Begoña Ojinaga: “Amestu ere egiten ez nuen arropa-markekin ari naiz lanean”

Modaren munduan bost urte baino gutxiago eraman arren, dagoeneko arropa-marka ezagunetako denda askotako pantaila eta karteletan ikusi ahal izan dugu Begoña Ojinaga (Bilbo, 1996).

Zenbat urte daramatzazu modelo lanetan eta nola hasi zinen?

2019aren bukaeran hasi nintzen. Bost urte inguru. Baina pandemiako urtea kentzen badiogu… Ezin izan nuen bidaiatu, eta horrek asko eragin zidan lanean. Casting baten bidez hasi nintzen modaren munduan. Talentu berriak bilatzen ari ziren hainbat hiritan, eta aukeratuetako bat izan nintzen.

Zer da zuretzat curvy modeloa izatea? Modelo bakarrik deitu beharrean curvy modeloa deitzea egokia da?

Errealitate bati ikusgarritasuna ematea da. Badirudi fikzioa dela, baina ez, errealitatea da: gorputz guztiak ez dira berdinak, eta guztiok sortu eta kontsumitzen dugun industria honetan era guztietako gorputzak azaldu daitezke. Adibidez, haren gorputza besteenarekin alderatuta haur bat estralurtarra balitz bezala ez sentitzea ahalbideratzea. Gustuko duen arropa-marka bat jantzita, aldizkari bateko azal batean edo telebistan, haren antzeko gorputza duen pertsona bat ikusteak ahalbideratzen du hori. Ez nau mintzen curvy hitzak. Baina denari etiketak jartzeak bai mintzen nauela. 34 neurriko neska batek modeloa dela esan dezake, inork ez dio begietara begiratzen esanez: “OK; zu, modeloa?”. Nik esaten badut modeloa naizela, beti egoten da isilune txiki bat, eta esan behar izaten dut: “Bai, curvy modeloa”.

Curvy Fashion Model lehiaketako finalista izan zinen; zure ibilbidean garrantzitsua izan zen, ezta?

Emozio mailan, norbait berezko edertasunaren –zentzu zabalean– bila zebilela sentitu nuen. Modak dituen kolore gris guztiak zabaltzen zirela sentitu nuen. Ahotsa altxa nezakeela sentitu nuen. Eta profesionalki oso eskertuta nago, nazioarteko akordioak sinatu ahal izan ditudalako. Nire ametsa bizitzen ari naiz, eta amestu ere egiten ez nuen arropa-markekin lanean ari naiz. Luxua da.

“Nire gorputza nire lagunik onenen artean dago gaur egun!”; lehen ez zenuen horrela sentitzen?

Gizarteak ezartzen dituen kanon guztietatik irteten den zerbait maitatzea ez da erraza. Arropa erostera joatea eta 42 neurriarekin ezer ez aurkitzea gogorra da. Hori modaren munduak ezin du onartu. Nerabea nintzenean, Rebelde eta Física o Química telesailen eraginagatik praka estu eta gerritik beherakoak erabiltzen ziren… Patroi hartan denok ez ginela sartzen ahaztu zitzaien dendei… Gaur egun, arropa-patronajearen gaineko kontzientzia zabalagoa dagoela esan daiteke. Kontuan hartzen dituzte gorputz ezberdinak.

Body positive filosofiaren jarraitzailea zarela diozu; zer aldarrikatzen du filosofia horrek?

Gorputz bakoitza ezberdina dela eta gorputza aldatzen doan zerbait dela aldarrikatzen du filosofia horrek. Emakumeen kasuan, hormonak direla-eta hilean hirutan alda daiteke gorputza. Eta horrela maitatzen ikasi behar dugu. Ezin dugu bizitza osoa “oxala ile hori edukiko banu” edo “oxala berak bezain bular handia edukiko banu” esaten igaro. Osasunaren mugen barruan, gorputz bakoitza mundu ezberdin bat dela onartu behar dugu, eta denok gara ederrak.

Moda kanpaina garrantzitsuetan parte hartu duzu; zeinekin geldituko zinateke?

Nire ibilbideko top 2-a Kiabi eta Oysho etxeekin lan egin izana izan da. Kiabi izan zen nire aldeko apustua egin zuen lehen etxea, eta hiru egun eman nituen Marrakexen haientzat lanean. Ez nekien ezta nola hasi, baina ametsa betetzera joan nintzen Marokora. Eta bestalde, ez dut inoiz ahaztuko Oyshorekin izan nuen lehen lana. Kirola egiteko nire konfiantzazko arropa marka izan da betidanik. Zituzten produktu guztiak ondo ezagutzen nituen, eta nazioartean duten oihartzunak ate asko ireki zizkidan. Dendara sartu eta nire aurpegia pantailan ikusita, malkoren bat erori zitzaidan…

Sare sozialek horrenbesteko garrantzia dute zuen lanbidean?

Gero eta handiagoa. Casting bat egin aurretik marka guztiek zure sare sozialak goitik behera ikuskatzen dituzte. Irismena kalkulatzeko egiten dute. Hau da, modeloaren bitartez marka zenbat erabiltzailerengana iritsiko den kalkulatzen dute.

Zein gomendio emango zenioke 14-15 urteko Begoñari?

Trenak, ez bazara unean igotzen, alde egiten duela, eta inoiz ez dakigula zeinek irekiko dituen ametsen munduko ateak.

Zein da zure ametsetako bidaia?

Bidaiatzea, urrun edo gertu, asko maite dut; baina aitortu behar dut Hawaii eta Filipinak jomugan ditudala. Irlako kultura duten toki berdeak maite ditut. Egunen batean ohetik altxatu, motxila bat prestatu eta senarrarekin batera urrun alde egitearekin amesten dut. Denbora luzez irla haietan bizitzen egotea eta hango kultura ondo ezagutzea…