Bëlarritxü: Belarritako solidarioak

Buztin polimerikoz egindako belarritako solidarioen atzean Miren Urcelay sortzaile bergararra dago. Urtebete dela taldean sortu zen proiektua da Bëlarritxü. Zaletasun moduan hasi zen belarritakoak egiten, eta lagunei eta ingurukoei oparitzen zizkien hasieran, baina belarritako asko egin eta pilatzen zituela ikusita, kuadrillakoek beste urrats bat egitera animatu zuten Urcelay. 

ELKARTEEI DOHAINTZAN

Aisialdi-momentua errespetatu nahi izan du beti, eta presiorik gabe lan egin. Hori dela eta, hainbat elkarteri azoketan saltzeko belarritakoak dohaintzan ematea erabaki zuen, eta baita saldutakoaren irabazien %100 ematea ere. 

ASKOTARIKO DISEINU ETA KOLOREAK

Egunerokoan erabiltzeko informalagoak eta egun berezietarako dotoreagoak, denen gustura belarriak janzteko aukera dago Bëlarritxün. Kolore biziak eta neutroak erabiltzen ditu eta nagusiki forma geometrikoak oinarri dituzten belarritakoak egiten ditu, eskuz. Nahi duen orok eskuratu ditzake, Instagram kontuan mezu bat idatzita.