Behar ditugun segalariak
1957ko irailaren 27an, Ernaniko Iturriozko zelaietan, desafio handia jokatu zuten gure historiak izan dituen segalaririk onenetako bik: Migel Irasusta Polipaso-k eta Jose Txapartegi Izurzu-k. Bi ordu luzez aritu ziren nor baino nor gehiago belarra mozten. Izurzuk 8.955 kilo moztu zituen eta Polipasok, 8.098. Bakoitzak seina sega eta hiruna zorrotzaile erabili ohi zituen.
Desafio horri bertso batzuk eskaini zizkion Orixek, Belarrekoan izenburupean. Hain zuzen ere, halaxe hasten diren hauek:
“Bere pausoan aitona ari da
arturik zelaigunea;
aldapaenean alkarren leian
ari da biko gaztea (…)”.
Ia hirurogeita hamar urte geroago, gure gizarteak halako segalariak beharko lituzke, baina bestelako belarra mozteko: munduaren eta gure Euskal Herriaren lurzoruaz jabetu diren belar txarrak.
Bada, belar txar horiek eraginda, gaixorik dugu gure lurzorua. Horregatik, ezinbestekoa da belar txarra moztea, gerogarrenean lurzorua ongarritu eta behar dugun lurzoru etikoa erein eta hazarazteko.
Frantzisko aita santuaren hitzen ildotik, horrela lortu daiteke soil-soilik lurzoru hori denontzako lorategi eder bihurtzea, denok egoki eta datxekigun duintasunarekin bizi ahal izateko.
Hortaz, etor bitez behar ditugun segalariak, nahi beste sega eta zorrotzailerekin batera, mozteko zain dituzte-eta askotariko belar txarrak: teknokraziarenak, neoliberalismoarenak, neomarxismoarenak, neofaxismoarenak, neototalitarismoarenak, erlatibismoarenak, materialismoarenak, egoismoarenak, kontsumismoarenak, berehalakotasunarenak, nihilismoarenak…