Beleak taldea

Beleak taldeak lehenengo lan laburra argitaratu berri du; pop-rock estiloko lau abestiz osatutako lana da eta entzuleei erakusteko irrikan dago hirukotea.

Nortzuek osatzen duzue taldea?

Beleak taldea hiru pertsonak osatzen dugu: Mikel abeslaria eta gitarra-jotzailea da, Imanol bateria-jotzailea da eta koruak egiten ditu eta Aitor baxu-jotzailea da.

Zein estilotakoa da sortu duzuen EPa?

Bada, estiloa zabala da. Power-popetik abiatu, punk-rocketik igaro eta pop-rockera hurbiltzen gara EP honetan. Gustuko dugun musika islatzea izan da helburu nagusia lehenengo lan honetan. Rockak aukera asko ematen ditu, eta azpigenero horiek lantzen saiatu gara.

Nolakoa izan da sortzeko prozesua?

Egia esan, oso organikoa izan da EParen sortze-prozesua. Mikelek zeuzkan ideia batzuei forma emateko bildu ginen, eta, nahi gabe, talde bat sortzeko materiala lortu genuen. Etxeko lasaitasunean sortu ditugu abesti guztiak, eta baita bertan grabatu ere. Erosotasuna bilatu dugu momentu oro.

Erreferenterik izan duzue diskoa sortzerakoan?

Erreferente handienak dira Berri Txarrak, Cala vento, Kuraia edo Zea Mays, eta nabarmena da haien eragina gure soinuan. Sortzeko orduan talde horiek entzuten genituen egunero, eta, nahi gabe, erreferente gisa eduki ditugu prozesu osoan. Kaliforniako punk-rockak eta grunge estiloak ere influentzia handia daukate taldearen soinuan; batez ere, grabatu gabe dauden abestietan.