzionatuko duen. Nik esango nioke bertso eskolara joaten baldin bada helduekin hitz egiten ez duen gauzei buruz hitz egingo duela: politikaz, sexuaz, lagunarteaz, eta abarrez. Bertso udalekuetara joango dela udan, eta Euskal Herri guztiko lagunak edukiko dituela. Behin sanferminak pasata abuztuan Baionako festetara joango dela, edo Donostiakoetara. Bizitzan edukiko dituen lagunik onenak han egingo dituela.

Unai anaia eta biok oso txikitan hasi zineten bertsotan, bertso eskolan baino lehenago etxean, aitarekin…

BG Gure garaian hemen, Donostian, ez zegoen gure adineko bertsolaririk eta, gainera, jendeak barre egiten zigun bertsotan hasten ginenean, esanez kaxeroen gauzak zirela. Gure kasuan, aitaren bidez hasi ginen. Zure moduko aita bat zela esango nuke: kezkaturik zegoen, ea euskaraz bizitzeko espaziorik izango genuen hemen. Konturatzen zen zerbait gehigarria eman behar zigula, euskaraz bizitzeko hautua egin genezan. Eta bertso eskola aukeratu zuen. Bera hasi zen bertso eskolan, Usurbilen. Hortik liluratu gintuen.

8 urterekin gaixotasun bat eduki zenuen. Urtebete eman zenuen gurpil aulkian. Egun osoa ematen omen zenuen walkman batekin bertso emanaldien grabazioak entzuten. Hori da hori bertsozale porrokatua izatea.

Ez dakit zenbateraino zen bertsozalea izatea eta zenbateraino gurpil aulkian eta mugitzeko aukera handirik gabe nengoela, eta eskura aitaren zinta batzuk banituela. Ordu dezente izaten nituen libre. Bertso finalek ordu asko irauten zuten. Horiek jartzen nituen eta egunak horrela pasatzen nituen. Konturatu gabe ohartu nintzen finalak buruz ikasita neuzkala.

Eta ederki funtzionatu zuen sistemak, berehala hasi baitzinen eskolarteko txapelketak irabazten. Erdarakada bota dut: haur-prodijioa ez ote zinen izan.

Ez dakit oso prodijio izan nintzen. Nire ezaugarriak ez ziren bertsolari bati lotzeko moduko ezaugarriak, ez nintzelako txinparta handikoa, ez irudimen berezikoa. Gehiago neukan…

Walkmana.

Bai. Haurrek adin horretan denari ematen diote: ikasketak, kirola, lagunak… Nik hori besterik ez nuen izan urtebetez, eta horretan bakarrik zentratu nintzen. Normala da une hartan abantaila txiki bat edukitzea.

Bertsolaritzaren bidez ikasi omen zenuen lotsak gainditzen, harremantzen.

Halako gaixotasun batek norbera aldatu egiten du. Gaixotasunaren aurretik nahiko haur kuriosoa nintzen, galdera asko egitekoa.

Argazkietan, bihurria zenirudien.

Esaten dute bihurria baino gehiago kuriosoa nintzela, gauzak ukitu eta ikertzen zituena. Gaixoaldiaren ondoren, nire baitara bildua gelditu nintzen. Eta bertsolaritzak lagundu zidan askatzen.

Oso gaztetan, 20 urterekin, 2007an, gainera, zinena baino gazteagoa zenirudielarik, Gipuzkoako txapelketako buruz burukora iritsi zinen. Mugarria, zure bertsolari ibilbidean.

Bai. Momentuan ez nintzen oso kontziente bizitzen ari nintzen horretaz. Hasteko, inork ez zuelako espero ni final hartan egotea, eta are gutxiago Aitor Mendiluzerekin buruz burukora iristea. Eta mugarria izan da, bi aldetatik. Alde batetik, opari eder bat izan da horri esker plazan hastea, Euskal Herri guztia zeharkatzea eta eduki ditudan saio guztiak edukitzea, hori niretzako sekulako aukera izan zen. Baina gero, distantzia batetik begiratuta, konturatzen naiz ere nire gaztaroa ez dela gaztaro normala izan, eta ez dela erabat sanoa oholtza gainean hainbeste ordu ematea oraindik horrelako garapen fasean zaudenean. Bizitzan ikasi ditudan gauza gehienak oholtza gainean eta bertsotan ikasi ditut. Seguru asko, astakeria dezente kantatuko nituen bere garaian ezezagutzatik. Eta gero, konturatu naiz nire belaunaldiko jende askok gauza horiek beste modu batera ezagutu dituela, hain fokuan egon gabe. Uste dut horrek asko eman didala, baina, aldi berean, kontziente naiz nire formakuntza ez dela guztiz normala izan.

Plazak goizegi iritsi zitzaizkizun, beraz.

Bikoteei buruz kantatzen duzu bikotekiderik sekula eduki ez duzunean, edo lanari buruz oraindik lan egin ez duzunean. Gai horiei buruzko ezagutza nik kantatuz hartu nuen eta, seguru asko, ez oso modu erreal batean. Eta konturatzen naiz hor hutsune bat izan dudala.

Akaso, plazan sartzeko modu horrengatik, inoiz esan duzu asko kostatu zaizula zeure burua bertsolari izendatzea.

Ez dakit horregatik bakarrik den. Orokorrean, bertsolari hitza entzuten dugunean, pertsona mota bat etortzen zaigu, eta, seguru asko, txapelak, eta puruak, eta alkandorak, eta abar.

Duela urte batzuk bai. Egun, ez dakit, bada…

Duela hamabi urte ni iritsi nintzenean, oraindik iruditeria hori bazegoen, neurri handi batean. Nik ez nuen neure burua hor islatuta sentitzen. Eta, gainera, ez nuen sentitzen ni bertsolaritzan horien mailara iristen nintzenik. Asko kostatu zitzaidan neure buruari hori aitortzea. Eta orain ere aitortzen dut, baina aho txikiarekin.  Eta oraindik ere arraroa egiten zait neure burua bertsolari izendatzea.

“Bertsotan ez naiz hilero iristen Espainian onartu duten gutxieneko soldatara”

Bertsolaritzak bizitza anormala ekarri dizula esan ohi duzu: besteek lan dutenean zuk jai, eta zuk lan duzunean besteek jai. Zer moduz daramazu?

Horrek berak asko erakutsi dit, eta asko gustatzen zait korrontearen kontra bizitze hori. Ni, berez, nahiko pertsona zurruna, nire baitara bildua eta nahiko koadrikulatua nintzen. Oraindik ere joera batzuk baditut, baina nabarmenagoa zen orduan. Eta 20 urterekin zure bizitza erabat alderantzizko eskema batean sartzen denean ikasten duzu bizitza ez kontrolatzen, logika guztien kontra joaten. Niri bizimodu honek asko eman dit.

Prekarietatea ere ekarri dizula esan duzu inoiz.

Nik Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, eta nire klasean egondako jende asko oraindik bizi guztiko bekaduna da. Langabezian daude asko. Eta asko hiru hilabeteko kontratuetan. Bertsotan ez naiz hilero iristen orain Espainian onartu duten lanbide arteko gutxieneko soldata horretara. Batzuetan, ez gara iristen; batzuetan, pasatzen dugu; eta beste batzuetan, hortxe gelditzen gara.

Birritan izan zara Euskal Herriko finalean. Birritan irabazi duzu Gipuzkoako txapela. Hainbat plaza egiten dituzu. Zu bezalako bertsolari mainstream bat zenbait hiletan ez da gutxieneko soldatara iristen?

Badira hilabeteak ez garenak iristen, eta beste batzuetan hori baino dezente gehiago irabazten dugu. Baina ez dut asmorik prekarietate hori bizi dudala aho handiz esateko, uste dudalako jende asko bizi dela prekarietatean. Egia da euskal kulturgintzan ari garenon prekarietateaz asko hitz egiten dela…

Duela urte batzuk, hain justu, euskal kulturgintzako zenbait kidek, zenbait idazlek eta kazetarik bertsolariok kritikatu zintuzteten bertsolaritzan dirua mugitzen zela-eta indar posizio batean zeundetelakoan.

Kritikak egon dira. Ez dut uste horrenbeste denik bertsolaritzan dauden baliabide ekonomikoengatik. Uste dut gehiago dela bertsolaritzak gizartean daukan posizioa dela eta, eta okupatzen duen zentraltasun hori dela eta. Ulertzen ditut kritikak, baina ertzekoen zentraltasuna okupatzen duenak ere ertzekoa izaten jarraitzen duela iruditzen zait. Bertsolariok ekonomikoki ez gara aberastuko, baina uste dut beste aberastasun asko dauzkala gure mundu honek, eta nik horretan zentratzea nahiago dut.

Bertsolaritza hazkunde pertsonalerako tresna bikaina dela esan ohi duzu.

Horretarako ere bai. Oso kolektiboa da bertsolaritza. Askotan esaten da nahiko antzera hitz egiten dugula denok, eta antzeko erregistroetan, baina hori neurri batean izan daiteke ordu asko ematen ditugulako elkarrekin eta oso taldekoa delako. Baina niri naizena izateko bertsoak sekulako tresnak eman dizkit.

Antzera hitz egitearena egia da. Zenbaitetan, Andoni Egaña txiki askoren aurrean gaudela ematen du.

Kanpotik izan daiteke hori. Besteak beste, txapelketa ondoren egiten direlako elkarrizketa gehienak eta nahiko elkarrizketa deportiboak izaten direlako. Eta momentu batean esplikatu behar duzulako esplikatu ezin dezakezun hori. Beti aipatzen dugu barne ahotsaren bilaketa, lanketa pertsonala…

Geruza asko nituen eta kendu nahi izan ditut, gorputzetik abestu nahi izan dut… Gipuzkoako txapela irabazi ondoren, horixe azaldu zenuen.

Hala delako. Jendeak pentsatzen du oholtzara joan eta natural kantatzen dugula eta naturaltasun hori dela gure barrukoa. Eta naturaltasuna baino gauza eraikiagorik ez dago. Gure kasuan ere berdina da. Nik 86ko eta 89ko finaletako zintak buruz ikasi nituen, eta imitazioz ikasi nuen bertsotan. Eta momentu batean konturatu nintzen plazan egiten nuena zela hori imitatzea eta antzeko mekanismoak erabiltzea ustez nire ideiak plazaratzeko. Baina mekanismoak berak eramaten ninduen esan nahi ez nituen gauza batzuk esatera. Eta asko kosta zait orain hori deseraikitzea eta beste nonbaitetik kantatzea. Eta bilaketa hori ez da erraza. Gertatzen dena da gu saio batez ari garela, finalaz, eta zure ahots propio hori saio horretan agian erakutsiko duzu edo agian ez zaizu aterako. Orduan, zaila da bilketa pertsonal horren emaitza ikustea saio konkretu batean. Hobeto ikusten da ibilbide luzeago batean. Eta, alde horretatik, gustura nago neure ibilbidearekin. Baina egitea da bilaketa pertsonal bat beti dagoela bertsolari baten atzean. Eta hori ere aldarrikatu behar dela.

Jakina. Arazoaren zati bat, arestian aipatzen zenuena, kazetariok oso elkarrizketa deportiboak egiten dizkizuegula: “Azkenean, bigarren finalean, zer moduz?”. Bistan da gurpil zoro hori elikatzen dugula.

Guk ere bai, seguru asko. Txapelketak gure bertso ibilbidean daukan zentraltasun horrekin hori ere elikatzen dugu.

Birritan, final nagusian. Birritan, Gipuzkoako txapeldun. Bertsozaleen elkarteko lehendakaritza taldeko kidea. Posizio horretatik, zer sentitu duzu Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua irakurrita?

Bi sentipen nagusi. Uxuek 15 emakume bertsolari elkarrizketatzen ditu. Eta beraiek jasaten dituzten 22 menderakuntza izendatu eta bakoitzaren ezaugarriak aipatzen ditu. Gainera, aipatzen du bakoitza gainditzeko erabilitako estrategia. Batetik, zaplastakoa sentitu nuen, oholtzan gertatutakoak direlako asko gu edo ni presente egonda, bertsolari gizonezko moduan ari naiz. Eta, alde horretatik, ispiluaren aurrean jartzearen moduko zerbait dela, eta erakusten duela gaur egun bertsolaritzaren barruan dauzkagun espazioek ez dutela balio izan botere harreman horien inguruan lanketa serio bat egiteko, edo, behintzat, gure artean horiei buelta emateko…

Bertsolaritzaren azterketa soziologikoak dio 16 urtera arte bertso eskoletan neska eta mutil kopurua parekoa dela, baina hortik aurrera arrakala sortzen dela, eta plazan lautik bat besterik ez dela emakumezkoa. Eta proportzio hori ez dela aldatu azken 15 urteotan. Nola da posible?

Liburuak, hain zuzen ere, azaltzen du zer dagoen horren atzean. Alde horretatik, tresna ederra da. Liburu bat atera behar izan bada horri buruz hitz egiteko, seinale gu oraindik ez garela gauza gure artean horretaz natural hitz egiteko. Hori izan da zaplaztekoa. Baina, bestalde, batetik, harrotasun puntu bat ere badago, bertsolari bezala, bertsolaritzaren diziplinaren barruan emakumeek horrelako ariketa bat egin ahal izatea, horrela ekartzea menderakuntza estrategia horiek zerrendatzea eta, gainera, horiei buelta emateko estrategiei buruz ere hitz egin ahal izatea badela zerbait berria, eta badela zerbait aipatu eta azpimarratu beharrekoa.

Konparaziora, euskal kazetaritzan egin ez dena eta egin beharko litzatekeena. Aipatu izan duzu gizonezko bertsolari menderatzailea jada ez dela puru erretzailea, alkandora koadroduna daramana, baizik eta zu bezalako formakuntza unibertsitarioduna, piercing-duna…

Hor, askotan, nahastu egiten gara. Egun, zapalkuntza gehienak ez dira gertatzen gizonezko sozietate horietan –horietan ere bai, noski–. Uste dut gehienak ikusezinagoak direla, eta sibilinoagoak. Diskurtso feminista nahiko ondo ikasia dugu, liburu asko irakurri ditugu denok. Eta nahiko ondo dakigu nola erabili diskurtso bat ustez gure burua deseraikitzeko, baina, aldi berean, geure botere posizioari eusteko. Hori denok egiten dugun zerbait da.

Bertsolaritzan botere posizio horrek zerikusia dauka plaza gehiago edo gutxiago egitearekin.

Bertso mundua ez da bizirauteko leku erraz bat. Kazetaritza ere ez, noski. Eta denei kostatu zaigu dezente iritsi garen lekura iristea. Batzuetan, erresistentziak sortzen ditu horrek berak ere. Norbait seinalatua sentitzen denean, hark esaten du: “Niri kosta zait hona iristea”. Noski kosta zaizula, baina batzuei gehiago kosta zaie.

Aurrekoan, Jakin aldizkariko artikulu mamitsuan, bertsolaritzaren beste lokarri bat aipatzen zenuen. Euskaldunon erdiek baino gehiagok ez dugu euskara etxean jaso, gurasoengandik. Bertsolaritza asmatzen ari al da hori integratzen?

Alde batetik, uste dut baietz. Beti lotzen dira bertsoa eta sagardotegia, eta badirudi hori dela gure espazio naturala. Baina egun, urtero, saio gehiago egiten dira Algortako bertso eskolak antolatuta, sagardotegietan baino. Hori bada datu esanguratsu bat, errealitate bat erakusten duena. Besterik da ea errealitate horri zenbateraino egiten diogun lekua gure eskema mentaletan eta zenbateraino oraindik ere lotzen dugun sinbolikoki bertsolaritza duela 30 urte zen horrekin. Eta hor bai egon daiteke distortsio txikiren bat. Pentsa genezake, adibidez, bertsolariak oraindik eskualde honetakoak direla gehienak eta onenak, eta ez da egia. Orain, bertsolari asko daude leku askotan, eta uste dut eremu geografikoak ez lukeela horrenbeste markatu beharko bakoitzari egiten zaion aitortza. Adibidez, Jakin-eko artikulua Saioa Alkaizaren beste artikulu batetik abiatzen da. Berak esaten zuen askotan euskara batuan aritzen diren bertsolariei leporatzen zaiela ez daukatela hemengo gipuzkeraz ari garen bertsolariok daukagun grazia bera, justu euskalki kontuarengatik. Ez da hainbeste euskalkian edo batuan aritu, gehiago da euskalkiak salatzen duela bakoitzaren jatorri geografikoa zein den, eta oraindik badaudela buru batzuk pentsatzen dutenak bertsotan egiteko edo autentikoa izateko hemengoa izan behar dela. Horri bai buelta eman behar diogula.

Azterketa soziologikoak, halaber, dio bertso saioak inoiz baino gune gehiagotara iristen direla, oso mota ezberdinetako guneetara, hain zuzen ere.

Jada ikusi dugu bertsolaria ez dela jaiotzen, bertsotan ikas daitekeela. Orain, badagokigu bertsolariaren definizioa bera berrikustea, eta pentsatzea gaur egun, bertsolariak Euskal Herriko eremu geografiko ia denetatik gatozen honetan, bertsolariaren irudi hori berritu behar dugula. Duela 20-30 urte bertsolaritzaren boom famatua gertatu zenean, gehiago egiten ziren saio jendetsuak, herri guztia biltzen zen jaialdiak. Egun, gehiago dira gune konkretu bateko publiko konkretu bati eskainitako saio konkretu bat; agian, txikiagoak, baina espazio gehiagotara iristeko aukera ematen dutenak. Hazkuntza eredu bezala, askoz egokiagoa da oraingo hau. Agian, falta da saio guztiek aitortza maila bera edukitzea.

Diskurtsoak ere askotarikoak dira?

Nik uste dut baietz, bai. Diskurtsoa oso zabala da. Ez dakit zeri buruz galdetu nahi duzun.

Politikoki askotarikoa ote den. Bertso txapelketetan urtetan epaimahaikide arituriko lagun batek zioen potoa egin eta gero txalo zaparrada lor zitekeela bertsoa “eta presoak kalera” batekin amaituta. Hori aldatu al da?

Garai hartan hainbeste markatzen zuen ardatz hori gaur egun lausotuago dago. Ez dakit dagoen hainbeste jende elkartzen duen aldarrikapenik bertsolaritzaren barruan. Eta gizartearen barruan, orokorrean.

Esan izan duzu indarkeriaren gaia, akaso, azkarregi desagertu dela bertso saioetatik. Oraindik gauza asko dauzkazuela esateko. Zergatik?

Kuriosoa iruditzen zait batez ere txapelketetako momentu konkretu batzuetan pisu handia hartzen zuen zerbait zela. Espazio askotan zentsuraren garaiak ziren. Bertsoetan esaten ziren gauza batzuk adibidez telebista publikoan esaten ez zirenak. Eta funtzio hori bazegoen. Eta, seguru asko, Gatazka horrek –hizki larriz– ezkutatzen zituen gizartean zeuden beste gatazka batzuk. Eta orain, aldiz, uste dut orduan ezkutatzen ziren gatazka horiez dezente hitz egiten dela, eta feminismoaren ekarpenak ere hor ikusten direla. Eta, aldi berean, iruditzen zait horrek berak tresna batzuk eman dizkigula lehengo Gatazka horri beste leku batetik heltzeko, baina ez dugula kantatzen horri buruz eta presoek jarraitzen dute kartzeletan, eta ikusi dugu errelatoaren borroka famatu horrek non jarraitzen duen. Sentsazioa daukat gai horrek nekea sortzen duela, min asko daudela, eta badagoela horrelako joera bat: pasa gaitezen hurrengo fasera, gehiegi ez dezagun aipatu, eta barre egin dezagun. Uste dut horretaz ere hitz egitea tokatzen zaigula, aipatzen ez diren gaiak mindu egiten direlako azkenean, gaiztotu egiten direlako zauri horiek. Uste dut bertsolaritzaren funtzioa badela gai guztiak lantzea eta gai honi buruz hitz egiten ere jarraitu beharko genukeela.

Non kokatzen duzu zeure burua politikoki?

Poliziak gero eta gutxiago gelditzen nau kontroletan. Ez dakit horrek non kokatzen nauen. Zaila da egungo garaietan esatea non kokatzen zaren. Lehen, ezkerra eta eskuina eta independentista eta ez independentista ardatzen artean bakarrik funtzionatzen genuen. Orain, ardatz gehiago dauzkagu. Eta bi ardatz horietan ezin garela kokatu bakarrik.

Galeanoren esaldi sona handiko bat datorkit burura: erantzun guztiak genekizkielarik, galdera guztiak aldatu zizkiguten. Ez da erraza izanen garai likidootan bertsolari jardutea.

Niretzako, garai ederrak dira kantatzeko. Sentsazio hori edukitzea publikoaren aurrera kantatzera ateratzen zarenean, ez dakizula zenbateraino lortuko duzun zure diskurtsoarekin jendeak bat egitea. Bertsolari bezala interesantea da ariketa hori egitea. Gizarteari buruz asko ikasten da oholtza gainean egonda.